Etxebizitza

Sei etxetik batean ez da inor bizi

Euskal Herriko etxebizitzen %8 pasa hutsik daude: 128.000 etxe ia. Beste %7 bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dituzte; Lapurdin %22 dira horrelakoak

Sei etxetik batean ez da inor bizi.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Eguneroko bizimodurik ez dute egiten sei etxebizitzatik batean: ez da inor bizi egunerokoan. Errolda datuak aztertuta, hara Euskal Herriko egoera zein den: hutsik daude etxeen %8,4 (128.000 ia), eta %7,4 bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dituzte, opor garairako eta (113.000 etxe). Aurreko urteetako datuen aldean, hau da joera: handitu egin da etxeen kopurua —adibidez, 2000n baino 481.000 etxe gehiago daude—, eta txikiagoa da etxe hutsen eta bigarrenen pisua —garai hartan, %10 ziren bigarren etxeak, eta %13 etxe hutsak—. Herrialde batetik bestera alde nabarmena dago, nolanahi ere: etxe huts gehien Araban daude (%12), eta gutxien, Lapurdin (%5); bigarren etxebizitzen portzentajea, hain justu, Lapurdin da handiena, alde handiz: %22 dira bigarrenak.


Etxebizitzen egoerari buruzko informazioa argitaratu berri du INSEE Frantziako Estatistika Institutuak: 2014ko errolda datuetan oinarrituta, herriz herriko datuak eman ditu, eta, beraz, Ipar Euskal Herriko zenbakiak lor daitezke. Hego Euskal Herriari dagokionez, 2013an kaleratu zituen herriz herriko azken datuak INE Espainiako Estatistika Institutuak —2011ko errolda datuak dituzte oinarri—. Bi iturri horien bidez egin daiteke, beraz, etxeen egoeraren argazkia.

Bigarren etxeei dagokienez, Lapurdiko datuak dira nabarmenak: bost etxetik bat baino gehiago erabiltzen dituzte aisialdirako. Ez eskualde guztietan berdin. Lapurdiko Itsas Hegikoa da Euskal Herri osoko ehuneko handiena: bigarren etxebizitzak dira %37. Eskualde horretan daude, adibidez, Donibane Lohizune, Getaria eta Urruña. Gainerako eskualdeetan gutxiago dira bigarren etxeak: BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremuan, adibidez, %19 dira, batez ere Miarritzeren eraginagatik —%41 dira bigarren etxeak—.

Kostaldean gehiago ageri dira era horretako etxeak, oro har. Gipuzkoan, adibidez, Urola Kostak du proportziorik handiena, tartean baitago Zarautz —bost etxetik bat da bigarrena—. Bizkaian, hori gertatzen da Mungia-Plentzia inguruan: Bakio eta Gorliz daude eskualde horretan; Bakion, erdiak baino gehiago dira bigarren etxeak. Lea Artibain ere sumatzen da joera hori, batez ere Lekeition —%30 dira bigarren etxeak—.

Barnealdeko eskualdeetan gutxiago dira aisialdirako etxebizitzak, baina desoreka nabari da. Zuberoan, adibidez, Basabürüan lau etxetik bat da bigarrena, baina Pettarran, %6; Nafarroa Beherean, Baigorri-Ortzaizen eta Garazi aldean ia bost etxetik bat dira halakoak, eta Amikuzen, %6 eskas. Bi herrialde horietan, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, barnealdeko beste herrialdeetan baino bigarren etxebizitza gehiago dago.

Barnealdeko herriak

Bigarren etxebizitzak ez, etxe hutsak ageri dira askoz gehiago barnealdeko eskualde gehienetan. Nafarroako mugen inguruan eta Araba hegoaldean batez ere. INEk ez du ematen 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako informazio xeherik, eta, beraz, eremu batzuetan ezin da jakin inor bizi ez den etxeetatik zenbat diren hutsik dauden etxeak eta zenbat bigarrenak. Nabariak dira joera batzuk, hala ere. Barnealdeko eskualdeetan inor bizi ez den etxerik gehienak hutsik daude. Adibidez, Baztanen: %32 etxetan ez da inor bizi; %25 hutsik daude, eta %7 dira bigarren etxeak. Tafalla aldean, etxeen %30ean ez da inor bizi; Tafallako datuei begiratuta, ageri da herriko etxeen %3 direla aisialdikoak eta %18 hutsik daudela urte osoan. Enkarterrin ere sumatzen da antzeko joera bat: Karrantzan %25 etxe hutsik daude, eta %9 dira bigarren gisakoak. Busturialdean eta Arratia-Nerbioi eskualdean ere antzekoa da egoera. Gipuzkoan, Urola Kostaren ostean, Debabarrenean dago ohikoak ez diren etxebizitzen portzentajerik handiena. Etxe hutsak dira gehienak: Eibarren, adibidez, %0,7 dira bigarren etxebizitzak, eta erabat hutsik daudenak, %12.

Nafarroa Beherean, Amikuzen eta Agaramounten daukate etxebizitza huts gehien, eta Zuberoan, Pettarran —guztietan %10 baino gehixeago dira—. Lapurdin dago etxe huts gutxien: %5. Kostaldeko eskualdeetan dago gutxien, bigarren etxe gehien dagoen eremuan.

Iparraldea eta Hegoaldea

Etxebizitza kopurua hazten ari da etengabe. Azken datuen arabera, Euskal Herrian 1,5 milioi etxe baino gehixeago daude. 2000. urtean baino 250.000 gehiago dira. Zazpi herrialdeetan handitu da etxebizitzen kopurua, batez ere Araban (%25). Lapurdin eta Nafarroa Beherean %15 handitu da kopurua 2007tik. Gorakada guztietan, baina, etxeen egoerari dagokionez, bi joera. Batetik, Ipar Euskal Herrian, bigarren etxebizitzen kopurua handitzen ari da etengabe. Lapurdin, 24.600 etxe ziren 1999an, eta, orain, 37.000; Nafarroan Beherean, 1.500 ziren, eta 2.200 dira; eta Zuberoan, 950 ziren, eta, orain, 1.100. Hegoaldean, berriz, etxebizitzen kopurua igo den arren, inor bizi ez diren etxeak gutxiago dira. Hara: Araban, ohiko etxebizitzen kopurua %33 handitu zen 2001-2011 artean, eta inor bizi ez den etxeen kopurua, %10 jaitsi; Nafarroan %32 ohiko etxe gehiago dago, eta bestelako %14 gutxiago; Bizkaian %18 igo da eguneroko etxeen kopurua hamar urtean, eta bestelakoena, %8 jaitsi; eta Gipuzkoan, %18 hazi da eguneroko etxebizitzen kopurua, eta bestelakoak %21 gutxiago dira.

Ipar Euskal Herriko datuen azterketa egin du Gaindegiak, eta azaldu du etxe hutsen kopurua igotzen ari dela, nahiz eta beste herrialdeetan baino gutxiago izan. Barnealdean eraikin zaharrak geratu ohi dira hutsik; kostaldean, bigarren etxe bihurtu ohi dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.