Doinuak ukendu direnean

Josu Bergara kantautoreak bosgarren diskoa kaleratu du: 'Asunak, bide bazterreko melodia sendagarriak'. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du, bihar.
Josu Bergara, <em>Asunak</em> bere diska berria eskuan duela.
Josu Bergara, Asunak bere diska berria eskuan duela. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Peru Azpillaga -

2018ko ekainak 20
Hemezortzi urte zituenean, kontrabaxua alde batera utzi, eta, gitarra eskuan, bere ibilbide musikalari ekin zion Josu Bergarak (Ea, Bizkaia, 1979). Urte asko pasatu dira geroztik, eta haren ibilbideak uzta oparoa ernaldu du: bost disko eta kontzertu andana.

Hain zuzen ere, kaleratu berri duen Asunak, bide bazterreko melodia sendagarriak bosgarren diskoa du kantautoreak. Besteak beste, bihar, Bilboko Kafe Antzokian izango da Bergara, 21:00etan, oraindik labetik irten berri, bero-bero dagoen diskoa aurkezten.

Alta, ez da agertoki gainean bakarrik ibiliko; sei urte daramatza jada Akorde Txikiak bandarekin batera jotzen, eta aurten bi zuzeneko desberdin eskainiko ditu: zazpikotea osatuta —diskoa grabatu duten taldekide guztiekin, biharkoa adibidez— eta hirukote edo laukote formatuan eskainiko dituenak: Nerea Alberdi biolinean, Mikel Nuñez pianoan, eta, batzuetan, Irati Bilbao ahotsetan lagun.

Akorde Txikiak izenak bere lanetan beti presente dagoen leimotiv-arekin du zerikusia. Bergarak gauza txikien indarra oso presente izan baitu beti bere musikan: «Askotan, galdu egiten gara hitz potoloegietan, eta, nire ustez, gure inguruko gauza txikietatik hasita egiten dira iraultzak; hori iruditzen zait benetan polita, eta nire kantuetan jorratu nahi izan dut» nabarmendu du.

Era berean, hori da disko berriarekin aldarrikatu nahi duena. Asunak landare apalak dira, edonon agertu eta, oro har, minarekin lotzen direnak; «nik beste interpretazio bat egiten dut, metafora bat gaitzaren eta onuraren dikotomiarekin». Ortuan hasi zenean deskubritu zuen asunek zenbait landareren gaitzak sendatzeko balio dutela: «Hori da musikarekin lortu nahi dudana: egunerokotasunean puntu sendagarri hori txertatzea».

«Gauza txiki» horien indarra aldarrikatzen du, besteak beste, diskoa irekitzen duen Astelehen arruntak kantuan Bilbon filmatutako bideoklipa du. Horretaz gain, ordea, bestelako gaiak ere jorratzen ditu Bergarak, betiere bere esperientziatik abiatuta. «Niri edo nire inguruan gertatutako gauzak erabiltzen ditut erreferentzia modura. Ez zait kantu abstrakturik egitea gustatzen; mezu bat plazaratzen saiatzen naiz beti». Hori dela eta, Asunak disko berrian, adibidez, sare sozialekin dugun loturari buruz abesteaz gain, adierazpen askatasunarekin lotutako bi abesti ere egin ditu —bat rap eta guzti—, eta baita bere alaba jaioberriari eskainitako abesti bat ere.

Estilo eta kide berriak

Sei urte daramatza jada Bergarak Akorde Txikiak taldearekin jotzen, eta hala gusturago ibiltzen dela plazaratu du. Gainera, estilo gehiagotan murgiltzeko aukera ematen dio: swing, bluegrass, jazz... mota askotako erritmoak aurkitu daitezke disko berrian. Era berean, jendeak ere eskertzen duela uste du, ikuskizun «borobilagoa» eskaintzen zaiolako.

Abestiak egitean ere, ez dago bakarrik, Alberdiren laguntza izaten baitu abestiak taldeari egokitzeko sorkuntza prozesuan: «Nik egiten dut oinarria, hau da, abestiaren hitzak eta melodia orokorra, baita gitarra eta ahotsa nola joango diren ere. Gero, Nerearekin elkartzen naiz, eta pentsatzen dugu gainerako instrumentuek nola joan behar duten; eta berak konposatu egiten du dena».

Alberdik urte asko daramatza konposatzen bai artistentzat eta baita film eta telesailentzat ere. Harekin eta Mikel Nuñezekin batera osatu zuen Akorde Txikiak banda, orain dela sei urte, Katiuska Gorriak diskoa plazaratu zuenean.

Asunak diskorako, esan bezala, taldekide gehiago batu dituzte, eta diskoa zuzenean grabatzea erabaki zuten gainera. «Jo beharreko atala bidali genion bakoitzari, eta grabaketara etxeko lanak ondo eginda joan ginen guztiak». Bergararen aburuz, zuzenean grabatzerakoan perfekzio puntu bat galdu daitekeen arren, sinesgarritasuna irabazten da: «Nire ustez, jendeak abestiak benetakoak izatea nahi du, ez perfektuak. Guk, agian, artifizialtasuna galtzen dugu, baina benetakotasuna irabazi», argudiatu du.

Taldekideekin batera hainbat urte daramatzan arren, Bergarak ez du dudarik: bera kantautorea da. «Hemen, Euskal Herrian, 70eko hamarkadako kantautoreekin lotzen dugu beti terminoa. Alta, nik jatorriak kanpotik ere hartu izan ditut, eta han kantautoreak bandarekin ibiltzen dira maiz», adierazi du. Azaldu duenez, kantautorea ez da bakarka aritzen dena: «Nik garrantzia ematen diet kantuen hitzei eta doinuei, baina baita lan hori guztia nik neuk egiteari ere: bakoitzak bere pertsonalitatea izatea nahi dut».

Orain dela hamalau urte hasi zen Bergara kontzertuak jotzen, baina txikitatik darama musikan murgilduta. «Aita pianista zen, eta, zorionez, txikitatik izan dugu musikarako zaletasuna». Txikia zela, kontserbatorioan hasi zen, eta hor konturatu zen sortzea gehiago gustatzen zitzaiola interpretatzea baino. Jada kontrabaxuarekin ez dabilen arren, asko eskertzen du izandako formakuntza.

Halaber, argi du zein den bere musikaren helburua: «Ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi dut, hots, geroz eta jende gehiagok gozatzea nire abestiekin, eta bide horretan nagoela esango nuke». Gainera, Euskal Herritik kanpo kontzertuak ematea ere lortu du. Musika «maratoi» bat balitz bezala bizi du Bergarak: «Nire helburua musikan aritzea da, eta, beraz, gauzak apurka-apurka egin behar dira».

Euskal musikari gehienek bezala, Bergara ez da musikaz soilik bizi. Publizitatean dihardu, eta, horregatik, bere diskoen diseinuari ere garrantzi handia eman die beti. Zenbait diseinatzailerekin lan egin izan du, eta, oraingoan, Sara Prietoren eskua ibili da diskoaren formatu fisikoaren atzean. «Prietok unibertso bat sortu du landareekin, eta diskoan zehar agertzen dira, kolore eta tamaina desberdinekin». Gainera, kamisetak eta poltsak egiteko ere erabili dituzte haren diseinuak.

«Halako lan bat aurrera eramatea oso zaila da, azkenean barrutik duzuna besteei helarazi behar diezulako, eta gero besteek ekarpena egiten diotelako; prozesu luzea izaten da, eta oraingoan behintzat asmatu dugulakoan nago», azaldu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: