Orbanik gabeko garaipena eskuratu du

Parlamentuko ordezkarien bi heren lortuta irabazi ditu Hungariako hauteskundeak Viktor Orbanek. Lehen ministro izendatuko dute, hirugarren aldiz jarraian.

Viktor Orban, erdian, igandeko hauteskundeetako garaipena ospatzeko ekitaldian. SZILARD KOSZTICSAK / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
 


Ezustekorik ez da izan Hungariako Parlamenturako bozetan, eta aise nagusitu da Viktor Orban hautagai kontserbadorea. Ez hori bakarrik, sendotu egin baitu bere agintea, aurreko hauteskundeetan hasitako beheranzko joera iraulita. Aurreko aldian, botoen %44 lortu zituen Orbanek, eta %48ko babesa eskuratuta gailendu da oraingoan. Urrun geratu zaizkio aurkariak, gainera; eskuin muturreko Jobbik alderdia izan da bigarren, botoen %20 eskuratuta, eta MSZP alderdi sozialdemokratak %12 lortu ditu.

Parlamentuko 199 eserlekuetatik 134 lortu ditu Fidesz Orbanen alderdiak. Hala, eserlekuen bi heren eskuratu izanak konstituzioa aldatzeko aukera emango dio lehen ministroari. «Garaipen itzela da», azaldu du lehen ministroak, emaitzak jakin berritan: «Garaipen erabakigarria da, eta etorkizunean gure aberria defendatu ahalko dugu». Laugarren agintaldia izango du Orbanek, jarraian egingo duen hirugarrena. Aurrez, lehen ministro izan zen 1998. eta 2002. urteen artean.

Fidesz alderdiaren nagusitasunak eragin handia izan du gainontzeko bi alderdietan. Izan ere, Jobikkeko hautagai Gabor Vonak dimisioa eman du, espero baino emaitza okerragoak lortu dituela eta. Jobbikek diskurtsoa baretu du azkenaldian, boto gehiago lortzeko; emaitzak hobetu dituen arren, baina, irabazlearengandik oso urrun geratu izanak kargua uztera behartu du Vona. MSZPko buruak ere kargua utziko du igandeko bozen ostean. Sozialdemokratak hirugarren indar bihurtu dira hauteskundeen ondoren.

«EBren aldaketa beharra»

Europako Batasunari mintzatu zaio Orban bozak irabazi berritan. Bere jardunaren norabidea aldatzea galdegin dio EBri hauteskunde gauean egindako hitzaldian. Haren esanetan, «aldatu beharra» du EBk, eta zehaztu du ez dela ari batasunaren aurka: «EB indartsu eta arrakastatsua nahi dugu, baina, horretarako, kezkatzen gaituzten kontuez hitz egin behar dugu».

Orbanen gobernuarekin elkarlanean aritzeko asmoa adierazi du Europar Kontseiluak. Margaritis Schinas bozeramailearen arabera, «datozen hilabeteetan aurre egin beharko diegun erronka komunei» aurre egiteko ezinbestekoa izango da bi aldeek batera lan egitea.

Atzo «garaipen argiarengatik zoriontzeko» gutuna bidali ostean, Hungariako lehen ministroari telefonoz deituko dio gaur batzordeko presidente Jean Claude Junckerrek. Schinasek zehaztu duenez, «interes komuneko gaiak» landuko dituzte Junckerrek eta Orbanek. Europako Batzordeko bozeramaileak azpimarratu du EB «demokrazien eta balioen batura» dela.

Hala, adierazi du Junckerrek eta Europako Batzordeak balio horien alde egingo dutela; EBko kide diren estatu guztien betebeharra dela zehaztu du, «salbuespenik gabe». Azken legegintzaldian hainbat alditan egin dute talka EBk eta Orbanen gobernuak.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, bestalde, zoriondu egin du Orban, eta gogorarazi du Hungaria «bazkide leiala» duela bere herrialdeak.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.