andoni egana
Plazatik

Kontzejura

2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Bertso bat bada, bere laburrean aste honetako berri nagusiak harrapatzen dituena. « Kontzejura etorri naiz paper baten bila/ pentsatzen jarrita ere hau dek alfer pila!/ pluma eta tintero, bastoi ta makila,/ pobriak altxatzeko a ze kuadrila!». Aste honetako hiru mintzagaiak harrapatzen ditu. Bertsoa da, eta azken sei egunotan izugarri hitz egin da joan zen igandeko final bikainaz; Udarregirena omen da eta Udarregi Artikula-handin hil zen, Igeldotik berta bertan; Administrazioaren martxarekiko fidagaiztasuna azaltzen du, eta gainera Donostiako Udaletxea zen berak Kontzeju izendatzen duen hori.

Has gaitezen Administrazioari dagokionetik. Politikoei txisteak asmatzen zaizkie eta bertsoak ateratzen, eta politikoek bitartean sasi-poesia eginez erantzuten dute. Ehunka aldiz entzun dugu kimu berdeen sorrerarena. Edo ortzimugarena. Edo azken trenarena. Baina esango nuke konparaketarik gustukoena —nahiz beraiek metafora bat eraikitzen ari direla sinetsita egon— tunelarena dutela. «Tunel batean gaude baina ez dezagun etsi. Hasi gara irteerako lehen argi-printzak ikusten». Askotan entzun diegu ponpoxo esaten. Txistea sumatzen erraza da. Argi-indarraren prezioak hainbeste egin behar badu gora, ia nahiago dugu tuneletik irten ez, eta ilunpean segi.

Tunelaren aipamen hutsak Igeldoko Jolas parkeko hura dakar gogora. Tunelean amaitzen zen trenaren goitik-beherako hark iraultzen zigun sabela umetan, ez ginela kabituko sentitzen baikenuen itzuliero. Eta halaxe azaldu da, kabitu ezinik, Donostiako Udaleko oposizioa Igeldo udal-herri dela jakin dutelarik. Hainbestekoa zen nonbait kabitu ezina, Udalbatzarren aretotik ere alde egitera behartuak sentitu baitira. Armatu egin da, eta ez da harritzekoa, herrialdeko patroiari buruzko ereserkian azaltzen den hitza delako, besteak beste. Nahiz betor esamoldea ere azaltzen da ereserki berean —konzesibo bat eta agintezkoa elkarren segidan— eta esamoldea bezain bihurrituak ote gabiltzan otu zait edo esamoldea bezainezohikoak garen. Niretzat, Igeldo Igeldo da. Beti izan du nortasuna. Bertakoen ahotik ez dezaket hitz egin, baina kanpokoek hara jotzen dugunean — herriko jaietan bertsotara, esaterako— ez dugu esaten Donostiara goazenik, Igeldora goazela baizik. Naturala behar luke edozein dela ere erabakitze esparrua, erabakimen hori dagokienen esku uzteak. Eta zalantzak dauden kasuetan erreferenduma baino modu hoberik ez zait bururatzen. Emaitzak lotesle eta galdeketarik eza lotura. Hala sentitzen dut nik.

Ulertzekoa eta berezkoa iruditzen zait igeldoar askoren poza aste honetako berrien ondotik. Urteak eman dituzte helburu jakin hori lortzeko ahaleginean. (Bidenabar esanda, ahaleginean-en ordezborrokan ere idatz nezakeen baina ez zait txukuna iruditzen hitz berarekin izendatzea futbolari erdilari baten lana eta estiloa,gerrilari baten jarduna eta zaintza partekatuaren alde aritu den gurasoaren ekina) Ulergaitzagoa zait politika aurreko behar zukeen nortasuna erabakitze prozesu horretan politikak esku hartzen duenean gertatzen dena. Jeltzaleen jarrera, adibidez. Esparru batzuetan erabakitze eskubidearen alde eta besteetan ez? Ume mainatiaren zaputzaldia dirudi. Edo Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Iragarki bat argitaratu du, nik DV egunkarian irakurri dudana:«Eskoziarrek, bai. Kataluniarrek, ere bai. Igeldotarrek, baita ere. Igeldo, 89.udalerri, ongi etorri. Todas las personas tenemos derecho a decidir. La democracia se basa en el respeto a la decisión de la ciudadanía». Bagenekien. Ez zegoen horretan sosak zertan xahutu. Bultza baino ez gola sartzeko eta gehitxo ospatzen duen umearen traza hartu diot.

Sozialista eta popularren jarrerari buruz zer esango dut ba? Txiste bat datorkit gogora, hainbat aldagai dituena. Boliviak itsasorik ez izan arren badu Itsas Armada eta Itsas kontuetarako ministroa ere bai, Titicaca lakuaren zati bat berea du eta, besteak beste. Joan da ministro hau Argentinara bisitan bertako diktadura garaian. Eta kazetariek egin diote galdera: «Boliviak itsasorik ez badu, nolatan du Itsas Armada eta Itsas kontuetarako ministroa?». Lasai erantzun zuen. «Argentinak Justizia ministroa duen logika berarengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.