Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Telefilmak nonahi

Filmeko irudi bat. BERRIA.
Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Oktober November

Zuzendaria: Goetz Spielmann. Aktoreak: Nora von Waldstatten, Ursula Strauss, Peter Simonischek, Sebastian Koch, Johannes Zeiler. Herrialdea: Austria. Iraupena: 114 min.

Gotz Spielmann zuzendari austriarrak Alpeetako herri txiki batean hazi ziren bi ahizparen istorio familiarra kontatu nahi digu. Sonja, ahizpa gaztea, Berlinen bizi da, erdipurdiko pelikuletan lan egiten. Haren ahizpa Verenak ez du sekula bere gurasoen herritik alde egin, eta aitaren hotel dekadentean laguntzen jarraitzen du. Aitaren osasun zailtasunak ohartarazita, Sonja haurtzaroko lekuak bisitatzera bueltatuko da.

Metazinemaren gailurrean, Sonjak protagonista den pelikularen filmaketan «pertsonaia lauez beteriko telefilm hutsa da gurea» esaldia entzuten da. Spielmannek kritikariei aurrea hartu die. Zuzendariaren asmo deklarazio bortitza dugu hau. Hori baita Oktober November, interes gutxiko telefilm motela. Bi ahizpen arteko antzinako gatazka txikiek ez dute inolako pasiorik, eta bi orduz gatzgabeko pertsonaiek iragana etengabe hitzez adierazten dihardute. Irudiak ez dira gogorarazleak, hitzek ez dute lirikotasunik, eta film astun honetan agertzen den sinbolo nabarmen bakarra —arraina itotzen— aitaren agonia amaigabea berriz azpimarratzeko besterik ez du balio. Agian Zinemaldiko Sail Ofizialetik kanpo begi errukitsuekin ikusiko genituzkeen film horietako bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.