'Baby'-tik Behi Bira

Eguneroko gertakizunak kantugai dituztela kaleratu dute lehenengo diskoa Behi Bi Blues proiektuko Gorka Azkaratek eta Azkaiter Peloxek

Gaizka Azkarate eta Azkaiter Pelox dira Behi Bi Blues taldeko kideak. EKAITZ UZIN / GAZTELUPEKO HOTSAK.
Araitz Muguruza.
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Baby, baby» esaten zuten Bergarako (Gipuzkoa) Jam aretoan jotzen zuten taldeek. Horietako asko entzuna da Unai Azkarate Azkaiter Pelox musikaria, areto horretara sarri joaten baitzen. «Astelehen buruzuri bat izanda ere aitarekin kontzertuak ikustera joaten nintzen areto horretara, eta musikariek sarritan esaten zuten baby». Jam aretoa orain diskoteka da, eta Azkaratek hango bizipenak gogoratzeko Behi Bi, Behi Bi Blues abestia sortu zuen, gerora Gaizka Azkaraterekin sortu duen proiektuak hartu duen izen bera, hain zuzen. Lehenengo diskoa kaleratu berri dute Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin.

Izenak dioen moduan, bluesa egiten dute. Hala izan behar lukeela iruditzen zaio Azkaiter Peloxi: «Gorka Soraluzekoa da, eta hura bluesaren sehaska dela esan daiteke». Duela urte batzuetatik hona, bluesaren inguruan dabil musikari bergararra ere. «Aukera handia ematen digun estiloa da bluesa, erraztasun handia ematen digu, eta jam saio askotara joandakoak garenez, daukagun ezagutza ere handia da».

Blues estilokoak dira, beraz, diskoko 11 abestiak, baina Azkaiter Peloxek zehaztu du estilo gehiagoren ukituak ere badituztela abestiek. Zerbait begian sartu zait eta Etxera bueltan abestiek funk eta swing ukituak dituztela dio. Etxera bueltan kantuan, hain zuzen ere, bidaiak dituzte hizketagai. «Gaizka eta biok oso bidaiazaleak gara, eta egia da bidaiek ematen dutela kantuak sortzeko aitzakia edo inspirazioa». Oraindik kontzertu gutxi eman dituzte, baina espero du luze gabe Euskal Herri osoan ariko direla zuzenean.

Otis Redding abeslariaren Sitting On The Dock of the Bay abestia Euskal Herriratu, eta Orioko itsas ertzean abestia sortu dute. «Reddingek Kaliforniako itsasertzarekin egin zuena errepikatu nahi izan nuen. Orion (Gipuzkoa) eman nuen denboraldi bat bizitzen, eta oso berezia izan zen niretzat bolada hura, hango egunerokotasuna azaldu nahi izan dut abestian». Izan ere, gauza sakonetan murgildu baino, nahiago du txikikerien inguruan aritu Azkaiter Peloxek. «Hitzek ez dute zehaztasun handirik, gauzak airean uztea gustatzen zaidalako. Esaerak edo gertakizun txikiak erabiltzen ditut adierazteko».

Kantuak estudioan amaituz

BAP taldearen Ez dut ezer esan nahi abestiaren bertsioa da diskoan dagoen bigarren bertsioa. VHS formatuko bideo batean ikusi zuen abesti hura modu akustikoan ere jo zitekeela: «Formatu txikirako balioko zuela ikusi genuen, eta guk gure ukitua eman nahi izan diogu». Fredi Pelaez teknikari zutela grabatu zuten diskoa Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioetan 2014ko apirilean. Pelaezek gainera, pianoarekin kolaboratu du Seinale beltza abestian. Diskoko abesti guztiak irekita eraman ditugu. «Ez horregatik entseatu gabe, baina estudioan eman diegu amaiera diskoen konposizioari». Kontzertuen birari irailean ekingo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.