Feminismo gero eta zabalago baterantz

Zapalkuntza anitzen arteko harremanez hausnartu dute UEUk, Jakin aldizkariak eta Usurbilgo Udalak antolatu duten ikastaroan. Gaur izango dute jarraipena.

Mari Luz Esteban antropologoa, atzo, Usurbilgo ikastaroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Usurbil
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Norbanakoaren egunerokoa besteekiko bizikidetzan —edo bizikidetza ezan— egiten dela esanaz hasi zuen atzo Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak Usurbilen egiten ari diren ikastaroa. «Muxuetan, ukituetan, besarkadetan. Bizikidetza horretan josten dira generoa, euskara, jatorria eta klasea ere». Gurutzaketa horrek erreferentzia zuzena egiten dio gaur egun feminismoaren barruan indartzen ari den adar bati: elkarguneko feminismoari, intersekzionalitateari. «Horren arabera, ezin da generoa ulertu identitatearen beste zentzu batzuk kontuan hartu gabe, ez gara gauza bat eta bakarra; identitateak pluralak eta malguak dira». Horiei buruz hausnartzen ariko dira gaur ere Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua ikastaroan, Usurbilgo Udalak, UEUk eta Jakin-ek antolatuta.

Norbanakoaren gainean daude kultura, ideologia, kontzientzia, burokrazia, erakunde sozialak eta ekonomikoak. Horiek denak artikulatzen dira bai pertsonengan, bai talde sozialengan. «Hor eraikitzen gara», eta hortik desberdinkeria, Agirreren arabera: «Desberdinkeria anitzen gurutzaketak dakar menperatze batek beste bat indartzea, eta indartzen diren menperakuntza horietan botere harremanen oinarri oso bat dago. Aldi berean, gu geu izan gaitezke menperatu eta menperatzaile; menperatze prozesuaren konplexutasuna da hori».

Harreman konplexu horietan, hizkuntzaren aldagaia jarri du zentralitatean Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakasleak. «Hizkuntza —minorizatua eta zapaldua— ezinbestekoa da, nor izatearen funtsa baita, herritar burujabe izateko parte ezinbesteko, eta identitate kolektiboa eratzeko oinarri». Hizkuntza politika eraginkorra egiteko, elkarguneko teoriak dakartzan botere posizio eta praktiken gurutzatze hori kontuan hartzea ere ezinbestekotzat du Eskisabelek.

Gaurkotu beharraz

Mari Luz Esteban antropologo feministaren ustez, euskal feminismoak ez du kontuan hartu hizkuntzagatiko zapalkuntza, eta klasea eta arraza ere bazterrean ikusten ditu, analisi feministari begira: «Lanpostu prekarioetan dauden emakumeak feminismotik umezurtzago utzi ditugu». Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba ekarri du gogora. «Orokorrean, kasu hauek feminismoaren interesekoak dira. 90eko hamarkadan bageunde, borroka horrekin konprometituta egongo ginateke, baina, egun, ez gaude. Eta emakume horiek globalizazio, kapitalismo eta kolonizazio berrien ondorio zuzenak dira».

Beraz, Estebanen ustez, euskal feminismoa gaurkotu egin behar da. Batetik, kategoria berriak sortu behar dira: «Aniztasuna hitza bera aldatu egin behar da; anitza izateak desberdin izatea esan nahi baitu, hau da, hierarkia dagoela». Bestetik, hierarkiaz eta pribilegioez —klaseaz, hizkuntzaz, sexualitateaz— «lasaiago eta argiago» hitz egitea proposatu du.

Eskatzen hasita, gaur egungo herritartasun hegemonikoaren ideiari buelta bat eman dio Estebanek. Egun, nazionalitateekin, merkatu eta enpleguekin eta gizonak leku zentralean dituzten familiekin lotzen da herritartasuna. Ikuspegi horretan, antropologoaren arabera, ez dute lekurik migratzaileek, independentistek, okupatzaileek edo emakumeek. «Egitura hori nola irauli pentsatu behar da: zer zutabe defendatu, nahiz eta bakoitzak bere ideologian edota mugimenduetan jarraitu». Agirrek ere nabarmendu du «egitura hibridoen beharra, nahastearen beharra», elkarguneko feminismoa aplikatu nahi bada. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.