Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Albistegien inapetentzia

2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Paper inprimatuari ez zion eutsi atzo nire baikortasunak. Egunak argitu zuenerako, Donostiako Bulebarrean zeuden jada Estefania Beltran de Herediaren gizon-emakumeak, Segikoak izateagatik zigortu nahi dituzten —eta dagoeneko nahiko zigortuak izan diren— gazteak atxilo hartzera. «Ez dut ongi ikusten ideologiagatik norbait kartzelan sartzea» izango da bihar Beltran de Herediak berripaper honi eman dion elkarrizketako tituluetako bat. Eta, ez baduzu ongi ikusten, zergatik egiten duzu, bada? Ondorioa: Eusko Jaurlaritzak galdu du aukera ezin hobea, Ertzaintza etxean utzi, eta garai berriei egiteko ekarpen garrantzitsu bat.

Baina, era berean, ETBk ere ekarpen garrantzitsu bat egiteko aukera ezin hobea galdu du, garai berriei egokitutako euskal telebista publiko baten aldeko apustua egiteko, herritarren interesen zerbitzura egongo den telebista baten aldeko apustua. Azken egunotako albistegiak izaten ari baitira antologikoak, ondo grabatu eta etorkizunean eskola-unibertsitateetan kazetaritza zer ez den erakusteko modukoak. Eskandaluzkoa baita Donostiakoa bezalako gertakari bati ETBko albistegiek egin dioten jarraipena. Hobe esan, jarraipen eza. Ez da normala 400 lagun, 500, 600, berdin zait, ehunka lagun —eta ez dozenaka, ETBko jaun-andreok—, Donostian kanpaturik egotea, egun eta gau, desobedientzia zibil eta baketsuzko ariketa batean, eta ostegun eguerdiko albistegietan ez ezer aipatzea, arratsekoetan 20 segundutan ematea. Justin Bieberren kontzerturako sarrerak lortzeko kanpatutakoei denbora gehiago eskeiniko zeniekete eta! Edo benetan da garrantzitsuagoa presio lapikoak nola funtzionatzen duten erakustea? Eibarko tren estaziora berriemale bat bidali zenuten, ez dakit zer txartelekin ez dakit nondik ez dakit nora joan ahalko garela esateko. Ze broma klase da hau? Eta, ez, ez da broma. Hemen argi eta garbi hitz egin behar da aginduez, agindu politikoez. Ez da ulertzen, bestela, neroni, herritar gisa —eta ez ezker abertzaleko militante edo jarratzaile gisa, ez bainaiz horietarik bat ere—, Donostian gertatzen zenaren gose izan naizen bitartean, ETBko albistegiek erakutsi duten inapetentzia, sarri nahas dezakeguna inkonpetentziarekin. Baina ez dira gauza bera. Izan gaitezen, beraz, serio, eta esan diezaiogun zera bakoitzari bere izenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.