Prozesua «hauspotzeko» deia

Egoera «desblokeatzeko» aukerak aztertu dituzte Jonathan Powell eta Martin McGuinness bitartekariek eragile politikoekin.«Aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketak» galdegin ditu Sortuk

Powell eta McGuinness bitartekariak, Lokarriko Riosekin batera, herenegun, Loiura iritsi zirenean. LUIS TEJIDO / EFE.
jokin sagarzazu
2014ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bake prozesua «hauspotu» eta egun duen «blokeo» egoerari aurre egiteko ekinbideak aztertzeko bildu ziren atzo Jonathan Powell eta Martin McGuinness Aieteko Adierazpenaren sinatzaile eta nazioarteko bitartekari taldeko kideak Eusko Jaurlaritzako, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Geroa Baiko ordezkariekin.

Hartu-eman diskretuak izan dituzte, denak Bilbon. Bitartekariak banan-banan bildu dira eragileekin, eta taldeek ez dute adierazpenik egin bileretan esan direnei buruz. Soilik Sortuk, ohar batean, esan du bitartekariek «irakurketa globala eta integrala» egin dutela eta «alderdien eta gobernuen jarreren inguruan» mintzatu direla. Bitartekarien gertuko iturrien arabera, baliteke taldeak gaur kaleratzea ohar bat bileretatik atera dituen ondorioen berri emateko.

Iturri horien arabera, bileren helburua hau izan da: eragileekin batera aztertzea prozesua «desblokeatzeko» aukerak. Europa Press berri agentziaren arabera, hori lortzeko ekinbideak martxan jartzeko epe bat ere jarri dute mahai gainean bitartekariek: abendua. Modu ez-ofizialean zabaldu diren informazioen arabera, bitartekariak kezkatuta azaldu dira prozesuaren egoerarekin, eta ez dute «aldaketa handirik» helarazi, aurretik Euskal Herrian izan zirenetik, ez espetxe politikari buruz eta ez ETAren armagabetze prozesuari buruz.

Otsail amaieran izan ziren azkenekoz. Orduan, ETA bere armategia indargabetzen hasi zela baieztatu zuen Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak, eta erabileratik kanpo utzitako arma eta lehergaien zerrenda txiki baten berri eman zuen Ram Manikkalingam taldeko zuzendariak, Bilbon. Handik lau egunera Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten Euskal Herrira etorri ziren batzordeko hiru kideak: Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe. Hurrengo egunean Euskal Herrian izan zen Powell, hainbat eragilerekin biltzeko.

Orduan ez bezala, Iñigo Urkulluk orain erabaki du ez parte hartzea bilera sortan, gonbidapenik ez duelako jaso eta beharrik ikusten ez duelako, Powellen azken bisitatik «ezer garrantzitsurik» gertatu ez delako. Nolanahi ere, Jaurlaritzatik Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak parte hartu du.

«Aurrera doa»

EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea burukidearekin bildu dira bitartekariak. Baita Sortuko presidente Hasier Arraiz eta Rufi Etxeberria eta Urko Aiartzarekin. Komunikabideentzako oharrean, Sortuk dio bileran «baieztatu» dutela «oztopoen gainetik» prozesua «aurrera» doala. Alderdiak «prestasun osoa» agertu du «behar den lan guztia egiteko», eta alderdien arteko «aurrebaldintzarik gabeko» elkarrizketak eskatu ditu. PSE-EEko Rodolfo Aresekin eta Geroa Baiko Uxue Barkosekin ere bildu dira bitartekariak. PPk, berriz, ez du onartu gonbidapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.