andoni egana
Plazatik

Castells

2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Akaso Iruin hautatu behar nuen izenbururako, Iñigo izan baita, Sorturen legalizazioaren ondotik, azken pare bat egunean hedabideen aurrean azaldu dena.

Baina etorkizunera begira, Catalunyara egin berri dugun pare bat eguneko osteratxo batek eman dit zer pentsatua. Vilafranca del Penedès herrian izan ginen Bertsolari filma aurkezten hiru lagun eta bertan adiskide gehiago ezagutzeko parada izan genuen. Filmaren emanaldi baten bukaerako solasaldian —gogorra da gazteleraz egiteko ohiturarik ez dugun euskaldun eta kataluniarrak gazteleraz elkarri aritu beharra baina— «es la mejor película de castellers que haya visto en mi vida» aitortu zion Asier Altuna zuzendariari herriko castellersen arduradunak. Nonbait parekotasunak aurkitu zituen bertsolariaren funanbulista lanari dagokionez, erori-mina ere antzekoa da, biek nahasten dituzte usadioa eta berrikuntza, biak dituzte sakon erroak denboran… Emakumerik ez zen jendaurrean behintzat aritzen hogeigarren mendearen ia bukaerara arte baina orain partaide ezinbesteko dira castellers kuadrilletan, gorputz-pixu arina eta zalutasun handiagoa baitute zailtasunei aurre egiteko gaitasun handiagoaz gain eta heldu dira, gutxitan baina, taldeak zuzentzera ere. Bere azalpenak entzun ahala gu ere jarduera bixki baten deskubrimendua egiten ari ginen. Eta gonbidatu egin gintuzten bere lokala ezagutzera eta entsaioa ikustera.

Harritu egin ninduen daukaten antolakuntza mailak. Sekulako lokala, bulego, taberna, jatetxe eta guzti. Eta entsaiorako zabalgune ederra patio batean eta propio prestaturiko kiroldegia barruan. Eta jendetza. Jendetza handia ostiral iluntzeko entsaio buruzuri baterako. Adi egon nintzaien begira, aisa sumatzen baitzen hasieratik giza-emakume dorre haien eraikuntzatik bagenuela zer ikasirik. Sekulako pertsona pilak osatzen duela taldea jabetzen zara lehenik. Eta dorre bat osatu eta desegin eta hurrengo dorrea osatzen hasi artean hantxe egoten direla hiru-lauko taldetxoetan berriketan.

Adin jira berekoak ikusiko dituzu taldetxoetan, helduak helduekin, gaztetxoak gaztetxoekin, haurrak haurrekin… baina noiznahi nahasi ere egiten dira eta naturaltasun osoz nahasten. Gorpuzkera eta itxuraz ahalmen atletiko oso desberdineko pertsonak daude taldean: sendo eta lodikoteak, zaharrak, gazteak, arruntak, txiki eta gihartsuak, txiki soilik direnak… baina denek dute, bakoitzak bere ezaugarriei egokitua, tokia eta betebeharra dorrea eraikitzerakoan. Eta puntaren puntara igotzen diren mutiko edo neskatoak ere, zazpi-zortzi urte jo nizkien, han ibiltzen dira, besteen artean, erlaxaturik, adinari dagozkion barrabaskeriak eginez, harik eta igotzeko unea iristen zaien arte.

Horrelakorik ikusteko ohiturarik ez dugunoi eragin egiten zigun minutu erdi lehenago han behean eta hain normal zebilena aitaren batean puntaren puntan ikusteak. Baina arriskua ez zen guk sentitzen genuen adinakoa, dorrea eraikitzearen arduradunak hitz neurtu eta agindu zehatzak erabiltzen baitzituen, inolako larritraza edo errieta kutsurik gabeak. Gurekin zebilen lagunari galdetu genion ea goiko muturrean bistatzen ziren haur haiek bazuten herrian errekonozimendu berezirik, ea famosoak ziren, gaurko hitzetan esateko. Ezetz erantzun zigun. Balio berbera onartzen zitzaiela oinarri jendetsuaren kukuluan ezkutatutako edozeini eta dorrea burutzen duen haurrari. Badela ordea esaera bat, «els castells els fan la canalla», adierazten duena txikienik gabe ez daitekeela dorrerik osatu eta txikienen adorea eta ausardia beharrezkoak direla talde-lana borobiltzeko.

Sortu legalizatu duten honetan, inoiz baino egoera hobean gaude geure dorrea erakitzen hasteko. Beste dorre bat. Castellersen eraikitze moduari so egitea ez litzaiguke gaizki etorriko. Oinarri sendo eta jendetsua. Erpina bai, baina erkinik ez. Goraino doanak ausardia baina ausardia anonimotua. Paretasuna eta parekidetasuna. Eta zer egin nahi den argi badago, oinetakorik ere ez da behar bide egiteko, beste herrikide bat baino ez, zeini heldua izateko, beste gerri bat, beste bizkar bat, beste buru bat… eta eraikitakoan desegiteko presa, beti izango baita dorre bat ordura artekoak baino hobea, guk eraki zain dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.