Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Napoleonen ihesa eta zerga erreforma

2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Elba irlako erretiro behartuan urduri zebilen Napoleon enperadorea. Ekintza gizona izanik, Bonaparte ez zegoen prest galdutako botereari uko egiteko, eta uhartetik ihes egin zuen 600 bat soldadurekin, Pariseraino martxa egiteko asmoz. Garaiko Le Monitor Universel egunkariak ihesaldiari buruz egindako tituluek pertzepzio aldaketa baten neurria ematen dute, gaur ere irakurrita. Zitalak ihes egin du, zioen, lehen albisteak jasota. Bihozgabea Cannesen lehorreratu da, ohartarazi zuen Napoleon Frantzia kontinentalera iritsi zenean. Tiranoa Lyonera iritsi da eta Usurpatzailea, hiriburutik 60 ordura izenburuek martxa geldiezina islatu zuten. Bonaparte pauso handiagotuetan hurbiltzen ari da oharrari jarraitu zion Napoleon bihar geure harresien aurrean egongo da tituluak. Eta azkenik, Bonaparte Parisen sartuta zegoenean, bukaerakoa: Fontainebleaun da maiestatea. Zitaletik maiestatera hilabete eskas batean. Ez dago gaizki.

Aldeak alde, urte batzuk barru kuriosoren batek begiratzen baditu asteon iragarri den zerga erreformari buruz pasa den hilabeteotan atera diren titularrak eta eman diren iritziak, antzeko sentsazioa izan dezake. Otsailean, erreforma «sakon» baten alde egin zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, diru gehiago biltzeko beharra argudiatuta, bereziki sozietate zergarekin. Egun batzuk geroago Iñigo Urkullu lehendakariak «presazko arrazoiak» ikusi zituen erreforma hori gauzatzeko. Ideia horri helduko zion berriro Azpiazuk geroago, «egiturazko» erreforma bat eskatuta. Ordurako, hala ere, ari zen haizea aldatzen. «Erreforma baino gehiago, doikuntzak» egitea defendatu zuen Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun ahaldunak. Antzera mintzatu ziren Bizkaia eta Gipuzkoa —Unai Rementeriak murrizketa defendatuko zuen gero sozietate zergan—, eta uda osterako geratu zen gaia. Iraila iritsi zenerako «ukitu teknikoak» izango zirela aurreratu zuten EAJko eta PSEko ordezkariek, eta, azkenik, joan den astearte iluntzean iritsi zen akordioaren albistea, 2018rako zerga neurriei buruzko proposamena izenburuarekin bataiatuta. «Premiazko» erreforma sakonetik ukitu «teknikoetara» egin da bidea, ia Napoleonek Elbako irlatik Pariseraino kanpaina egin zuen abiadura berean.

«Neurri posible eta errealen sintesi» gisa definitu zituen aldaketak Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, gaiari buruz Eusko Legebiltzarrean ostiralean egin zioten galderari emandako erantzunean. Buelta askoren ondoren ematen du zer pentsa akordioa eta erabakiak transmititzeko modua bera. Ohar bat asteartean eta foru arau proiektuak osorik ostegunaren joanean. Ez aurkezpenik, ez bilketan izango duen eraginari buruzko kalkulu edo aurreikuspenik. Adostutakoarekin «pozik» daude, Denis Itxaso Gipuzkoako ahaldun nagusiorde eta PSE-EEeko ordezkariaren arabera. Bada, egia izango da, baina ez dute aparteko ahaleginik egin akordioa saltzeko.

Partida amaitu gabe dago, ordea. Jakina denez, erreforma harmonizatu bat egin nahi bada, ez da aski izango jeltzaleen eta sozialisten botoekin. Araban beste bazkide bat gehitu behar dute dantzaldira, eta, batzar nagusietan Ahal Duguk duen egoera kontuan hartuta, soilik EH Bildu edo PP izan daitezke. Baliteke, gainera, bi alderdi horietako baten abstentzioarekin nahikoa ez izatea, eta babes esplizitua lortu behar izatea moldaketarekin aurrera egiteko.

PPk ikusi du abagunea, eta babesaren truke sozietate zergaren tasa nominala hiru puntu jaistea exijituko du, %28tik %25era. Justu Unai Rementeriak berak defendatu izan duen jaitsiera, eta Confebask patronalak ez egitea kritikatu duena. Ez da erraza izango tramitazioan auzi hori berriro irekitzea, jeltzaleei eta sozialistei ados jartzea zenbat denbora kostatu zaien ikusita. Sozietate zergaren tasari buruzko eztabaida hori zokoratu nahi izan dute EAJk eta PSEk, baina berriro ere etorriko zaie bueltan, Napoleon Bonaparte Elba irlako erretiro behartutik itzuli zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.