18. Korrika. Lehen eguna

Euskalgintzak ireki dio bidea

Abiatu da 18. Korrika Martin Ugalde kultur parketik; euskalgintzako langileek hasi dute bidea, ehunka eta ehunka lagunek babestutaGipuzkoa igarota, Nafarroan barrena ibiliko da gaur, eta arratsaldean iritsiko da Iruñera

Martin Ugalde kultur parkeko langileak lehen kilometroa egiten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Elkarlanarekin egia bihurtutako ametsetik, elkarrekin egia bihurtu nahi duten ametsera. Martin Ugalde kultur parketik, euskaraz bizi nahi duten herritarren altzora. Topatutako zailtasunei eta jarritako oztopoei aurre egiten jakin zuen lekutik, zailtasunei eta oztopoei aurre egin nahi dieten herritarren artera. Euskalgintzan ari diren eragileak bidelagun hartuta. Martxan da 18. Korrika. Martin Ugalde kultur parketik, Andoaindik (Gipuzkoa), abiatu zuten euskararen aldeko pauso ilara. Euskalgintzan diharduten dozena bat langileren eskutik hasi zuen lekukoak bidea, eta Gipuzkoako eta Nafarroako lurrak igaroak ditu honezkero. Gaur du lehen hiriburua: Iruñera iritsiko da.

Beldurra bazen, euria nagusituko ote zen goian-behean, baina hasierako ekitaldian eta kilometro gehienetan ateri eutsi zion. Goizean, ez; jasa mardulak egin zituen, kazkabar eta guzti, eta eskola umeen korrikaldia ez zuten egin. Gaur goizean dute egitekoa. Arratsaldean, bai: atzerapen apur batekin hasi zuten hasierako ekitaldia, eta ordurako atertua zuen.

Topaleku izan ohi da Korrika, eta atzo hala izan zen kultur parkea. Andoaindar andana bat pilatu zen, herritik kalejiran joanda; erraldoiak, trikitilariak eta mozorrotutako jendea izan zituzten lagun. Baita agintariak ere: Ana Carrere Andoaingo alkatea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Iñigo Lamarca EAEko arartekoa, besteak beste.

Protagonismoa, nolanahi ere, parkeko hamabi beharginek hartu zuten. «Euskalgintzaren lantegitik» abiatu baitzen lasterketa, «euskal eragileen gune erreferentetik». Hala adierazi zien Oskar Elizburuk, AEK-ren izenean. Korrikaren aurtengo leloa —Eman euskara elkarri— egunero egia bihurtzeko egiten duten lana eskertu nahi zieten modu horretan.

Erakargarri aurkeztu beharra

Parkearen barruko plazan bertan egin zuten itzulia han aritzen diren hamabi talde eta enpresatako langileek, Edurne Brouard Korrikaren arduradunaren eskutik lekukoa hartu eta gero. Lasterketa amaitzen denean, hilaren 24an, lekukoaren barruan atzo sartutako mezua irakurriko dute Baionan.

Euskalgintzan dihardutenek ez ezik, ordea, euskaldun guztiek egin beharko lukete lan Eman euskara elkarri leloa zabaltzeko. Hori nabarmendu zien Elizburuk. «Euskara erabiltzeko joera landu behar dugu, transmititu egin behar dugu». Munduaren aurrean, euskara erakargarri aurkeztu. «Euskara maite dugula erakutsi behar dugu, eta euskaldun izateak abantailak dituela hedatu».

Erakargarria bada Korrika, eta euskara erakargarri egiteko bidea jartzen du herrietan. Bete ziren atzo ere kale bazterrak Martin Ugalde kultur parketik harago joanda ere; Andoainen bertan ordu erdi egin zuen lasterketak, eta, Tolosarako bidean, ordu eta erdiko jende jarioa etengabea izan zen. Baita Tolosatik Goierri aldera ere.

Belaunaldi berrien urratsak ziren asko eta asko, gurasoei edo aiton-amonei eskutik heldu eta tira egiten zieten ume eta gaztetxoenak. Badute zeregina haiek ere, nahiz eta euskaraz jakin ez. Elizburu: «Aukera eman behar diote euskara erabili nahi duenari. Ezagutza unibertsalizatu beharra dago euskara kohesiorako tresna izateko. Horretarako, ahalegina egin, eta euskara ikasi egin beharko dute, euskara jakiteak haiei eta ondokoei egingo baitie mesede».

Maldak, euskararenak

Urrats hori eman dutenak, euskara ikasleak, ditu bereziki gogoan aurtengo Korrikak, «euskara elkarri ematea delako egiten ari diren ahalegina». Euskaltegien mugimendua ikusteko aukera bada lasterketa; Tolosan, esaterako, Aitzol udal euskaltegiko bi kidek eraman zuten lekukoa, ikaskideen eta irakasleen txalo eta oihu artean. Jendea bazuten atzetik. Leporaino beteta joan baitziren kaleak herri handietan; Andoainen bertan, Villabonan, Tolosan, Ordizian... Aldapa gogorretan atzendu zen jendea; Adunan, adibidez.

Maldak baditu euskalduntzeko bideak, eta horiek ere hartu zituzten hizpide hasierako ekitaldian. Euskaldunei eta erdaldunei ez ezik, eskariak egin baitzizkieten erakundeei ere. «Berezko hizkuntza normalizatzeko sustapena eginez eta ikasteko eta erabiltzeko baliabidean jarriz ere ematen zaio euskara elkarri». Hartara, euskalduntzean doakotasunaren alde egiteko eskatu zuten. «Alor estrategikoa dela inork ez du zalantzan jartzen; beraz, euskaltegiak eta ikasleak baliabide egokiz hornitzea da eskatzen dieguna». Jaurlaritzak %12 murriztu nahi du euskalduntzerako aurrekontua, atzo bertan zabaldu zuenez.

Garai berriei erreparatu nahi die Korrikak aurten, zabaldutako itxaropen giroari. Uste baitu «giltza» izan behar dela euskara «ezberdinen arteko elkarbizitzan». Urratsak badira; Andoainen, elkarren segidan egin zuten korrika ezker abertzaleko eta PSE-EEko ordezkariek. Datozen egunetan, aniztasunarekin batera, herritarrek euskaraz bizitzeko nahia azaltzea nahi dute. Euskara elkarri emateko nahia erakustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.