«Espainiak ezingo du bazterrera utzi 'Parot doktrinari' buruzko epaia»

Espainiako fiskalburuak esan du Estrasburgok emango duen epaiak «balio interpretatiboa» izango duela

Erredakzioa
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusiaren arabera, Espainiak ezin izango du alde batera utzi Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinari buruz emango duen epaia. Auzitegi horren ebazpenak Espainiako ordenamendu juridikoaren «balio interpretatiboa izango du, halabeharrez», haren esanetan.AVTren aldizkarian elkarrizketatu dute Espainiako fiskalburua.

Torres-Dulcek nabarmendu du Parot doktrina ontzat jo zutela Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak, eta doktrinak «sendotasun teknikoa» duela. Hala ere, aitortu du «legitimoki eztabaidagarria» izan daitekeela, zuzenbidean ez dagoelako «egia absoluturik». Iazko uztailean kaleratu zuen Estrasburgoko Auzitegiak doktrina horren kontrako epaia, Ines del Rio presoaren kasua oinarri hartuta, eta hura askatzeko agindu zuen. Espainiak, ordea, ez zuen bete ebazpena, eta helegitea jarri zuen Estrasburgon. Gaur egun, laurogei pertsona baino gehiago ditu preso Espainiak doktrina hori aplikatuta.

ETAren amaieraz eta gatazkaren inguruan idatzi beharreko kontakizunaz mintzatu da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz. Haren esanetan, behin segurtasun indarrek eta zuzenbide estatuak ETA garaituta, irabazteko dagoen gerra «azken kontakizuna» da, «distantziakidetasunik gabea» eta «egia historikoan oinarritua». Diazen arabera, orain «ETAri kontakizunaren borroka irabazi» behar zaio.

Adierazpen horiek Terrorismoaren azken kontakizunaren aurrean, Memoria eta Justizia izeneko jardunaldien hasierako hitzaldian egin ditu Fernandez Diaz ministroak, Madrilen. Eusko Jaurlaritzak landu duen Bake eta Bizikidetza Plana ahotan hartuta, gogor kritikatzeko. Zalantzan jarri du plan horren egokitasuna,bereziki, Urkulluren gobernuak Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua sortzeko azaldutako asmoa. Fernandez Diazek argi utzi du biktimen inguruko institutua «zentro nazionala eta Espainiako Gobernuak zuzendua» izango dela, eta azken 50 urtetako terrorismoa aintzat hartuko duela, ez azken 80 urtetan gertatutakoa. «Horrelakorik ez dugu onartuko».

Barne ministroak «seriotasuna» eskatu dio Jaurlaritzari biktimen auzia jorratzerakoan, eta ohartarazi dio ez duela onartuko biktimen eta borreroen artean «parekotasunik» egitea. ETAk indarkerian duen erantzukizuna nabarmendu du Barne ministroak, eta hori ezin izango duela «desagerrarazi» esan dio Jaurlaritzari.

Negoziaziorik ez

Horrez gain, Espainiako Gobernuak ez duela erakunde armatuarekin ezer negoziatuko berretsi du, irmo: «ETAk ez du ezertarako eta inoren aurrean negoziatzaile izateko zilegitasunik. Desagertzea beste aukerarik ez du. ETAk Job santuak baino pazientzia handiagoa beharko du Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko esperoan badago».

Era berean, azpimarratu du ez dela inolako zigorgabetasunik izango eta Espainiako Gobernuak ez diela inolako presioei erantzungo, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzen egindako ekitaldiariaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.