Zenbait epailek zalantzan jarri dute presoen babesaren aurkako auzia

De Pradaren iritziz, EPPKren bitartekariak, abokatuak, Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi «ez dira ETA»

Herrira-n aritzeagatik 2013an atxilotutako batzuk, Bilbon, haien aurkako operazioa salatzeko martxan. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekarien, abokatuen eta Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideen jarduera ezin da «terrorista» izendatu. Hala adierazi du, boto partikular batean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Ricardo de Prada epaileak: «Legediaren barruan egindako presio sozial eta politiko baketsua, antolatua izanda ere, helburu jakin batzuk lortzeko nazioarteko presioaren gisan, ezin da kriminalizatu per se, eta, are gutxiago, berehala jarduera terroristarekin lotu, jarduera horrekin bat egin ez arren». 11/2013 sumarioan, 47 pertsonen auzipetzeari helegitea jarri zioten defentsako abokatuek, baina atzera bota zuen Auzitegi Nazionaleko zigor salako 2. sekzioak, irailaren 26ko auto batean. De Pradak ez zuen bat egin erabakiarekin, Alfonso Zenon abokatuak astelehenean sarean jarritako artikulu batean nabarmendu duenez.

Instrukzioa egin duen Eloy Velasco epailearen arabera, «ETAren espetxe frontea» osatzen zuten auzipetuek: «Ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia zutela». Velascoren esanetan, «KG Koordinazio Gunean» biltzen ziren auzitara eramandako taldeak. Auzipetze autoan, ordea, epaileak berak onartu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu «ETAren eta Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko inongo daturik». Hala ere, Velascok ziurtatu zuen auzipetu guztiek bazekitela «Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela», eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren «hutsunea» betetzen zutela.

Tesi hura berretsi du orain zigor salako 2. sekzioak, Concepcion Espejel eta Juan Pablo Gonzalez epaileen babesarekin. De Pradak, ordea, ez du deliturik ikusi: auzipetzeak Poliziaren «interpretazio subjektiboetan» oinarritu izana kritikatu du, eta azaldu du aztertutako zantzuek erakusten dutela auzipetutako pertsona eta talde horiek ez direla «erakunde terroristako kide», eta lagundu ere ez dutela egin jarduera horretan: «Ez dira ETA».

Gainerako epaileek ez bezala, testuinguruan ere jarri du arreta De Pradak. «Garapen adierazgarria» ikusi du epaileak «ETAren metodo terroristetatik jarduera politikora», eta epaitzekoak diren ekintzak «jarduera politiko hutsa» direla nabarmendu du.

Ez da izan hori iritzi dion epaile bakarra. Emilie Martinen euroagindu eskaeraren harira, halaxe adierazi zuen Paueko Auzitegiak (Frantzia), urriaren 18an, Francois Legrand epailea buru zela: «Egotzitako delituak ez datoz bat azterketa penal objektibo batekin». Hain zuzen, Espainiak bidalitako informazioan gertaeren eta delituen arteko «lotura logikorik» ez dagoela ebatzi zuten.

Alfonso Zenon abokatuak sarean nabarmendu duenez, De Pradak eta Paueko Auzitegiak instrukziotik ateratako ondorio horiek auzipetu guztientzat balio dute. Eta, beraz, baita Arantza Zuluetarentzat ere —Puerto III (Espainia) kartzelan daukate bakartuta 2014ko urtarriletik, 11/2013 sumarioa dela-eta, behin-behineko espetxealdian—. Hura askatzeko eskaera ere ukatu zuen Auzitegi Nazionalak azken erabakiarekin.

Arantza Zuluetaren alde

Boto partikularrean, Zuluetaren behin-behineko espetxealdia luzatzeko arrazoirik ez dagoela ere esan zuen De Prada epaileak, eta Auzitegi Nazionalari dagokiola abokatu presoaren giza eskubideak babesteko neurriak hartzea.

Hain zuzen, igandean jakinarazi zuten Zuluetaren aldeko plataformakoek bilera sorta bat egingo dutela eragileekin, inplikazio gehiago lortzeko. Puerto III kartzelako euskal presoek webgune bat ere jarri dute martxan berriki, eta sinadurak biltzen ari dira Zuluetaren bakartzearen aurka. Atzo iluntzean, 3.600 sinadura baino gehiago zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.