Erresuma Batuak ez du nahi muga fisikorik Irlandan, 'brexit'-a aktibatu ostean

'Brexit'-aren ondoren, «muga ikusezina» nahi du Theresa May lehen ministroak. Irlandako Errepublikak begi onez ikusi du proposamena

2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Erresuma Batua Europako Batasunetik (EB) kanpo geratuko balitz, Irlandako Errepublika izango litzateke herrialdeak Europarekin izango lukeen muga fisiko bakarra. Erresuma Batuko Gobernuak, ondorioz, dokumentu bat aurkeztu du, proposamen moduan, etorkizunean mugan ezarri beharreko neurrien inguruan. Brexit-aren ostean, bi herrialdeen arteko muga «ahalik eta ikusezinena» izan dadila zehazten du dokumentuak, eta mugakide diren lurraldeetan segurtasun kontrol fisikoak saihestea izango dela helburua.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak esan du Erresuma Batua EBtik irteten denean Ostiral Santuko Hitzarmenean sinatutako akordioak babestuko dituela: besteak beste, Irlandako herritartasuna eskatzeko eskubidea: «Inork ez du botoa eman Irlandarekin dugun erlazio berezia eteteko».

Gobernuaren dokumentuak baztertu egiten du muga gogorra ezartzeko ideia. Merkataritzaren arloan, hainbat neurri proposatzen ditu; besteak beste, salerosle txikien artean zirkulazioak oztoporik ez izatea. Pisu handiko garraioen kasuan, aldiz, segurtasun kontrol elektroniko bat pasatzea proposatu dute.

Lehentasunak aurretik

Irlandak begi onez ikusi du proposamena. Simon Coveney Irlandako Errepublikako Atzerri ministroak esan duenez, Theresa Mayren gobernuak aurkeztutako dokumentuak gobernuen arteko «sintonia ona» azaltzen du, baina xehetasun gehiago eskatu ditu:«Oraindik ez dakigu nola gauzatuko den brexit-a: baldintzak zehazteko daude. Hala ere, Erresuma Batuaren jarrera aurrerapauso bat dela uste dugu».

Brexit-ak ekarriko dituen ondorioak jakiteko daude. Eragina ahalik eta gutxien nabaritzeko asmoz, EBren eta Erresuma Batuaren arteko behin-behineko merkataritza itun bat egitea proposatu zion atzo Mayren gobernuak Bruselari. Orain arteko funtzionamenduak jarrai dezan, muga zergarik gabeko merkataritza libre bat adostea da xede nagusia. Brexit-a gauzatzen denetik itunak hiru urteko iraungitze epea izatea eskatu du David Davis Erresuma Batuko brexit-aren negoziazioen arduradunak.

EBren erantzuna berehalakoa izan da. Bruselak Erresuma Batuari gogorarazi dio funtsezko gaiak jorratu behar direla lehenik. Esaterako, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikaren arteko mugan ezarri beharreko neurriak adostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.