Urkullu: «Txarrena pasatu dugu, eta etorkizuna garbiago ikusten da»

Makina-erramintaren erakusketan ekonomiaren hobekuntza ziurtatu du lehendakariak.Zapatura arte 1.300 enpresa bilduko dira BECen

Makina-erramintaren BECeko erakusketaren inaugurazioko irudiak, atzo, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Baikortasuna nagusitu zen atzo BECen (Barakaldo), makina-erramintaren BIEMH 28. erakusketa azokaren inaugurazioan. Euskal ekonomia hobetzen ari dela ziurtatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta hobekuntza hori lanpostuen sorreran eragiten ari dela nabarmendu zuen. Gainera, baieztatu du aste honetan bertan adierazle ekonomiko positiboak «baieztatu» ahal izango direla. Gaur SPEE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emango dituen langabeziaren datuak baikorrak izango direlakoan dago lehendakaria. «Txarrena gainditu dugu, eta etorkizuna garbiago dago».

Enpresarien defentsa sutsua ere egin du lehendakariak. «Enpresak ez dituzte bakarrik langileek osatzen, enpresariek eta langileek baino», nabarmendu du. Haren esanetan, «ezinbestekoak dira arriskatzen duten, inbertitzen duten eta sakrifikatzen duten enpresariak. Langileak bezala, enpresariak ere sakrifikatzen direlako». Jaurlaritzak industriarekin duen konpromisoa berretsi du Urkulluk, eta iragarri du aste honetan enpresa txiki eta ertainen esportazioak laguntzeko 100 milioi euroko programa bat onartuko duela Gasteizko gobernuak. «Fabrikatzaileak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Ohorezko mailan jarraitu nahi dugu, lehenengoak izaten jarraitu».

«Egoera itxaropentsua»

Antxon Lopez Usoz AFM Espainiako Makina-erreminten Fabrikatzaileen elkarteko buruak ere baikortasunez berba egin du Barakaldoko erakustazokan. Sektorea «apurka-apurka» indarra berreskuratzen ari dela azaldu du. Krisiaren ondorioz inbertsioak gutxitu direla baina egoerari buelta ematen ari dela sektorea: «Egoera itxaropentsua da». Halere, sektorearen iraupenerako «gertuko inbertitzaileak» berreskuratzea ezinbestekoa dela esan du, sektoreak bere produkzioaren %80 atzerrira saltzen badu ere.

Makina-erramintaren industria 1 Formularekin parekatu du Lopez Usozek: «Makinarik onena eduki behar da txapelduna izateko». Sektoreari babesa mantentzeko eskatu die erakundeei.

Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere adierazpen itxaropentsuak egin dituzte. «Negozio perspektiba itxaropentsua» da, Tapiaren ustez, eta makina-erramintaren erakusketak Basque Country marka sendotzeko laguntzen du. Bilbaok, berriz, BECen defentsa sutsua egin du, azpiegituraren galerengatik kritikatzen dutenei mintzatuta: «BEC existituko ez balitz, galdu egingo genuke makina-erramintaren biurtekoa, eta hori kolpe oso gogorra izango litzateke Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat».

Datorren zapatura bitartean, guztira 27 herrialdetako 1.314 konpainiak parte hartuko dute BECeko erakusketa azokan, aurreko aldian baino %12 gehiagok. Barakaldoko azokan 800 makina inguru egongo dira erakusgai, eta gehienak funtzionamenduan ikusteko aukera izango da. Berritasun modura, jardunaldiak antolatuko dituzte azokan: etorkizuneko teknologia, bilakaera, negozio aukerak eta 3D inprimatzearen balioa landuko dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.