Preso baten amari anbulantzia ukatu diote kartzelan ezbehar baten ostean

Etxerat-ek salatu du gertaera.Beste preso baten senideek eraman behar izan zuten ospitalera

Etxerat elkarteak joan den igandean Donostiako Kontxan egindako protesta. J. ETXEZARRETA / EFE.
2014ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Igor Gonzalez Sola euskal presoaren amari anbulantzia ukatu izana salatu du Etxerat-ek. Ezbeharra uztailaren 26an gertatu zen,Badajozko espetxean (Espainia).Bixenta Sola bilbotarra semearekin aurrez aurreko bisita egitera joan zen bere bi urteko bilobarekin, eta labain egin eta buruan kolpea hartu zuen. Elkarteak ohar batean salatu du funtzionarioek ez ziotela utzi anbulantziari deitzen, eta, azkenean, beste preso baten senideek eraman zuten ospitalera; hamahiru grapa behar izan zituen buruan.

Arratsaldean zuten ordubeteko bisita Bixenta Sola amak eta presoaren bi urteko semeak. Bixenta Zolak osasun arazoak dituenez gero, beheko solairuan egiten dituzte aurrez aurrekoak; presoaren amak zailtasunak ditu eskailerak igotzeko. Igor Gonzalez Sola presoaren ama, presoa bera eta haren semea zeuden gelan, ezbeharra gertatu zen unean. «Presoaren ama labaindu egin zen, eta buruarekin horma jo zuen», presoen senide eta lagunen elkarteak azaldu duenez.

Gonzalez Zolak larrialdi alarma jo zuen une horretan, baina ez zuen funtzionatzen. Etxerat-ek jakinarazi duenez, presoa 25 minutuz egon zen «ate-joka eta oihuka», harik eta funtzionarioak etorri ziren arte. Anbulantziari deitzeko eskaria egin zien orduan, baina elkarteak salatu dufuntzionarioek «ukatu» egin ziotela. Mediku bat eskatu zuen jarraian Gonzalez Zolak, bainamoduluan ez zegoela eta ezin izango zela gerturatu ere esan zioten. Erizain bat iritsi zen gero, baina zauria «handiegia» zela, eta ezin izan zuela «ezer egin», azaldu du elkarteak. Telefonoa erabiltzeko aukera ere eskatu zuen presoak anbulantziari deitu ahal izateko, baina ez zioten utzi.

Azkenik, aurrez aurreko bisita egiten ari ziren beste preso baten senideak hurbildu ziren «iskanbila» entzutean, eta beraiek eraman zuten Bixenta Sola ospitalera, «funtzionarioen laguntzarik gabe», esan du Etxerat-ek. Elkarteak jakinarazi duenez, hamahiru grapa behar izan ditu kolpearen ondorioz.

Gertatutakoa salatzeko, Etxerat-ek elkarretaratzea deitu du ostegunerako, 18:30ean, Bilbon.

Protestak hondartzetan

Igandean, euskal presoen eskubideen alde batu ziren Euskal Herriko hamabi hondartzatan: Deba, Orio, Donostia, Donibane-Lohitzune, Hendaia, Bakio, Lekeitio, Muskiz, Plentzia, Mundaka eta Ondarroan.

Abuztua «batzuentzat hondartza eta opor garaia dela baina beste batzuentzat bidaia eta bisita garaia» dela salatu zuen Etxerat-ek aldarriak hondartzetara eramanda.

Preso kopurua «gero eta txikiagoa» bada ere, gero eta sakabanatuagoak daudela salatu du elkarteak, eta gaineratu du egunerokoan «gogortze» bat nabaritzen dela espetxeetako bizi-baldintzetan.

Etxerat elkarteak gogorarazi du 25 urtean 16 hildako eragin dituela sakabanaketak; zortzi istripu izan dira aurten, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.