Txibitek Barcinari ohartarazi dio PSNk UPN oposiziora bidali nahi duela

«Legealdi galdua» izan dela eta hauteskundeak aurreratu behar zituela adierazi du PSNko hautagaiak.Barcinak leialtasuna exijitu du

UPNko eta PSNko ordezkarien arteko bilera, atzo goizean, parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gormutuen arteko elkarrizketa izan zen. Edo gutxienez, hori irudikatu zuten prentsaren aurrean Maria Txibite PSNko hautagaiak eta Yolanda Barcina UPNko presidenteak. PSNren gainbehera politikoaren aurrean, Txibitek fokuen pean mantendu nahi du alderdia, eta, hartara, parlamentuko talde guztiekin bilera sorta egiten ari da azken asteetan. Atzo,kexatu egin zen UPNko egungo buruarekin batzartu zelako eta ez Jose Javier Esparza hautagaiarekin. Haren esanetan, Barcinak «etorkizunari buruz deus gutxi du esateko». Alta, Barcinak zehaztu zuen Txibitek gutun bidez UPNko presidenteari egin ziola eskaria eta ez hautagaiari. Txikikeria horretatik hasita, Txibitek irmo azaldu nahi izan zuen Barcinaren aurrean: «Esan diogu gobernu aldaketa baten alde apustu egiten dugula». Eta Samuel Cerdan PSNko parlamentariak belarrira xuxurlatu zion Txibiteri, hark jarraian errepikatzeko: «Eta UPN oposiziora joan dadila».

Ondoren, lasai eta irribarretsu agertu zen komunikabideen aurrean Barcina. 12:00etan batzartu ziren bi alderdietako ordezkaritzak: Txibite eta Cerdan alde batetik; Barcina eta Oscar Arizkuren bestetik. Barcinari galdetu zioten kazetariek ea zer iruditzen zaion PSNk UPN gobernutik kanporatzeko asmoa iragartzea: «Nafarrek dute hitza erkidego honetan nork gobernatuko duen erabakitzeko». Barcinaren esanetan, «ez dago zalantzarik: edo gobernuaren buruzagitza UPNk izango du edo Bilduk, Podemosekin batera».

Txibiteren esanetan, bileran azaldu du PSN «gobernu egonkor eta sendo» baten alde dagoela. Horregatik, PSNko idazkari nagusiaren esanetan, «legealdi galdua» izan da, UPNk hauteskundeak aurreratu beharko lituzkeelako. Txibitek ez du aipatu PSNk bi aldiz zentsura mozio baten aukerari muzin egin diola, baina bai azpimarratu nahi izan ditu UPNrekin dituen ezberdintasunak. «Ez dugu bat egiten Nafarroako lehendakariak egiten duen interpretazioarekin».

Txibitek bilera hauteskunde kanpaina egiteko baliatu badu, Barcina ez da atzean geratu. PSNk iritzi publikoaren aurrean izan ohi dituen gorabehera guztien inguruan, UPNk ezusterik ez duela ematen eta «mezu argia» duela aipatu du. Barcinaren irudiko, UPNk irmo defenditzen ditu Nafarroako eredu instituzionala, suspertze ekonomikoaren aldeko politikak, Nafarroako egungo ongizatea eta hitzarmenekiko leialtasuna. Azken puntu horretan ez du gehiago gaineratu nahi izan, baina kazetariek gogorarazi diote legealdi honetan hark kanporatu zuela gobernutik Roberto Jimenez presidenteordea, itun politikoa bete gabe. Barcinak erantzun du Jimenezek «gobernu barruan oposizioa egiten» ziharduela.

Berritasunik ez

Volkswagenen BEZaren eta Itun Ekonomikoaren negoziazioen inguruan ez dago berritasunik. Txibitek eskatu dio Barcinari parlamentuko taldeekin hitz egin beharko lukeela, eta gogorarazi dio gutxiengoan dagoela. «Ez zaitez akordio itxi batekin etorri, ez baitugu edozer gauza onartuko». Barcinak ez du argitu nahi izan nola doazen negoziazioak Espainiako Gobernuarekin. Itun ekonomikoaren kasuan akordioa «gertu dago», baina dena lotua izan arte ez du hitz egin nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.