Donostia 2016: «Balorazioa positiboa da, bere akatsekin eta itzalekin»

Kanpoko hamalau erakundek hiriburutzaz egindako ebaluazio txostena aurkeztu du Donostia 2016 Fundazioak. Nabarmendu du proiektua gauzatzeko erronkak eta oztopoak gainditu direla

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«Uste dugu disonantzia espazio bat dagoela, elkar ulertzeko arazo bat: agian, ez gara gai izan modu egokian adierazteko zertan zen proiektua edo nola zegoen definituta hasieratik». Hala baieztatu du Donostia 2016ren zuzendari nagusi Pablo Berastegik. Antzera hitz egin du Miren Azkarate Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak: «Balorazioa, oro har, positiboa da, eta, oro har, esan daiteke kultura hiriburutzak bere helburuak bete dituela. Bere akatsekin eta bere itzalekin». Donostia 2016 Fundazioaz kanpoko zenbait erakunde independentek Donostiaren kultur hiriburutzaz egindako ebaluazio txostena aurkeztu dute, eta balorazioen argi-ilunak aitortu. Hiriburutzaren ebaluazioaren inguruko jardunaldiak egiten ari dira Carlos Santamaria zentroan.

2015 eta 2017 artean egin dituzte azterketak, hiru fasetan: hiriburutza abiarazi aurretik, hiriburutzaren urtean eta amaitu ostean. Hamalau erakunde independentek parte hartu dute ikerketan; besteak beste, Mondragon Unibertsitateak, EHUk eta Deustuko Unibertsitateak. Hainbat ikerketa teknika erabili dituzte: esaterako, dokumentuak bildu dituzte, inkestak egin kalean, eta hautatutako ekitaldiei behatu. Hiriburutzaren proiektu kulturaleko 28 proiektu aztertu dituzte modu horretara.

Egindako azterketek erakutsi dute herritarrek hiriburutzaz duten pertzeptzioa desberdina dela zenbait faktoreren arabera, Berastegiren esanetan. Esaterako, fundazioarekin lotutako albiste negatiboek eragina izan dute proiektu osoari buruz herritarrek duten iritzian; aldiz, hiriburutzak antolatutako ekitaldi bati buruz oso iritzi ona edukitzeak ez die iritzia aldarazi proiektu osoaren inguruan. Era berean, estimatuagoak izan dira ekinaldi zehatzak banaka, proiektua bere osoan baino. Eta, horrez gain, desberdina da batzuen eta besteen iritzia hiriburutzak antolatutako ekitaldietan izan duten parte hartzearen arabera: parte hartu dutenek «askoz ere iritzi hobea» dute hiriburutzaz, parte hartu ez dutenek baino. Eragile kulturalak ere kontuan hartu dituzte hori balorazioan: hiriburutzan parte har zezakeela uste baina azkenean parte hartu ahal izan ez dutenek iritzi negatiboagoa dute.

Oroimenean gordetzea

Herritarren gogobetetze maila neurtzeaz gain, proiektuaren helburuak zenbateraino bete diren jakitea zuten helburu, eta alor horretan egindako balorazioak positiboak izan dira. «Ebaluazioak erakutsi du proposamen berritzailea, arriskatua eta ausarta izan dela, horrek dakarren guztiarekin», azaldu du Azkaratek. Halaber, bidean izandako zailtasunak ere aipatu ditu: «2015eko abenduan aurkeztu zen programa hura gauzatzeak zekartzan erronkak gainditu egin dira, nahiz ez den erraza izan eta egon diren gainditu beharreko oztopoak: batzuetan hobeto, eta beste batzuetan ez hainbeste».

Azkarateren ustez, donostiarren, euskaldunen eta iaz Donostian izan zirenen «begietan eta oroimenetan» geldituko diren proiektuak bultzatu ditu hiriburutzak. Zinegotziak bizikidetzaren arloan jarri du arreta: hasieran uste baino ekinaldi gehiago egin dituzte Bakearen itsasargia atalean. Bat nabarmendu du: Adiorik gabe. «Indarkeriaren biktimen aitortza egiteko bestelako modu bat izan da, oso desberdina, askoz ere hunkigarriagoa».

Uda gau bateko ametsa ere nabarmendu du: kultur eragile desberdinak «zertarako gai diren» erakutsi du, haren esanetan, eta txalotu egin du haien arteko elkarlana. «Erakutsi du proiektu berritzaileak eta transbertsalak egin daitezkeela, askotariko eragileek proiektu beraren bueltan lan eginda». Azkarateren ustez, bi ekitaldi horiek hiriburutzaren «bi ikur handi» izan dira.

«Ebaluazioaren kulturan modu definitiboan sartzeko beharra» azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Gainera, haren ustez, «jauzi bat» eman da kultur eragileen artean, eta hiriburutzak haien «ahalduntzea» eragin du: «Garrantzitsua da hori, baita hemendik aurrerako bide, jarrera eta prozesuetan txertatzeko ere». Muñozek ere heldu dio bizikidetzaren gaiari, hizkuntzaren alorretik: azpimarratu du bizikidetza badela hizkuntzen eta hiztunen artekoa ere. «Urrats handiak egin dira: egin den lanarekin argi gelditu da hizkuntzarena ere aniztasunaren alderdi bat dela, elkarbizitzaren alderdi bat dela eta nazioartekotasunaren alderdi bat dela».

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak, berriz, uste du«oso aberatsa eta baliagarria» dela ebaluazioaren txostena: «Batez ere, etorkizunean legatua kudeatzerakoan eduki ditzagun zenbait eragilek egindako ekarpenak eta begirada kritikoa». Hain zuzen, hiriburutzaren legatuaren plana hilaren 29an aurkeztea aurreikusita daukate.

Zauriak sendatzea

Adiorik gabe proiektu «ausarta eta beharrezkoa» izan da, Itxasoren esanetan, baina, horretatik harago, hutsune bat sumatu du. Asko hitz egin da mundu mailako giza eskubideez eta injustiaz, baina ez hainbeste etxekoez, haren ustez. «Agian berariaz egin da horrela zenbait zauri ez zirikatzeko, baina apustu handiagoa egin behar zela uste dut». Azaroan, ordea, bi euskal presoren lanak kendu zituen Donostia 2016k Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketatik. Nabarmendu du garaia aldatu dela proiektua abiatu zenetik bukatu den arte, eta hiriburutzak horretan lagundu izana espero du. «Pentsatu nahi dut hiriburutzak lagundu duela zauriak sendatzen, bizi izan dugun amesgaiztoari beste begirada batez begiratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.