Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Miaketa gehiago egin dituzte Bilbon, eta atxilotuak Madrilen dauzkate

Zortzi atxilotuak Madrilen dauzkate, eta bihar 15:00 baino lehen hartu beharko die deklarazioa Eloy Velasco epaileakBilboko egoitzako bulego denak miatu ditu Guardia Zibilak, Iñaki Goioagarena izan ezik

Arantza Zulueta, atzo, Bilboko egoitzako miaketa amaitu eta Madrilera eramateko autora bidean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) kontrako polizia operazioa abokatuen peskizan ibiltzeko baliatu du Guardia Zibilak. Ez ditu atxilotutako abokatuen bulegoak bakarrik miatu. Bilboko Elkano kaleko etxebizitza batean hainbat abokatuk daukate bulegoa, eta haien artean Arantza Zuluetak ere bai. Bada, haren bulegoa ez ezik, gainerako guztiak ere miatu zituen atzo Guardia Zibilak, bat izan ezik: Iñaki Goioagarena.

Arantza Zulueta atxilotua eta Alfontso Zenon abokatua bertan zirela, Elkano kalean miaketak egin zituzten atzo goizean. Goioagaren bulegoa miatzen ari zirela zabaldu zuten hainbat iturrik, baina ez zen hala izan. Goioagarena ez beste bulego guztiak aritu ziren arakatzen. Izan ere, Espainiako Senatuko hautetsia da Goioaga, eta, beraz, foruduna da. Ez dago inputatuta auzian. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zehatza eman zien guardia zibilei: Goioagaren bulegoa ere arakatu egin behar zuten, baina, derrigor, senatariaren beraren presentziarekin. Hura han ez zegoela bulegoan sartzea debekatu zien.

Guardia Zibila saiatu zen senatari eta abokatua lokalizatzen, baina ez zuten lortu, eta, beraz, haren bulegoa miatu gabe alde egin zuten Elkano kaleko egoitzatik. Goioagaren bulegoko atea itxita utzi dute. Zigilatuta.

Gainerako bulego guztiak miatzeko arrazoia berri agentziak zabaldu dute. Atxiloketen berri aldez aurretik eman zutenez, eta eraman zituzten zortzi lagunek beren bila joango zirela jakiteko aukera izan zutenez, delituzkoak izan zitezkeen dokumentuak agian eraikineko gainerako bulegoetan ezkutatuko zituztela argudiatuta eman zuen epaileak haiek arakatzeko agindua. Eta halaxe egin zuen Guardia Zibilak. Izan ere, Bilboko egoitzan atxilotu zituzten atxilotutako zortzitik zazpi: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aintzane Orkolaga, Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de la Calle eta Mikel Almandoz. Asier Aranguren Iruñean atxilotu zuten. ETAren eta EPPK-ko presoen arteko lotura izatea egozten die epaileak.

14:30 inguruan joan ziren guardia zibilak Elkano kaleko egoitzatik, oihu artean, Arantza Zulueta beraiekin eramanez. Madrilerako bidea hartu zuten. Han zituzten gainerako atxilotuak ere. Miaketak goizaldean bukatuta, Tres Cantos polizia etxera eraman zituzten. Komunikatuta dauzkate, eta Guardia Zibilak jakinarazi die familiei non dauzkaten.

Ez dute jakinarazi noiz hartuko dien deklarazioa epaileak, baina atxiloketa komunikatua denez, 72 ordu pasatu baino lehen hartu behar die deklarazioa epaileak berak. Hortaz, gaur edo bihar goizean izan behar du. Beranduenera ere bihar 15:00ak baino lehen, ordu horretan atxilotu baitzituzten asteazkenean.

«Giza hutsegitea»

Fiskaltzak asteazkenean esan zuen ikerketa eskatuko zuela Espainiako Barne Ministerioak atxiloketen berri gertatu aurretik eman zuelako. Izan ere, prentsa ohar bat igorri zuten Guardia Zibila oraindik bidean jarri ez zenean. Espainiako Barne Ministerioa azalpenak ematera behartuta sentitu zen atzo, eta esan zuen «giza hutsegitea» izan zela. Fiskaltzak txostena eskatu ostean eman ditu azalpen horiek ministerioak, berri agentzien arabera. Informazio diligentziak hasi ditu fiskaltzak, zer gertatu zen aztertzeko.

SUP poliziaren sindikatuak gogor salatu zuen gertatutakoa, haren esanetan, zortzi ez, 20 lagun atxilotzeko asmoa baitzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.