18. Korrika. Zortzigarren eguna

Argazkia, ilobei erakusteko

Euskalgintzari egokitu zaio Bilboko Kale Nagusia zeharkatu duen kilometroa; 50 urterekin euskara ikasten hasitako talde batek eraman du lekukoa.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Argazki ikaragarria utzi zuen atzo iluntzean 18. Korrikak Bilboko Kale Nagusian: mila lagunetik gora euskararen alde lasterka, errepidetik zein espaloitik. Irudiei laguntzeko soinu banda ere ez zen makala izan: aldarriak, txaloak, txistuak... Euskaraz, euskaldunez eta itxaropenez bete zen hiriburuko arteria nagusia: Bilbon euskararen erabilera datuak baikorrak ez diren arren, Korrikak erakutsi du gero eta atxikimendu handiagoa duela hizkuntzak.

Bilboko euskalgintzarena zen Plaza Biribiletik Moiuarako kilometroa. 30 eragilek baino gehiagok egina zuten han biltzeko deia: euskaltegiak, toki hedabideak, euskara taldeak, konpartsak... Korrika heldu zenerako, 200 pertsonatik gora zegoen zain; asko oraindik lasterka egiteko adinik ez, eta aita-amek bultzatuta egin zuten bidea, haur kotxean. Handik agertu zen, era berean, Hau Pittu Hau konpartsaren sinbolo den barraskiloa.

Euskara ikasleei egokitu zitzaien euskalgintzaren kilometroko lekukoa eramatea. Lasterketa heltzeko minutu batzuk falta zirenean, «oso urduri» zeudela aitortu zuten. «Lekukoa eramatea oso berezia da euskaldun batentzat», esan zuen Maite Aragonek; «Hasiberriak bezala gabiltza, ia lorik egin gabe». «Erantzukizun handia da», gehitu zuen Gloria Ugartek.

AEK-ren Zazpikaleetako Lizardi euskaltegiko estudianteak dira. Zazpi eta hiru urte daramatzate euskara ikasten, hurrenez hurren. «Lasai-lasai», Ugartek nabarmendu duenez, lanarekin uztartu behar dutelako: astegunetan bi orduz ikasten dute, «eta gure adinean ez da erraza». 58 eta 56 urte dituzte. Euskara ikastera zerk animatu zituen galdetuta, Aragonek aldarrikatu du «Valentzian jaiotako euskalduna» dela: «Gure hizkuntza da euskara. Oso harro gaude euskara ikasteaz». Barre artean erantsi dute «formal-formalak» direla, egunero egiten dituztela etxerako lanak.

Nekatuta, baina pozik

Ikasle andana ziren lekukoa eramateko, eta eskuz esku ibili zen Korrikaren mezua. «Baina lortu dugu, eraman dugu!», jakinarazi zion Aragonek senarrari telefonoz, kilometroa amaitu bezain laster. Ondoan zuen Laude Quintanilla, 72 urteko beste ikasle bat: «Nekatuta nago, baina poz-pozik: egin beharrekoa egin dut». Biharamuneko egunkarian beren argazkia aterako ote zen galdezka hasi ziren ondoren. «Ilobei erakutsi» nahiko lieke Quintanillak, eta Aragonek, aldiz, irudia handitu: «Poster bat egin nahi dit, lantokian jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.