Iratxe Sorzabal euskal presoaren tortura salaketa ikertuko du Frantziak

Istanbulgo Protokoloa ezarriko diote. 2001ean atxilotu zutenean, torturak salatu zituen, eta salaketa hori «sinesgarria» den aztertuko dute orain

TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideak, Iratxe Sorzabalen argazkiekin, Hernanin (2002). JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Parisko Helegite Auzitegiak atzeratu egin du Iratxe Sorzabal euskal presoaren kontrako euroaginduei buruzko erabakia. Atzeratze horren arrazoia da tarte horretan Sorzabali Istanbulgo Protokoloa aplikatu ahal izatea eta, horren bidez, 2001ean egin zuen tortura salaketa «sinesgarria» ote den jakitea.

Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru euroagindu eskaera egin ditu Sorzabalen kontra, 1995ean eta 1996an Asturiasen (Espainia), Alacanten (Herrialde Katalanak) eta Irunen (Gipuzkoa) gertaturiko hiru atentatu direla eta, presoa Espainiara bidali eta han hiru atentatu horiengatik epaitzeko asmoz. Izan ere, Sorzabal 2001ean atxilotu zuten, eta, polizia etxean zegoela, bere buruaren kontra deklaratu eta hiru atentatu horietan esku hartu zuela esan zuen. Deklarazio hori ukatu egin zuen geroago, eta torturapean egin zuela adierazi zuen, torturak salatzeaz batera.

Orain, Parisko Helegite Auzitegiak onartu du Sorzabalen abokatu Xantiana Cachenauten eskaera, eta abenduaren 6ra arte atzeratu du hiru euroagindu horien inguruko ebazpena. Tarte horretan, Istanbulgo Protokoloan aurreikusten diren azterketa psikologikoak egingo dizkiote Iratxe Sorzabali, 2001eko deklarazio hura torturapean egin ote zuen jakiteko.

Istanbulgo Protokoloa azterketa multzo bat da, Europako estatu guztiek onartu eta aintzat hartzen dutena, giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeek homologatua, eta tortura kasuen egiazkotasuna eta testigantzen sinesgarritasuna neurtzen duena. Protokolo hori erabili da, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituzte azterketa ofizialetan.

Abenduaren 6an, Espainiak eskaturiko euroaginduak eta Istanbulgo Protokoloaren arabera egindako frogen emaitzak aztertuko ditu Parisko Helegite Auzitegiak, eta horren argitara ebatziko du Espainiaren eskaeren inguruan, eta erabakiko du Sorzabal Espainiako justiziaren esku jartzen duten edo ez.

2015eko irailaren 22an atxilotu zuten berriro Sorzabal, David Plarekin batera, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta geroztik preso dago Frantzian —gaur-gaurkoz, Fresnesko espetxean, Euskal Herritik 930 kilometrora—. Atxilotu zutenean, ETAko buruzagitzat jo zuen Espainiako Barne Ministerioak, eta erakundearen mintzakide gisa aritu zela ere adierazi zuen orduan Espainiako Poliziak.

Sare, Aznarezekin

Sareko ordezkari Inaxio Oiartzabalek eta Joseba Azkarragak bilera izan dute Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, eta 0 km. Prest gaude izeneko dokumentua aurkeztu diote. Presoen urruntze politika amaitzea, gaixo handi direnak askatzea eta salbuespeneko legeria bertan behera uztea lortu nahi duen dinamika aurkeztu diote Aznarezi, eta «injustizia amaitzeko» instituzioetako gehiengo berriak erabili daitezkeela gogorarazi diote. Urtarrilaren 13an Bilbon manifestazioa egingo dutela iragarri dute, eta han parte hartzeko gonbita egin diote Aznarezi.

Sarek uste du «okerra» dela pentsatzea arazoa amaitzen dela ETA armez gabetuta edo deseginda, eta preso, iheslari eta deportatuen auzia ere konpondu behar dela. «Gatazkaren ondorioei ere aurre egitea ezenbistekoa da», azaldu dute. Instituzioei «elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko pausoak ematen jarraitzeko» eskatu diete, «edozein motatako indarkeria jasan duten biktimei diegun erabateko errespetutik abiatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.