Nekane Txapartegi Espainiaratzea onartu du Suitzako Justiziak

«Txapartegik ez du era sinesgarrian frogatu torturatu zutela», esan dute epaileek. Estrasburgok ontzat jo du Natividad Jauregiren estradizioa

Nekane Txapartegiren egoeraren berri emateko 2016ko irailean Donostian egindako agerraldia. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2017ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Suitzako Justiziak onartu egin du Nekane Txapartegi Espainiara estraditatzea, Madrilgo gobernuak egindako eskaria aintzat hartuta. Epaileek diote «baldintza guztiak» daudela Txapartegi Espainiaratzeko. Txapartegi 1999an atxilotu eta espetxeratu zuten, eta salatu zuen preso egon zen tartean torturatu egin zutela. Azken urtean, Suitzan bizi izan da, baina Espainiak hiru urte eta erdiko espetxealdia ezarria dio, ETArekin kolaboratzea egotzita. Suitzako Bulego Federaleko epaileek ondorioztatu dute hark ez duela «modu sinesgarrian frogatu ahal izan» Espainian atxilotu zutenean torturatu egin zutela, eta zehaztu dute Espainiako agintariek ere ez dutela «behar bezala aztertu» aurkeztutako salaketa.

Txapartegiren defentsak helegitea aurkeztuko dio estraditatzeko erabakiari; 30 eguneko epea du horretarako. Horrez gain, Suitzak hartutako erabakia salatzeko herri batzarra antolatu zuten atzo iluntzean haren sorterrian, Asteasun (Gipuzkoa).

Txapartegi behin-behinean preso dago Suitzan, iazko apiriletik, Espainiako Estatuak eskatuta. Haren aurkako euroagindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2012ko abenduan, 2007tik ihesean dela argudiatuta. Estradizioa ukatzeaz gain, asilo eskaera ere egin zuen Txapartegik Suitzan; bereziki, 1999ko tortura salaketa oinarri hartuta. Izan ere, torturetan oinarritutako epaietan eginiko estradizio eskaerak ukatu egin dituzte aurretik Europako estatu batzuek.

Txapartegik berak salatu izan du atxilo zegoenean eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zuela Espainiako Auzitegi Nazionalak, 18/98 sumarioan. Sei urteko zigorra ezarri zioten, baina espetxeratu aurretik ihes egin zuen, 2007an. ETAko nazioarteko aparatuko kide izatea egotzi zioten. Duela aste gutxi, 18/98 auzian ezarri zion zigorra arindu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigor Kodeko 579 bis 4 artikuluan oinarrituta murriztu zioten espetxealdia: lehenik, sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten, baina, ondoren, murriztu egin zioten hiru urte eta erdira.

Txapartegiren tortura salaketei sinesgarritasuna aitortu zioten duela gutxi Onder Ozkalipci eta Thomas Wenzel psiakiatrek. NBE Nazio Batuen Erakundeak erabiltzen duen Istanbulgo Protokoloa ikerketa metodoa erabilita ondorioztatu zuten inkomunikatuta egon zen hamar egunetan torturatua izan zela. Adituen txostena Suitzako Justizia Bulego Federalera igorri zioten. Espainiako Gobernuak, ostera, beti ukatu egin du Txapartegi torturatua izan zela, eta azpimarratu du epaitegietan ikertu egin zela haren salaketa, eta «delitu zantzu faltagatik» artxibatzea erabaki zutela.

Jauregi Espainiaratuko dute

Bestalde, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak onartu egin du ETAk hildako Ramon Romearen familiak aurkeztutako helegitea, eta ontzat jo du Natividad Jauregi Espainiaratzea. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2007. urtean zigortu zuen Jauregi —ordurako ihes eginda zegoen—, beste hiru lagunekin batera. 28 urteko zigorra jarri zieten, 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil zutela egotzita.

Belgikako Poliziak 2013ko urrian atxilotu zuen Jauregi, baina hura Espainiaratzeko aukerari ezezkoa eman zion Belgikako Justiziak, iritzita Espainiak haren giza eskubideak urra zitzakeela. Erabaki horren aurka, helegitea aurkeztu zuten Romearen senideek —Covite biktimen elkarteak ere bat egin zuen eskaerarekin—, eta arrazoia eman die orain Estrasburgok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.