Muharren Erbey. Idazlea

«Turkiak gorrotoa sustatzen du ezberdintzat duenaren aurka»

Idazle, poeta eta abokatua da Erbey, eta uztartuta doaz haren ibilbidean sortzaile eta militante izaerak. Dioenez, gainera, errepresio giroak nabarmen estutzen du egungo literatura kurdua.

ORSOLA CASAGRANDE.
Habana
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Idazle, poeta eta abokatua da Muharren Erbey (Hazro, Kurdistan, 1969). Ikasle zenetik uztartu ditu kultur sorkuntza eta kausa kurduaren aldeko konpromisoa. Hainbat aldiz izan da kartzelan. IHD alderdiko militante izateagatik atxilotu zuten azkenekoz 2009an, eta lau urte eta erdiren ostean geratu zen aske. Egun, IHDko abokatu eta kolaboratzaile da. Hainbat ipuin bilduma eta eleberri argitaratu ditu, eta sari mordoa jasotakoa ere bada. 2014an, esaterako, Suediako PEN klubaren Tucholsky saria jaso zuen, eta baita Suediako Gobernuak ematen duen Per Anger saria ere.

Konpromiso politiko handia izan duzu beti. Idazle soil izan nahi izan duzu inoiz?

Egia esan, idaztea besterik ez nuke egin nahi, neure burua bakartu, eta bihotzetik ateratzen zaidana paperean jarri. Pasio ikaragarria da. Baina kurdu disidentea izanik, beti demokraziaren eta giza eskubideen alde egon behar dudala sentitzen dut, eta horren ondorioz, maiz, bigarren mailan utzi behar izan dut idaztearena.

Kurduera debekatua egon da urte askoz. Turkieraz idazten duzu nagusiki. Zer harreman duzu zeure hizkuntzarekin?

Denbora luzez ezin izan zen kurdueraz idatzi, legez kanpo zegoelako. Ezin izan ditut ikasketak nire hizkuntzan egin, hormen babesean baino ezin nuen erabili, etxean, eta, hala eta guztiz ere, isilka hitz egin behar, inork entzun ez zezan. Turkiera derrigorrezkoa zen; hizkuntza ofiziala da, baita onartutako bakarra ere, eta, beraz, turkieraz idatzi eta hitz egin behar zen. Nik neuk ere turkieraz idatzi eta hitz egin behar izan nuen, neure hizkuntzan egin beharrean. Zama handia zait hori, eta gogor eragiten dit. Hainbeste, ezen kosta egiten baitzait kurdueraz idaztea.

Zer garrantzi dute edo izan dezakete belaunaldi zaharrek kurduera bizia transmititu, ikasi eta mantentzeko?

Umeek ez badute beren hizkuntza txikitatik entzuten, eta istorio, kondaira eta ipuinen magiak ez baditu harrapatzen, eta ez bada onartzen eta eskoletan irakasten, eta jendearen bizitza kultural eta sozialetik kanpo badago, ezingo dute sekula benetan ikasi. Ezin izango dute beren hizkuntza barneratu, neurri batean beren garunak ukatu egingo duelako.

Esaten duzuna entzunda, zentsura aipatu behar litzateke.

Noski, eta ez da urrun joan beharrik. 2004an prestatu nuen antologia kurdu-turkiarra, esaterako, Diyarbakirgo Udalak argitaratu zuen, eta alkatea epaitu zuten horregatik. Ni atxilotu nindutenean ere, 2009an, nagusiki kurdueraz idatzitako diskurtso, idazlan eta prentsa komunikatuekin loturik zeuden akusazioak.

Nola antolatzen dira sare kulturalak iraun ahal izateko?

1990eko hamarkada amaieran Turkian kurduerazko hainbat argitaletxe sortu ziren: Avesta, Aram, Lis eta abar. Eta, hurrengo urteetan, gora egin zuen kopuruak, baina, irakurle gutxi zegoenez, ateak itxi behar izan zituzten haietako askok. Aldizkariak ere sortu ziren, baina, kasu horretan, epaileek itxi zituzten, propaganda separatista egitea egotzita, «terrorismoa» babestea leporatuta edo beste edozein aitzakia erabilita. Gaur egun ez dira aldizkari asko gelditzen; are gehiago, desagertzeko arriskuan daude,Turkiako Estatuak kurduerazko edozein erakunde kulturalen aurka errepresio sistematikoa ezarri duelako.

Zergatik kurduen aurkako halako obsesioa?

Turkiak beldurra die aldaketei, administrazio demokratiko bati. Beldurra dio garai berrietara egokitzeari, eta, beldur hori gailentzen den artean, okerrera egiten dute arazoek eta errepresioak. Administrazio zentralizatu baten aldeko insistentziak arazoak larriagotzen ditu. Kurduen estatus politikoa gai zentrala da oraindik ere. Turkia fragmentazioaren beldur da, eta, horregatik, egunero sustatzen du ezberdin kontsideratzen dituenen aurkako gorrotoa, ezberdin diren neurrian, herrialdearen batasunarentzako mehatxutzat jotzen dituelako.

Polarizazio sistematikoa dakar horrek; gizartea zatitzen duten narratiba diskriminatzaileak. Guztion ezberdin eta libre izateko eskubidea onartzea litzateke normalena, osterantzean, tentsioak ez dira sekula amaituko.

Zertan oinarritzen duzu zure literatura?

Historiak jakin-min handia pizten dit. Ez dut heroiengan sinesten, nire pertsonaiak hutsalak dira, historiari erreparatzen diot nik. Nire bizitzan beti daude presente kurduen ipuinak, eta askotan edaten dut ahozko literaturaren indarretik. Batzuetan, topatzen ditut pertsona batzuk, eta ikusten ditudan moduan txertatzen ditut nire nobela eta ipuinetan. Eskutik eraman eta sartu egiten ditut; batzuetan ez datoz, eta engainatu egiten ditut, tranpak jartzen dizkiet, nire istorioan giltzapetzen ditut, itsasora botatzen dut giltza, eta Ifrits jartzen dut atarian, Mila eta bat gauak-ekoa, ihesik egin ez dezaten. Kontakizunak azken ikasgaia izan ohi du, baina hori baino baliotsuagoa da bizitzen den esperientzia; irizpide moral abstraktuak ez dira erakargarriak, eta jendeari gehiago interesatzen zaio errege misteriotsu bat, printzesa mimatu bat, etekin handiak lortzeko desiotan dagoen saltzailea.

Zer egoeratan dago egungo literatura kurdua?

Kurdistango lurrak eta kultura ditut elikagai, horregatik nago etengabeko harremanean Idazle Kurduen Elkartearekin eta PEN kurduarekin. Erakunde kurduek arazo asko dituzte: arazo ekonomikoak, irakurle falta, presio ikusgarri eta ikusezinak, banaketa arazoak, publizitate eta promozio falta, eta, nahiz eta tristea dirudien, ez dago literatura kurduarekiko interes handirik.

Literatura kurdua aipatzen dugunean Turkiatik kanpo sortzen dena ere izan behar da gogoan.

Bai, noski. Ahozko literatur tradizioak duen indarrari esker iraun du bizirik literatura kurduak. Joan den mendean izan ziren hainbat lan kurdueraz, baina liburu gehienak Sobietar Batasunean eta Europan kaleratu dira, Kurdistanen aurkako zapalkuntza dela eta. 1990eko hamarkadaren ostean, liburu batzuk argitaratu dira Bashur-en [Irakeko Kurdistanen] eta Bakur-en [Turkiako Kurdistanen], eta, kurduen borrokari esker eta errepresioa gorabehera, egunkariak, aldizkariak eta literatura ere loratu dira Siriako Kurdistanen. Irangoa oso erregimen zapaltzailea da, eta literatura kurduak ez du garatzeko aukera handirik izan han.

Zer idazle gomendatuko zenizkioke literatura kurdua ezagutzen ez duen publikoari?

Izen garrantzitsuak badaude, baina, tamalez, beste hizkuntzetara itzuli diren oso nobela eta ipuin gutxi daude. Ahmed Xani pentsalari eta idazle handia izan zen; Piremerd da gure Anton Txejov; Eres Semo ere handietariko bat da, eta Sobietar Batasunean idatzi zuen bere lehen nobela; Cigerxwin Hego Kurdistango poeta handia da; eta Mehmed Uzun funtsezkoa izan da nobela kurdu modernoarentzat. Eta badira poeta interesgarri eta gazteagoak ere, Selim Temo eta Sener Ozmen, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.