Gustura dago Etxerat Europako Parlamentura egin duen bidaiarekin. Emankorra izan dela diote. Parlamentuko ia-ia talde guztietako ordezkariekin egon direla, eta uste baino harrera hobea izan dutela: «Europarlamentari guztien jarrera oso positiboa izan da, eraikitzailea oso», adierazi du euskal presoen senideen elkarteak, ohar bidez. «Entzuteko prestasuna izateaz gain, lan egiteko prestasuna adierazi digute».
Bi egunetan 30 bilera, solasaldi eta ekitaldi egin ditu Bruselan Etxerat-ek. Guztiak, Europako Parlamentuan. Aurreikusitako agenda oso-osorik bete duela azaldu du, eta, uste baino hitzordu gehiago lortuta, senideen ordezkaritza hiru taldetan banatu behar izan duela «hitzordu guztietara iristeko».
Ekitaldi kopuruarekin gustura da, beraz. Baina, are gehiago, horietako bakoitzak eman duenarekin. Europarlamentarien artean «harridura» izan da nagusi, Etxerat-ek kontatu duenez. Espainiako eta Frantziako estatuek oraindik euskal presoak sakabanatzeko politikari eusten diotela jakitea ulergaitza egin zaiela, «zibilizatuena omen den Europa honetan ere giza eskubideen urraketa sistematikoa eta planifikatua egiten ari delako».
Hala, eskubideak aldarrikatu ditu Etxerat-ek Europako Parlamentuan. Elkarteak berak kontatu duenez, «oinarrizko eskubideak kontzienteki bortxatzen dituen legedi baten menpe» urte asko daramatela kontatu diete europarlamentariei, eta hori «helburu politiko jakin batzuek erdiesteko» egiten dela salatu dute. «Legedi horrek sakabanaketa politikaren biktima bihurtzen gaitu».
Helburuak aise beteta
Euskal presoek eta horien senideek duten egoeraren berri eurodiputatuei zuzenean ematea zen Etxerat-ek antolatutako bidaiaren helburua; «pairatzen duguna kontatzea», azaldu dute. Bereziki, sakabanaketa oraindik indarrean dagoela jakinarazi, eta horrek senideei eragiten dizkien ondorioen berri eman nahi zuten.
Euren azalean bizitzen ari direna kontatu, eta eskubideak urratzen dituen egoera hori iraultzen laguntzeko galdegin dute. «Espainia eta Frantzia Europako Batasuneko estatu kideak izanik Giza Eskubideen Akordioaren sinatzaileak direnez, instituzioari giza eskubideen errespetua bermatu dezan eskatu diogu». Eta oso ona izan da jaso duen erantzuna: «Etxerat-ek bilatzen zuen babesa aurkitu du», zehaztu du.
Atzoko saioei dagokienez, Europako alderdi askotako ordezkariekin aurrez aurreko bilerak egiteaz gain, bereziki emankorrak izan ziren bi ekitaldi. Batetik, ekinbidearen berri eman eta lehen balorazio bat egiteko agerraldia egin zuten Etxerat-eko ordezkariek parlamentuan, Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak gonbidatuta. «Beren egunerokoari buruz hitz egitera etorri dira, euren senideak ikusteko egin behar izaten dituzten milaka kilometro egiteak eragiten dizkien eskubide urraketak salatzera», aurkeztu zuen senideen ordezkaritza Juaristik.
Senideek jasaten duten «bidegabekeria» salatu zuen hedabideen aurrean Urtzi Errazkin Etxerat-eko kideak. Bruselan jaso duten harrera ere eskertu zuen; «praktikoki indar politiko guztietatik jaso dugun elkartasuna».
Europako ezkerreko alderdiak biltzen ditu GUE/NGL taldeak, eta hango europarlamentariekin izandako mahai ingurua ere aberatsa izan zen oso Etxerat-entzat. Europako txoko askotako ordezkarien babesa jasotzeaz gain, egoera zabaltzen laguntzeko nahia azaldu zuten parlamentariek. Are, hartarako talde bat osatzeko proposatu zuen GUE/NGLko lehendakariak, «diputatu gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten».
Euskal presoak. Etxerat Bruselan
Etxerat: «Lan egiteko prestasuna adierazi digute europarlamentariek»
Oso harrera ona jaso du Etxerat-ek Europako Parlamentuan; euskal presoen eta haien senideen egoera entzuteko nahia azaldu dute, eta sakabanaketa amaitzen laguntzeko prest agertu dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu