andoni egana
Plazatik

Etxera eta Etxaide

2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan Espainian gertatua aspaldi idatzi zuen donostiar batek, Yon Etxaidek. Gorrotoa lege zuen izenburu bere eleberriak. Aurten bete ditu berrogeita hamar urte. Euskarak bi hitzetan kita dezake gaztelerak lau beharko lituzkeena.

Nik ere badut ohitura, sumatzen dut beste askok duten gisan, astelehenekoaren antzeko zerbait gertatzen denean, irrati-telebista espainiarrak jartzekoa, auzokoen erreakzioak zer-nolakoak diren jakiteko. Pentsatzekoa zen Estrasburgokoaren ondoren jarrera garratzak azaleratuko zirela lehengoez gain. Ez nuen ordea espero hedabideek hainbesteko ahobakartasuna azalduko zutenik. Minduak ageri izan dira politikari, kazetari, herritar… Kontua da minetik minerako tartea bereizten oso dela zaila, zeinena den zintzoa eta norena itxura. (Minarekiko tolerantziari buruzkoa omen da oraindik zientziak askatu ez duen inkognita bat, eta eskuak izotzetan sartuta irauten denak ematen omen du mina jasateko dugun parametrorik zientifikoena). Min minak isiltasunerako bidea gehiagotan hartzen du, ordea, hitz-jariorakoa baino, eta horrexegatik dira susmagarri zenbaiten etengabeko aieneak.

Ez dakit deus Kode Penalaz eta justiziaz ere ez asko. Badakit, ordea, zigorraren inguruan edozein pertsonak jakin dezakeena. Hots, zigorrak behar duela proportzionatua egindako okerrarekiko, «okerra» egitera doanak jakin behar du-eta, zertsu izan dezakeen kalte-ordain. Eta, batik bat, zigorra ezarri ondoren ez dela zilegi zigor hori nahieran luze-laburtzea, inork ez egitekotan zigor-jartzaileak ez baitu egin behar tranparik. Henri Paroten kasuarekin justiziaren oinarri horiek apurtu zituzten, eta Estrasburgoko Giza-eskubideen komisioak ez du apurketa horren justiziarik eza berretsi baino egin.

Ines del Rio kaleratu izanak esperantza hauspotu du preso politikoen senide eta lagunen artean. Badirudi, esperantza ere errezeloz hartzen ohituak gauden herri honetan ez da segururik ezer, ttanttaka bada ere, beste preso mordoa kaleratu beharko dituela Espainiako Justiziak. Hala zegokielako. Eta ezker abertzaleak hartu duen erabakiari egoki deritzot. Pozak barrurako gorde eta kanporanzko garaipen imintzioak baretu. Poza ez baitago legez zigortzerik, baina egiazko minari besteren egiazko poza mingarrizaion unetik ez baita hain giza-legezkoa poz horren azalpen handixkoa. Futbol zaleak zaretenok gogoan izango duzue Carles Puyol, Vallecasko zelaian zero eta bosteko gola neurriz kanpoko imintzioekin ospatzen ari ziren taldekideei kargu hartzen. Arerioak zituen gogoan. Eta segur aski, berak bost eta zero galdu zuenen batean bosgarren gola jasotzean zer sentitu zuen.

Propio ekarri ditut kirol kontu hutsalak lerrootara. Biharko Madrilgo manifestazioaren goiburuak gehiago baitirudi emaitza kontua min egiazkoaren azalpena baino. Irabazle eta galtzaile nahi dituzte izendatu. Gu irabazle eta besteak galtzaile, jakina. Manifestazio horretara joango den jendearen artean denetatik izango da: egiazko mina sentitzen dutenak, gorrotoa lege dutenak eta kalkulu politikoa egin eta interes hutsarengatik doazenak. Ez da erraza izango nor zerk daraman asmatzea. Mina oso zait ulergarri; gorrotoa, galgarri dela eta lege ez daitekeela bihur jakin arren, neuk ere sentitu izan dut; kalkulu politikoa eta huntzarena egin nahia zaizkit higuingarri. Eta hedabide asko txoratzen, bidea hedatu ondoren hedatzeko bide direla sinistuaraziz.

Ia zortzi urte iraun du Parot legea deiturikoak. Ia zortzi urteko aldeaz idatzi zituen Yon Etxaidek Joanak joan eta Gorrotoa lege. Berak ez zekiela izenburua jartzen ari zen egungo egoeraren muturreko bi arriskuei: ahaztura eta mendekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.