Guztiz desager ez dadin

Hiru urte beteko dira bihar Borja Lazaro gasteiztarra Kolonbian desagertu zenetik. Mobilizazioak antolatu ditu sendiak gaurko, Gasteizen, kasua gogoan izateko.

Borja Lazaroren argazkia desagertutako egunean. BERRIA.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Bahituta, itsasoan itota edo desertuan galduta. Hiru hipotesiok aztertu ditu Kolonbiako Polizia Nazionalak. Ez dute bat bera ere baieztatzerik izan, ezta ezeztatzerik ere. Baina hiru urte igaro dira jada Borja Lazaro Herrero 35 urteko gasteiztarra desagertu zenetik, Kolonbiako La Guajira penintsulan. Borrokan jarraitu behar duela garbi dauka sendiak: «Gizarteak Borjari buruz hitz egiten duen bitartean, ez da izango guztiz desagertutako pertsona bat».

Urtarrilaren 7ko gauean ikusi zuten azkeneko aldiz Lazaro, Cabo de la Vela herrian. Beste bidaiari batzuekin trago batzuk hartu zituen, eta lotarako bidea hartu zuen gero. Baina gauez linterna bat eskatu zuen ostatutik irteteko. Irten eta gero zer gertatu zitzaion inork ez daki.

Ingeniaritza informatikoa zuen ofizio. Luxenburgon zazpi urte egin ostean, hango lana uztea erabaki zuen 2013an, eta Gasteizera itzuli zen. 34 urterekin Latinoamerika bisitatzea erabaki zuen, bakarrik. Argazkilaritza zuen afizio. Abenduan, La Guajirako indigenei argazkiak atera zizkien, eta, urtarrilean, argazkiak eramatera itzuli zen Cabo de la Velara.

Hiru hipotesi izan ditu mahai gainean Kolonbiako Polizia Nazionalak: itsasoan ito zela, desertuan galdu zela —erdi basamortu lurraldea da La Guajira penintsula—, eta bahitu egin zutela. Hala ere, ildo batek ere ez du aztarna argirik eman. Basamortuan zein desertuan bilaketak egin zituzten, baina emaitzarik ez zuten lortu. Eta ez du inork dirurik eskatu, edo aldarrikapen politikorik egin. Ez aurrera ez atzera dago ikerketa.

«Ikerketa zabalik dago», azaldu du Sergio Lazaro desagertuaren anaiak. «Baina ez dago bilaketa aktibo bat, ez dagoelako zantzu berririk». Nabarmendu du inork ez duela informazio berririk eman, nahiz eta Poliziak ordainsaria eskaini duen datu baliotsuak ematen dituztenentzat. «Bere garaian zerbait ikusi edo entzun zuenak informazioa ematea da gakoa», zehaztu du Ana Mari Herrero amak. «Agian ez zion orain arte garrantzirik emango, baina ateak zabaldu ditzake». Egoera ernegagarria dela gaineratu du anaiak: «Arrasto berririk agertu ezean, kasua lehentasunezkoa ez izateko arriskua dago».

Hain zuzen, kasua ahatz ez dadin, kontzentraziora deitu du gaurko familiak: 18:30ean, Gasteizko Posta plazan. 19:30ean, berriz, kontzertuak eskainiko dituzte O'Connor's tabernan. «Borjaren egoera ikusaraztea da helburua. Zerbait egin dezaketenek ikus dezatela sendia eta lagunak haren bila dabiltzala», esan duHerrerok.

Ikerketaren berri, azkenekoz, duela bi aste izan zuten. Arduradunarekin hitz egin ahal izan zuten, Ertzaintzarekin egindako bileran. Izan ere, Ertzaintza da familiaren eta Kolonbiako Poliziaren arteko lotura. «Ikerketaren eskumena hango Poliziarena da. Hemengoek ez daukate zer eginik han», argitu du Sergio Lazarok. Eskumen arazoak direla medio, instituzioei presioa egiteko eskatzen diete. «Gasteizko Udalak ezin du ezer egin Kolonbiako desagertze bat argitzeko eskatuz, baina Kanpo Arazoetako Ministerioak bai».

Protokolorik gabe

Espainiako instituzioen arreta falta salatu du anaiak. 2016ko urtarrilean erregearekin batu ziren; bilera haren ostean jaso zuten Espainiak Kolonbian daukan enbaxadorearen deia. Harrezkero, ez daukate haren berririk. «Kolonbiako delegazioak bakarrik egin dezake ikerketen jarraipena. Ez dakigu ezta lana ondo betetzen dabiltzan ere».

Desagertutako pertsonen kasuei erantzuteko protokolo falta ere sumatu du Lazaroren amak: «Ez dago inon zehaztuta zer egin behar duzun senideren bat desagertuz gero». Oztopoak agertu ahala gainditu dituztela zehaztu du Herrerok, inoren laguntza jaso gabe: «Abisuak bidali zizkiguten, Borjaren etxeko argindarra moztuko zutela, adibidez, ez zuelako ordaindu». Luxenburgora joan behar izan zuen amak kontuak argitzera, abokatua, bidaia eta itzulpenak bere poltsikotik ordainduta. Oraindik, hauteskundeetan semeak non bozkatu behar duen azaltzen duen gutuna iristen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.