'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Sortuk dio «arduraz» jokatuko duela, ez dituelako biktimak «mindu» nahi

Urkullu lehendakariak esan du ez duela gustuko Estrasburgoko epaiaren ondoren «garaipen keinuak» ikustea

Erredakzioa
2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Sortuk «pozez» jaso du 197/2006 doktrinaren inguruan Estrasburgok emandako epaia, batez ere Ines del Rio Euskal Herrian delako, «bere eskubideen jabe». Bainapoztasun horretan «arduraz» jokatuko du alderdiak, «biktimak ez mintzeko». Horrela adierazi du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Azaldu duenez, biktimei saminik ez eragiteko Sortuk ez du aske geratzen diren presoentzako ongietorririk antolatuko. «Beste gauza bat da herriak egiten badu», esan du. Arraizek gogorarazi du ezker abertzaleak duela bi urte azterketa kritikoa egin zuela biktimekiko izan duen jarreraren inguruan eta aitortu egin zuela bere jarrera politikoa, «nahi gabe bada ere», biktimekiko mingarria izanzela. Azterketa horren barruan kokatu du Parot dotrinaren inguruan «arduraz» jokatzeko erabakia.

Edonola ere, Sortuk uste du Estrasburgok eman duen epaiak bakebiderako aukera zabaltzen duela eta abagune berri hori baliatu beharko litzatekeela. Besteak beste, espetxe politika aldatzeko eskatu dio Arraizek Espainiako Gobernuari. Sortuk eta ezker abertzaleak euskal presoak askatzeko lanean dihardutela esan du, eta gaineratu du elkarrizketa politikoa bultzatuta euskal alderdi politikoen artean «sinergia berriak» sor daitezkeela.

Ezker abertzaleari mintzatu zaio, hain justu ere, Iñigo Urkullu lehendakaria. Estrasburgok Parot doktrina bertan behera utzi ondoren askatuko dituzten presoen kasuetan «zentzuz» jokatzeko eta omenaldirik ez egiteko eskatu dio. Horren harira, herritarrei galdegin die «gizartearen sentsibilitateari min egin diezaioketen harrokeriak saihesteko» eta «arrazionaltasunetik» emateko pausoak. Urkulluk esan du ez duela gustuko epaiaren ostean «garaipen keinuak» ikustea, «ez ikurrinekin, ez ikurrinik gabe». Era berean, gogorarazi du aske gera daitezkeen presoen artean «krimen larriak eta min handia» eragin dituztenak daudela eta «biktimen memoria» aintzat hartu beharrekoa dela.

Hala ere, lehendakariak ez du uste ebazpenaren ondorioz espetxe politika aldatzea beharrezkoa denik, Parot doktrina bera bertan behera uztea politika hori aldatu duelako jada. Legea zorrotz errespetatuko duen espetxe politika eskatu du Urkulluk, baina aldi berean presoei damua adierazteko eta iraganaren azterketa kritikoa egiteko eskatu die.

«Sumindura» PPrentzat

Nafarroako Gobernuarentzat, berriz, «onartezina» da epaia, eta «sumindura» eragiten du. Hura errespetatzea beste aukerarik ez dagoela aitortu du Juan Luis Sanchez de Muniain eledunak, baina ohartarazi du Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak ez duela «hiltzaile bat biktima bat bilakatuko».

Bestalde, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Iñigo Urkulluri eta Eusko Jaurlaritzari Estrasburgoko erabakiaren ondoren izan duten jarrera aurpegiratu die: «Ez dute zeresan askorik. Zorionez, espetxe politika ez da Euskadin erabakitzen». Urkijok dioenez, Estrasburgok hartu duen erabakia hartu badu, «urruti» dagoelako da, «Espainian jokoan zer zegoen ez zekielako». Horrez gain, espetxe politikarekin «esperimenturik» ez egiteko eskatuko du gobernuaren ordezkariak.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan duEstrasburgoko epaiak ETAren biktimengan sortu duen «samina eta sumindura» ulergarria dela, baina etsita aitortu du ebazpena onartzea beste biderik ez dagoela: «Estatuaren handitasuna horretan datza, eta gobernuak ez du ezer egiteko aukerarik; ezin dugu ezer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.