Emakumeak blokeoaren aurka

Bartzelonako portutik 22 emakume abiatu dira Gazarantz, bi ontzitan. Israelen bahimendua hausteaz gain, emakume palestinarren egoera azaleratu nahi dute.

Ehunka lagun elkartu ziren Bartzelonako portuan atzo, Dones Rumb a Gaza eskifaiako kideak agurtzeko ekitaldira. SAIOA BALEZTENA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ojos de Brujo taldeko Marinah eta Amparo Sanchez eta Les Kollontai musikarien eta Iris Serrano margolariaren emanaldien giro epelean, Bartzelonako portutik bi itsasontzi atera dira Gazarantz. Eskifaiak berezitasun bat du, itsasoratu diren guztiak emakumeak baitira, nazioarteko hamaika txokotako 22 emakume ausart Amal (itxaropena) eta Zaytouna (oliba) ontzietan. Ehunka lagun hurbildu dira agurtzera, eta Teresa Aranguren kazetariak azaldu die ontzietako eskifaiak mundu zabaleko emakume askoren besarkada garraiatuko duela Gazaraino. «Aurreko urteetan Gazara iristea ezinezkoa izateak ez du esan nahi aurten lortuko ez dugunik», esan dio BERRIAri Laura Arauk, itsasoratu diren 22 emakumeen ekinaldiaren koordinatzaileak.

Askatasunaren Flotillaren Nazioarteko Koalizioak antolatu du Dones Rumb a Gaza misioa—Emakumeak Gazara Bidean, katalanez—. Hamarkada bat igaro da Israelek blokeoa ezarri zuenetik, eta Gazan duten zeru zabaleko presondegia salatzeko helburuarekin abiatu ziren atzo Askatasunaren Flotilla osatzen duten 22 emakumeak, hiru eguneko elkartasun ekitaldien ondoren. «Kataluniako hiriburutik abiatu dira, baina, Gaza bitarte, bi geldialdi egingo ditu Dones Rumb a Gaza eskifaiak», azaldu du Arauk. «Gure helburua da bidean egingo diren geldialdietan jende gehiago igotzea». Bi ontzietan 30 lagunentzako tokia dute, eta espero dute urriaren lehendabiziko astean iristea Gazara.

«Aurre egitea, izatea da»

Askatasunaren Flotillaren Nazioarteko Koalizioak 2010ean egin zuen lehen ahalegin Israelek ezarritako blokeoa hausteko, baina ordutik ez du inoiz lortu. Dones Rumb a Gazak lekukoa hartu du aurten. Bartzelona eta emakumezkoak jarri ditu abiapuntutzat. «Aurre egitea, izatea da; eta Israelek, hainbat herrialderen konplizitateari esker, urte anitzetan izan duen inpunitateari aurre egitea da gure helburua», azpimarratu du Arauk.

Bartzelonako portuan gelditu den arren, Arauk erraietan bizitu ditu aste honetan azken ukituak. 2010etik 2012ra bitarte antolatu ziren flotilletan parte hartu zuen, eta zalantzarik gabe aitortu du eskifaia «bizitzako eskola bat» izan dela beretzat, kolore eta kultura guztietako jendea ezagututa «elkartasun lotura ahaztezinak» eraiki zituelako.

Aurreko urteetako ekinbideekin alderatuta, ilusio bereziz hartu dute antolatzaileek aurtengo ekintza. «Gazaren blokeoa apurtzeko akzio zehatz honetaz haratago, Palestinan nagusi diren beste hainbat borroka ere azaleratu nahi ditugu», azaldu du Arauk. Horregatik erabaki dute aurtengo eskifaia emakumezkoena izatea soilik, Palestinako emakumeen egoeran zentratzeko arreta. «Horrek ez du esan nahi antolakuntzan gizonezkoek parte hartu ez dutenik, noski, baina iruditu zaigu garrantzi berezia duela emakumezkoen tripulazioa osatzeak, are gehiago Palestinako emakumeek pairatzen duten egoera kontuan hartuta».

Askatasunaren Flotillaren Nazioarteko Koalizioak 2010ean ekintzak hasi zituenetik saiatu da Bartzelona ingurutik nabigatzen zuten ontziei geldialdi bat eginarazten hiriburuan. «Baina aurreko agintariek ez zuten sekula gure eskakizuna ahalbidetu». Aurten, eta udaleko gobernu aldaketaz baliatuz —CiU zegoen lehenago; Barcelona En Comu orain—, proposatu dute Bartzelona geldialdi hutsa ez, abiapuntu izatea. Arauren arabera, «urrats garrantzitsua izan da», eta eskerrak eman dizkio udalari. «Portuaren sarbidea udalaren konpetentzia ez den arren, euren kolaborazioari esker lortu ahal izan dugu, ez bakarrik portuko sarbidea, baizik eta azken hiru egunetan antolatu ditugun elkartasun ekitaldiak gauzatzea».

Udala ere eskifaiarekin bat

David Llistar Bartzelonako Udalaren nazioarteko elkarlanerako arduradunak BERRIAri adierazi dio «mundu mailako justizia» dela udalaren kanpo politikaren «ildo nagusia». «Dones Rumb a Gaza egitasmoari babesa ematea ezinbesteko lehentasuna izan dela». Ada Colau Bartzelonako alkateak ere parte hartu du eskifaiaren agurrean. «Giza Eskubideak urratzen dituzten politikarien desagerpena», aldarrikatu du, portura bildutakoen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.