Herrira-ren kontrako polizia operazioa

«Eskubideen errespetua soilik eskatu da»

Herritarrak ditu oinarri Herrira mugimenduak. Antolatutako ekintzetan parte hartu duten milaka euskal herritarrak. Ekinaldi horietan parte hartu dutenei galdetuta, Espainiaren estrategia ikusi dute atxiloketen atzean. Madrilek atzera eginarazi nahi duela ohartarazi dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Herritar gisa joan izan dira Herrira-k presoen eskubideen alde antolaturiko ekitaldietara. «Presoen eskubideen aldeko mugimendu soziala da Herrira. Ez dut ikusi haren ekitaldietan biolentziaren edo presoen goraipamenik. Eskubideak errespetatzeko eskatu da». Gaixorik diren presoak aske uzteko, sakabanaketa alboratzeko, eta horrelako eskariak egin dituzte. «Eta badirudi izugarrizko salaketak dituztela orain». Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrarena da lekukotasuna. Parte hartu izan du Herrira-k bultzaturiko protestetan. Behin eta berriz esan du eskubideen aldeko ekintzak izan direla. «Oso larritzat» jo du Poliziaren sarekada.

Herritarrak izan ditu oinarrian mugimenduak, eta aurrerantzean ere bada horren beharra. Atzokoaren gisako sarekadek agerian jartzen dute hori, Txaro Arteaga kazetari eta Emakundeko zuzendari ohiaren iritzirako. «Masa kritiko bat sortu behar da hau geratzeko. Betikoan gabiltza bestela». Zer esan ez dakiela utzi du Herrira-ren aurkako operazioak Arteaga, baina ez harritu egin duelako. «Haien estrategia hori da, eta ez dute aldatuko helburua eta jokaera. Estatua eta indarra dauzkate».

Madrilen estrategia azaleratu dutela atxiloketek uste du Mario Zubiaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ere. «Blokeoa ez ezik, nahi dute orain arte egindako ibilbidea zapuztea, eta pausoak atzerantz ematea».

Presioa egin nahia ere ikusi du Zubiagak polizia operazioaren oinarrian. «Pausoak eman dituztenei eta eman behar dituztenei presioa egin nahi diete. Pausoak euren diskurtsoaren barruan kokatu nahi dituzte, garaipenaren diskurtsoaren barruan». Finean, haren iritzirako, Espainiako Gobernua ez dago eroso, «eta atzean utzi den egoerara bueltatzea nahi du».

Gogoeta eske

Arteagak ere oraingo egoera aldatu nahia ikusi du Guardia Zibilak egindako operazioaren atzean. «Eurenean ari dira, jendea banatu nahian». Eta zer egin horren aurrean? «Ez dakit gu ere zertan ari ote garen. Betiko estrategiek ez dute ematen». Adostasunak lortzearen alde egin du Arteagak.

Gogoeta egiteko eskatu du Zubiagak ere. Atzerapausoak ematea norentzat ote den komenigarria, nori egingo ote liokeen mesede aurreko egoerara itzultzeak. «Euren [Espainiako Gobernuaren] interesei dagokie hori. Espero dezagun hausnarketa egingo duela ezker abertzaleak, eta probokazio horretan ez dela eroriko».

ETAko kide izatea, hura goratzea eta finantzatzea egotzi diete Herrira-ko arduradunei. Salaketa zentzugabeak dira, Agirrebaltzategiren ustez. «Presoen eskubideak urratzen dituztela salatzea izan da egindakoa. Eskubideak errespetatzea ez da biktimak iraintzea». Bide «lausoa» zabaldu dute, haren iritziz. «Semea preso duen ama batek hari laztan egitea biktimak iraintzea ote da?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.