andoni egana
Plazatik

Eskuak

2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Aitor euskaraz ez zekien amak eraman zuen eskutik helduta bertso eskolara.

Ametsek ere hala zioen herenegun Beñat Zamalloak egindako elkarrizketan: «Ez nintzen bertso eskolan nerabezaroan hasi. Txiki-txikitatik aitak eskutik helduta eraman ninduen bertso eskolara». Ez zekien ongi Joseba Zulaikak, bertsolaritzaz Bertsolariaren jokoa eta jolasa idatzi zuenean, Ametsen kasutik zeinen hurbil zebilen. Aitarekin karta-jokoan ari zela edo aritu ostean bota omen zuen bere lehen bertsoa, oraindik ere gogoan duena. Eta gogoan du esan gabe ikasia: kartak beti joko. Bertsoa gehienetan jolas.

Eta Unaik ere izan du eskurik; eta Maialenek; eta Igorrek; eta Sustraik; eta Aitorrek…

Gizon gazte batek, Xabier du izena, bi semeen familiaz kanpoko ingurua aski euskaldun jotzen ez (duela hamazortzi-hogei urteko Donostia ingurua ere ez zen nonbait euskaldun-euskalduna eta) eta erabaki bat hartu zuen: bera hasi zen Usurbilgo bertso eskolara joaten. Han, pentsatzekoa da Tola, Ibai, Sukia, Nikolas zena, Kerman eta horiekin bilduko zela eta broma eta pasadizo artean bertsotan egingo zutela, norberak une hartako bere gaitasunaren arabera. Gero, etxera bueltaturik, han entzundako eta botatako bertsoak kantatzen zizkien haurrei jolasgai. Eta haurrek gustura entzuten zituzten eta buruz ikasten jolasari segika.

Sormena berezkoa du, ordea, haurrak. Eta aitari ikasiei aldagaiak aurkitzea bihurtu zuten jolas umeek, hemen hitz bat aldatu eta han errima bat. Beti bera beti berri. Gero, boligrafoa eta papera hartu eta norbere bertsoak osatzen hasiko ziren, eta ikastolan mukizu haiek bertsotan egiten zutela eta hartara ohituak zeudela ohartu zirenean, ikasturte bukaerako jaialdi eta urteurren eta horrelakoetan oholtzaratu zituzten.

Mutikoek eskueran izan zituzten gero bertsolaritzaren transmisiorako burututako lehen lan haiek: Joanito Dorronsororen Bertsotan eta liburuei atxikitako diskoak, Bertso-trena-ko doinuak eta beste hainbat. Eta koxkortu zirenean inguruetako bertso eskoletarajoaten hasi ziren, Hernani, Usurbil… euren bideari ekitera. Bi anaiatan zaharrenak, gainera, urtebeteko gaixoaldia jasan zuen, eta kanpora asko begiratzerik ez duenak barrurantz begiratzen ikasten duela kontu jakinekoa da. Susperturik ikastolara itzuli zenean, txiki eta ahul itxuraz, atzera geratzen zen lagunetatik kiroletan, eta gerri-zorroan propio hartzen zituen berak egindako errima-zerrenden fitxak errepasatzen aritzen zen lagunek golak ospatu eta jokoz kanpokoak protestatzen zituzten bitartean. Amak eramango zituen autoz batera eta bestera, betiko bertso eskoletara eta lehen plaza berrietara. Xabier Bertsozale Elkartera arrimatzen hasi zen, urte batzuk lehenago Usurbilgo bertso eskolara bezala, senak aginduta eta apal, semeena zurkaiztua zegoela eta orain kultur proiektu osoari eskua luzatuz. Hitzetan zehatz ustekoak baina zenbakietan zabarrak garenok segituan egin genion lekua, eta urteetan erakutsi digu borondatezko lanaren garrantzia zenbaterainokoa den.

Gutxienekoa da akaso Xabier Beñaten aita izatea. Gutxienekoa, ikuspegi orokorretik, Beñat finalean sartu izana. Baina, sartu denez, zenbaitetan gertakizunek borobiltasun bat badutela etorri zait bihotzera. Bertsolaritzaren ekosistema osoa harrapatzen du istorio horrek. Eskolan bertsoa txertatzearen garrantzia; bertso eskolen garapenarena; bakoitzaren ahaleginarena zerbait maite duelarik. Eta bertsolaritza euskal kulturaren baitan eta gure hizkuntz komunitatean kokatzen laguntzen digu. Ingurua aski euskaldun sumatzen ez zuelako eta haurrentzat sarbide liluragarria zatekeelakoan joan zen aita heldua bertso eskolara. Komunitate txikietan borondatezko lana ezinbestekoa dela sumatuta ekin zion Elkarteko lanari…

Esku asko… munduari begiratzeko talaia jakin bat aukeratu dugunon oinarri. Eta nireen zartadak emozio konpartitu horretatik abiatuko dira bihar goizeko hamaiketan. Ondorengo txaloak emaitza artistikoaren bikaintasunak sortuko dizkit. Ziur nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.