HITZ BESTE

Toiloarena

Anjel Lertxundi -

2015eko abenduak 30
Enrique Iglesiasen Sri Lankako zaleek titi-xorroak eta motxin-tangak bota omen zizkioten kantariari, eta agintariek, lizunkeria zigortzeko, kontzertuaren antolatzaileak kondenatu dituzte hainbat zartako hartzera arrain baten bizkarrarekin emanak. Zartakoak arrain batekin? Izango zen inuxente eguneko albistea ziritzat hartuko zuen inuxenterik, baina Goenkaleri entzuna dionak toiloarena jo esamoldea agian entzungo zuen telesaileko kapituluren batean emandako argibidea ere: toiloa izeneko arrainak azal gogorra baitu, hura biguintzeko karelaren kontra kolpatzen zuten arrantzaleek. Hortik datoz toiloa jo edo toiloa eman esamoldeak jipoiaren zentzuan, eta, hedaduraz, zigor fisikotik dialektikora txango eginez, toiloarenak jo deitzen diogu adar-jotzeari.

Ibilian-ibilian eta ikusitakoak ikusi ondoren, batu biziaren xorro-tangak Sri Lankatik ETB Landatik baino aiseago heltzea, hori bai litzatekela toiloarena jotzea…

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna