Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehenengo itzulia

Sarkozyrik gabe, maldan behera

Bigarren itzulirako UMPk ez du eskatu, ohi bezala, eskuin muturraren kontrako botoa

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako eskuin parlamentarioak ez du sozialistekin kohabitazioan agintzeko aukerarik izango. Nicolas Sarkozyren UMPk gobernua galdu zuen, eta orain legebiltzarra galtzear da, nahiz eta alderdiko buruzagiek ez duten porrota onartu. Jean-François Cope UMPko idazkari nagusiak eta François Fillon lehen ministro ohiak —Sarkozy ordezkatzeko gehien entzuten diren izenak— sozialisten emaitzak soilik hartuta «pare-parean» geratu direla nabarmendu nahi izan dute, baina Frantziako zentro-eskuinak botoen %34 lortu ditu, duela bost urte baino ia 11 puntu gutxiago, eta UMPk bakarrik ia 3.000.000 boto galdu ditu.

Bistan da UMPk etorkizun zailari aurre egin beharko diola legebiltzarreko hauteskundeak amaitu bezain laster.Baina bitartean, aste honetan bertan, eskuin muturrarekiko izan duten jarrera aldaketak ere zeresanik eman du, izan ere, Errepublikaren Fronteakolokan jarri baitute, historikoki bi alderdi nagusiek, PSk eta UMPk, eskuin muturra alboratzeko egindako akordioa.

Martin Aubry PSko idazkari nagusiak hautagai sozialistei dei egin die UMP Fronte Nazionalarekin bitara lehiatzen den barrutietan UMPren alde egin dezaten. UMPk, berriz, sozialistak are gehiago indartzeko beldurrez, alderdiko legebiltzarkideei eta militanteei batera edo bestera egiteko askatasuna ematea erabaki du.

UMPk eta Fronte Nazionalak datorren astera begirako estrategia argitu dute, eta ez dira elkarren aurka ariko. Copek «arraultza guztiak ezkerraren saskian» ez sartzeko ohartarazi die militanteei. «Fronte Nazionala eta ezkerreko hautagai bat lehiatzen diren barrutietan gauza ez da FNri botoa ematea, baina ezta ezker muturrarekin aliatzea erabaki duten sozialistei ere».

Fronte Nazionala da gehien hazi dena, eta oso litekeena da Asanblea Nazionalera itzultzea, 1988tik lehen aldiz —zero eta lau hautagairen artean ematen diote inkestek—. Marine Le Penek ere ez du kontsignarik eman, baina bere alderdia ez dagoen barrutietan «moral publikoaren kontrakoei eta antidemokratikoei botorik ez emateko» eskatu du.Itxura guztia dauka udako oporren ondoren martxa hartuko duen legebiltzarrean eskuinak aro berriari hasiera emango diola.

Hamarkada bat

UMP alderdiak hamarkada egin du boterean, baina Jacques Chiracen helburuak desitxuratzen hasi dira. UMP alderdia Chiracen RPR Errepublikaren Aldeko Batasunak eta Jean-Pierre Raffarinen DL Demokrazia Liberala alderdien bat egiteak eragin zuen, Fronte Nazionalari aurre egin beharrak ere batu du eskuina. Sorreratik polemikez eta gorabeherez zipriztindua, baina boteretsu.

2004an Chiracen gobernua ahuldua zela zurrunbilo baten moduan bereganatu zuen SarkozyEkonomia ministroak UMP alderdiaren gidaritza, eta 2007an, presidentetzarako hautagaitzaren berri eman zuenean, bere burua «odol nahastua duen frantziar txikia» bezala aurkeztu zuen herritar hunkituen aurrean. Bere pertsonaren inguruan batu zituen bi korronte nagusiak, ibilbidean gero eta eskuinaren muturrerago kokatu zen arren.

Sarkozy joan da, ordea, eta harekin batera,ika-mikarako garaia heldu da. Ez da berria Coperen eta Fillonen arteko ezinikusia. Iaz, immigranteen gaiak azaleratu zuen UMPren bi korronteen arteko aldea: Copek eskuinerago, islamaren kontra esandakoek bere onetik atera zuten Fillon, eta Sarkozyk ezin izan zuen biak batzeko gaitasun eza ezkutatu.UMPren bi joerak aurrez aurre daude orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.