Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Egun bat errusiar mendian

Herritar askok kezkaz hartu dute Puigdemontek hauteskundeetara deitzeko aukera; presidenteak bozak baztertzean, sei orduz galdutako itxaropena berreskuratu dute.

Universitats Per La Republica plataformak deitutako grebarekin bat egin zuten ikasleak. Irudian, Sant Jaume plazan. JON O. URAIN.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Baikortasunetik kezkara, kezkatik haserrera, sumindurara, suminduratik itxaropenera, esperantzatik euforiara, pozetik ikusminera. Atzoko eguna sentipenen errusiar mendia izan zen katalan askorentzat, eta orduaren arabera igaro ziren ikusmolde batetik bestera, eguneko hitzordu, gertakari eta albisteen segidak egoera alde batera edo bestera aldatzenzuen bitartean. Sentipen horiek kolektiboki azaleratu zituzten herritarretako askok, han-hemenka eginiko mobilizazioetan.

Ikasleak izan ziren kalera irten zirenetako asko. Universitats Per La Republica plataformak deituta, greba zuten atzo ikasleek, eta manifestazioa egin zuten eguerdian Bartzelonan, Lleidan, Gironan eta Tarragonan. Kataluniako hiriburukoa hasteko minutu batzuen faltan zabaldu zen albistea: Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak asmoa zuen Kataluniako Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzeko. Ikasleen haserreak manifestazioaren norabidea aldatu zuen, Sant Jaume plazaren bihotzeraino eramateraino —han dago Generalitatearen egoitza—.

Hara joandako ikasle horietako bat da Marta Ginebra. «Sorpresaz» hartu zuen hauteskundeen aukera, eta ez zion «inolako zentzurik» ikusten: «Parlamentuaren gehiengoa ez dago ados, ezta PDECat ere. Zertarako, orduan?». 15:00ak ziren, eta ez zekien Puigdemontek ez zuela hauteskundeetara deitu: «Estutzen jarraituko dugu aurrera egiteko, haiekin edo haiek gabe: prozesua ez da haiena: guk hasi genuen, eta gurea da». Kritiko mintzo zen Montse Vilalles ere: «Hainbeste itxaropen egunen ondoren, amorragarria da presidenteak atzera egitea. Ez zen hauteskundeetarako garaia».

Estutzera bainoago, Kataluniako Gobernua, «Junts Pel Si eta CUP babestera» joan ziren plazara Alfonso Garcia eta Llum Villagrasa, «independentzia deklaratzeko eta Espainiako Gobernuaren jazarpena amaitzeko». Ordu horretan, aldaketak ziren nagusi: Puigdemont Generalitatean zen hitz egitekoa; aurrena, 13:30ean; ondoren, 14:30ean. Bertan behera geratu zen adierazpena gero, eta zabaldu zen parlamentuan mintzatuko zela; azkenik, 17:00etan egingo zuela agerraldia, Generalitatean. Hortaz, tentuz bizi zituen aldaketak, baina nabarmenduz urriaren 1eko erreferendumeko emaitzek balio dutela: «Bi milioi boto horiek ordezkatzen gaituzte, eta orain emaitzak inplementatu behar dira».

Joseba Ormaetxea arrasatearra ere han zegoen; protestan irten zen 155. artikuluaren ezarpenaren aurka eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidentearen eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko lehendakariaren askatasunaren alde, baina hauteskundeen zurrumurruak bazterrak aztoratu zituela aitortu zuen, eta azaldu jende asko haserrearazi zuela bozen aukerak.

Plaza, mutu

17:00etan, garai bateko irudiak ikusi ziren Sant Jaume plazan. Izan ere, duela urte batzuk, irratien eta entzungailuen bidez ikusi edo entzuten ziren futbol txapelketako azken jardunaldiak, zelai batean edo bestean gertatzen zenaren berri unean-unean izateko. Atzo, sare sozialen garaian, entzungailuek hartu zuten plaza bostetan, Puigdemontek adierazpen instituzionala egitean. Barruan, presidentea hizketan; kanpoan, plaza gainezka, baina erabat isilik; apenas entzuten zen Puigdemonten hitzaldia sakelakoetatik, herritarrak taldetxoetan sakelakoei begira bilduta zeudela.

Giroa zeharo aldatu zuen, ordea, Puigdemonten esaldi batek: «Parlamentua desegiteko eta bozetara deitzeko inolako dekreturik sinatu gabe, legebiltzarrari dagokio erabakitzea [Espainiako Konstituzioaren] 155. ezartzearen ondorioez». Hitz horiekin zabaldu zen euforia, txaloak, independentzia oihuak. Duela hamasei egunekoa gertatu zen, kontrako norabidean: urriaren 10ean, independentzia deklaraziotik hura bertan behera uztera segundo batzuk igaro ziren, eta bildutakoen aurpegiak, zorionetik atsekabera. Atzo, impasse egoerak segundo batzuk baino gehiago iraun zuen, hauteskundeen zurrumurrua goizean zabaldu zenetik Puigdemontek aukera hori baztertu zuen arte, baina jendearen aldartea keinu seriotik alaitasunera pasatu zen.

Aldartea aldatu zitzaionetako bat da Matt. Lasaitua hartu zuen entzutean Puigdemontek ez zuela bozetara deituko: «Independentzia deklarazioa beharrezkoa da, bestela jende asko utziko luketelako Espainiatik babesteko erakunderik gabe». Uste du, 155. artikulua ezarriz gero, «milaka edo milioika» herritar prest daudela desobeditzeko, eta estatuak ez duela «nahikoa autoritate» bere borondatea ezartzeko, «ez bada kolpeka». Independentistatzat du bere burua, baina aukera horren aldeko arrazoiak «guztiz» aldatu dira orain: «Motibazio antifaxista» da orain haren argudio nagusia.

Baita Antonio Rodriguezena ere. Espainiarra da jaiotzez, eta frankismoan bizitakoa da: «Dudan esperientziagatik, Espainiako Gobernuaren jarrera faxismoak beti izan duen bera da. Zenbat urte daramagu erabaki nahian Katalunia nola antolatzen den, non egon nahi duen...?». Aberastasunaren banaketaren aldekoa da, eta uste du eztabaida hori mahai gainean jarri duela Kataluniako prozesu subiranistak: «Ezin da onartu XXI. mendean gero eta txirotasun handiagoa eta aberats gero eta boteretsuagoak egotea eta aberastasuna ez banatzea, eta hori da Kataluniatik zalantzan jartzen ari diren gauzetako bat». Haren azken oharra, argia: «18 urterekin etorri nintzen, ondo tratatu naute, aurrera egin dut. Ez dezatela herrialde hau ukitu, aurrean izango naute eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.