Polizien Legea atzera bota dute, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin

UPNk Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariaren dimisioa eskatu du, «foruzainen eta gobernuko bazkideen konfiantza galdu duelako». Beaumontek salatu du «joko zikin ugari» izan dela

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilaria eta Uxue Barkos lehendakaria, atzo. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hasieratik iragarritakoa bete da. Martxoan Polizien Legearen aurreproiektua aurkeztu zuenetik sortutako korapiloa askatzeko ez da gai izan Nafarroako Gobernua, ezta hura sostengatzen duten lau alderdiak ere. Ezkerrak eta Ahal Dugu-k, koherentziaren izenean, UPN, PSN eta PPrekin bat egin dute, eta atzera bota dute Polizien Lege proiektua. Bi alderdiok hasieratik iragarri zuten Foruzaingoko gehiengo sindikalarekin akordiorik ez zegoen bitartean ez zutela babestuko. Geroa Baik eta EH Bilduk azken unean egindako proposamena ez da nahikoa izan. Herenegungo batzarretan, SPF sindikatuko foruzainek aurka bozkatu zuten, eta APFkoek, alde —biak batuta, %52k alde egin zuen—. Hala ere, emaitzak ez ditu Ahal Dugu eta Ezkerra gogobete, eta oposizioari lehen garaipen nagusia eman diote.

Formalki, Ezkerraren botoek baldintzatu zuten auzia. Lege proiektuaren aurkako lau osoko zuzenketa eztabaidatu eta bozkatu ziren atzo goizean. Ahal Dugu eta Ezkerrak elkarrekin aurkeztu zuten eurena, baina bozkatzen azkenekoa zen, eta PSNrena lehenengoa. Ahal Dugu-k aurreratu zuen gainerako alderdien zuzenketen aurrean abstenitu egingo zirela «hatza sudurrean jarrita». Ezkerrak, ordea, nahiago izan zuen lau aldiz ez sartu hatza zaurian, eta PSNrena bozkatu zuen. Nahikoa izan zen.

Ahal Dugu-ren azalpena

Carlos Couso Ahal Dugu-ko parlamentariari urduritasuna nabari zitzaion alderdiaren posizioa defenditzeko orduan. Haren irudiko, gobernuak bultzatutako lege proiektuak polizien lan baldintzak arautu nahi izan ditu, eta horiei buruz eztabaidatzeko esparrua negoziazio kolektiboa da. «Inork ez dit arrazoi zentzuzkorik eman eta azaldu zergatik izan behar duen bestela». Cousoren arabera, lan baldintzak sektore mahaian sindikatuekin negoziatu behar dira, eta gaur-gaurkoz ez dago hitzarmenik. «Horregatik, ez dugu lege proiektua babestuko», ondorioztatu zuen.

Negoziatzeko epeak bi aldiz luzatu dituztela zehaztu zuen, eta gobernua epemugen biktima dela iradoki. Cousoren ustez, Ahal Dugu-ren Herritarren Kontseiluak posizioa finkatu zuen irailean, eta azken orduko mugimenduek ez diete aldatzeko astirik eman barne organoei.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, inork ezingo die leporatu koherentzia falta. «Lehen minututik ohartarazi dugu esandakoa egingo genuela, eta entzun nahi izan gaituena ezin da harritu». Hasieratik, Foruzaingoko sindikatuen artean ELA, CCOO eta UGT lege proiektuaren aurka azaldu ziren, eta, Nuinen arabera, sindikatu horiei ohartarazi zieten SPFrekin eta APFrekin akordioa lortuz gero lege proiektuak aurrera egingo zuela. «Talka handia izan genuen haiekin, gehiengo sindikala izan edo ez, legea baztertu nahi zutelako. Ezetz esan genien. Gobernuari eta Beaumont andreari ere esan genion arriskua hartzen ari zela gehiengo sindikalik gabe lege proiektua aurkeztuta».

Nuini eta Cousori deigarria egin zaie 2012ko lan erreforma onartu zuten bi alderdik, UPNk eta PPk, orain sindikatuen gehiengoak exijitzea. Garaipenaren jakitun, kritika horiek irrikaz hartu zituen UPNk, eta euren koherentzia aitortu zuen Sergio Sayasek. «Parlamentu honen historian lehen aldiz koherenteak izan zarete. Horrekin geratzen naiz». Berehala, Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariarengana zuzendu zituen kritikak. «Ez zaude gaitua Foruzaingoa gidatzeko ezta minutu bat gehiago ere», adierazi zuen, eta gaineratu: «Foruzainek bizkarra erakutsi dizute. Ez duzu polizien eta sindikatuen errespeturik, ezta zure bazkideena ere. Irtenbide bakarra geratzen zaizu: dimisioa».

Zalantzarik gabe, une zailak izan ditu Beaumontek, baina, departamentuko iturrien arabera, indarrez dago. Osoko bilkuran, hilabeteotan guztiotan teknikariek egindako «lan zorrotz eta nekaezina» nabarmendu zuen. Haren hitzetan, prozesu honetan denetarik gertatu da, eta «joko zikin ugari» izan da. «Batzuk kosta ahala kosta saiatu dira gobernu honek gai honi konponbiderik eman ez ziezaion. Ondorioz, ezin diogu amore eman gezurrari, manipulazioari eta joko zikinari».

Geroa Baiko Patxi Leuzari irrigarria iruditu zitzaion UPNren jarrera. «Lege proiektua gustuko bazenute ere, kontra bozkatuko zenukete, helburu nagusia mendekua izan baita».

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak gogorarazi zuen 1982tik bost lege desberdin izan dituela Foruzaingoak eta guztiek lan baldintzak arautu dituztela. «Bere ezaugarri bereziengatik, kolektibo berezia da, eta lege horiek adierazten dute ez dela lortu denek aldarrikatutako bake sozial eta sindikalik ». Hain zuzen, lege proiektuaren neurri nagusia zen urtero proba fisikoak egiteagatik foruzainei konpentsazio gisa ematen zaizkien 126 lanorduak kentzea eta trukean soldata oinarria %17 igotzea. Neurri hori ez dute beste poliziek, eta, Araizen arabera, 1999an UPNk «oparitu» egin zien. «2013an dekretu bidez kendu nahi izan zuen gratis et amore, ezer ordaindu gabe».

Etorkizunera begira

Eta orain, zer? Hori da galdera. Beaumonten arabera, «aukera handi bat galdu da, eta borondateak aldatzen ez diren bitartean luze iraungo du». Nuinek, berriz, arazoa erlatibizatu nahi izan du. Haren ustez, Foruzaingoa Polizia oso izateko arazo nagusia ez da legea, polizia falta baizik. Egun 1.060 foruzain daude, eta, Ertzaintzaren ratiora heltzeko, 2.300 beharko lirateke. «Horretarako, estatuarekin negoziatu behar da, eta lan eskaintza publikoen egutegia eta finantzaketa zehaztu». Araizen ustez, ordea, panorama ez da itxaropentsua, eta «larritu» egingo da. «Foruzaingoak atzera egingo du, ezingo baitio erantzun gizarteak nahi duen guztiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.