EH Bildu gidatzeko zerrenda bakarra egongo da hilaren 17ko kongresurako

Otegi proposatu dute koordinatzaile nagusi izateko, eta Sortuko buruzagitza utziko du horretarako. Koalizioko kideek adostu dituzte Mahai Politikorako kideak. Hilaren 12tik 16ra bozkatuko dituzte

jokin sagarzazu
2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi da EH Bilduren koordinatzaile nagusia izateko hautagai bakarra. Koalizioa osatzen duten lau alderdiek adostu dute zerrenda, eta ez da besterik aurkeztu. Mahai Politikoan —zuzendaritza organo nagusian—, koordinatzaile nagusiaz gain, bost zuzendaritza egongo dira, eta, haiekin batera, herrialdeetako arduradun politikoak eta instituzioetako ordezkariak. Denera, 20 kargu eta bi idazkari. Proposatutako 16 izenetatik, 11 dira gizonezkoak, eta 5 emakumezkoak.

Zerrenda horretan, Sortuko Otegirekin batera, zuzendari nagusi kargurako azaltzen da Gari Mujika kazetaria; Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiaren kabineteko burua eta egun EH Bilduko koordinazio taldeko kide. Programa zuzendari izateko proposatu dute Aralarreko Ainhoa Beola; hark koordinatuko lituzke alderdiaren idazkaritzak—horietarako izenak emateko epea zabalik da, etzira arte—. Barne Antolaketarako, EAko Maider Carrere. Nazioarteko zuzendaritzarako, Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua eta Gara egunkariko zuzendari ohia. Eta Komunikaziorako, Koldo Castañeda; EH Bilduko komunikazio taldekoa eta, besteak beste, HBko Mahai Nazionaleko kide izandakoa. Guztira, bost gipuzkoar eta nafar bat.

Otegi izendatuko balute EH Bilduko buru, Sorturen idazkaritza nagusia utziko luke. EH Bilduko osatzen duten lau alderdietako zuzendaritzek adostu dute zerrenda. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak herenegun goizean esan zuenez, haiek beste bat proposatu zuten koordinatzaile nagusirako, baina EAk ohar batean zehaztu du koalizioko beste kideekin herenegun arratsaldean eginiko bilera batean oniritzia eman ziola Otegiren hautagaitzari. Urizar igandean hautatu zuten berriz ere EAko idazkari nagusi, %52,4ko babesarekin. EAk EH Bildun jokatu behar duen rola izan zuten eztabaidagai asteburuko kongresuan. Urizarren zuzendaritzarekin kritiko diren batzuek uste dute EA ez dagoela behar bezala ordezkatua EH Bildun.

Mahai Politikoko koordinatzaile, zuzendari eta idazkariez gain, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako arduradun politikoak aukeratzeko hautagaitza bakarra ere aurkeztu dute lau alderdiek. Arabarako, Ibon San Saturnino EH Bilduko instituzio eremuko koordinatzaile taldeko kidea. Bizkairako, Asier Vega koalizioaren hautetsia Bizkaiko Batzar Nagusietan. Gipuzkoarako, Unai Larreategi Soraluzeko zinegotzia. Eta Nafarroarako, Jon Garai EH Bilduren aholkularia.

Erakundeetako ordezkaritzari lotuta, berriz, honako hauek azaltzen dira proposamenean: Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko koordinatzailea, Adolfo Araiz parlamentuko bozeramailea, Unai Urruzuno Eusko Legebiltzarreko koordinatzailea, Maddalen Iriarte legebiltzarreko bozeramailea, eta Marian Beitialarrangoitia Espainiako Kongresuko diputatua. Josu Juaristi da Europako Parlamentuko ordezkaria. Nazioarteko zuzendari izateko ere proposatu dute; hala balitz, boto bakarra izango luke Mahaian.

lau alderdietako ordezkariak ere izango dira mahaiko kide, baina haiek emango dituzte izenak. Alternatiban erabaki dute eurena izatea Oskar Matute Espainiako Kongresuko diputatua. Besteek zehazteke dute. Horrez gain, koordinatzaile nagusiaren eta zuzendariaren idazkariak ere egongo dira Mahaian, baina ez dute botorik izango; haien konfiantzazko karguak dira, eta EH Bilduko langile gisa arituko dira.

EH Bilduren zuzendaritzan ere, idazkaritzak egongo dira. Jasotako ekarpenak aintzat hartuta, berri batzuk sortzea erabaki dute, eta hautagaitzak aurkezteko epea etzi arte luzatzea. Ekonomiakoa lau idazkaritzatan banatuko dute, eta Kiroletakoa sortu.

Bozketa irekiak

Hilaren 17an egingo du EH Bilduk lehen kongresua, Bilboko Euskalduna jauregian, eta hilaren 12tik 16ra egingo dituzte barne hauteskundeak. Edonork eman dezake botoa. Horretarako, kongresua.ehbildu.eus webgunean erregistratu behar da. Izena emateko epea hilaren 16an bukatzen da. Halaber, edonork parte hatu ahal izango du kongresuan, webgune berean izena emanda. Izena ematen duena ez da EH Bilduko kide —Bilkide— egingo; estatutuak bozkatu arte ez da figura hori sortuko. Hilaren 17ko batzarrean bozkatuko dira estatutuak, dokumentu politikoa, Berme Batzordea eta Kontu Batzordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.