Barzanik hiru egun eman dizkio Iraki negoziatzeko

Alternatibarik ez bada galdeketa atzeratzea ezinezkotzat jo du Irakeko Kurdistango presidenteak. Kirkuken etxeratze agindua ezarri dute, liskarren beldur

Irakeko Kurdistango erreferenduma babesteko manifestazioa Kirkuken, atzo. STR / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidente Massud Barzanik hiru eguneko epea eman dio Irakeko Gobernuari Arbilekin akordio bat lortzeko. Irailaren 25eko erreferendumari alternatiba bat eskaintzeko aukera eman dio: «Betiere, alternatibak independentziara gidatzen bagaitu». Proposamen «bideragarririk» iristen ez bazaie, galdeketa atzeratzea «ezinezkoa» izango dela adierazi du Barzanik.

Kirkuk hirian tentsioa gora doan bitartean iritsi da Barzani presidentearen «ultimatuma». Etxeratze agindua ezarri dute hirian, astelehen gauean Irakeko Kurdistango erreferenduma babesten zuen gazte kurdu bat hil ondoren. Irakeko Fronte Turkmena alderdiaren egoitzako zaindariekin gertatutako istilu batean hil zuten gaztea, tirokatuta. Beste bi gazte kurdu eta turkmen zaindari bat zauritu zituzten. Gazteak irailaren 25eko erreferenduma babesteko hiria zeharkatzen ari ziren Kurdistango banderekin, Fronte Turkmenaren bulegoaren aurretik igaro zirenean.

Etxeratze agindua ezarri dute galdeketarako astebete baino gutxiago falta dela, «etnien arteko istiluak» eragozteko. Kirkukeko gehiengoa kurduak dira, baina ugari dira arabiarrak eta turkmenak ere. Probintziak erreferendumean parte hartuko zuela adierazi zutenetik tentsioak gora egin du. Probintzia Irakeko Kurdistanek beretzat aldarrikatzen dituen lurraldeen artean dago. Egun, pexmergak —indar armatu kurdua— daude han hedatuta, 2014an EI Estatu Islamikoak Irakeko armada kanporatu zuenetik.

Bagdaden eta Arbilen arteko gatazkaren erdian, Irakeko Parlamentuak Kirkukeko probintziako gobernadore Nexmedin Karim kargugabetzearen alde egin zuen, «erreferendumaren alde egiteagatik». Kirkukeko Probintziako Kontseiluak, ordea, ez du onartu parlamentuaren erabakia.

Atzo, Karimek parte hartu zuen erreferendumaren aldeko mitin batean, Kirkuken. Harekin izan zen Irakeko Kurdistaneko presidenteorde Kosrat Rasul. Rasulek azpimarratu zuen hiria osatzen duten gainontzeko etniekin «erlazio onak» mantentzea ezinbestekoa dela. Eta erreferendumean parte hartzeko dei egin zien haiei ere. Presidenteordearen ustez, galdeketa beharrezkoa da kurduen eskakizunak gauzatzeko: «Irakeko Gobernuak ez du Kurdistango herritarren eskakizunik aurrera eraman».

Irakeko Kurdistanek hartu beharreko lurraldeen inguruan eztabaida sortu da azken asteetan, batez ere petrolioan aberatsa den Kirkuken. Irakeko Konstituzioaren 140. artikuluaren arabera, eskualde autonomotik kanpo egon arren, lurralde horrek eskubidea du Irakeko Kurdistanen zati izan nahi duen erabakitzeko.

Irakeko Kurdistango presidente Massud Barzanik adierazi zuen kurduak euren mugak ezartzeko prest daudela, Irak erreferendumaren emaitza onartzeko gai ez bada. Lehen ministro Netxirvan Barzanik, ordea, azaldu du galdeketak ez duela mugarik zehaztuko: «Hori Bagdadekin serioski hitz eginda bakarrik gerta daiteke. Ez gara aldebakarreko soluzio bat inposatzen ari Kirkukentzat». Lehen ministroak azaldu du kurduek gainontzeko etnien gainetik «inposatzeko» nahirik ez dutela, eta erreferenduma prozesu «erabat demokratikoa» dela.

Erreferenduma eteteko asmoz, Irakeko lehen ministro Haider Al-Abadik Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganekin hitz egin du. Erdoganek «erabateko babesa» adierazi dio Irakeko Gobernuari, «Iraken osotasuna mantentzeko asmoarekin». Bestalde, Al-Abadiren bulegoak azaldu du lehen ministroa izan zela Barzani presidentearen eta eskualde autonomoko parlamentuko presidente Yousif Mohammeden aurkako salaketak jarri zituena, «erreferenduma bultzatzeagatik». Izan ere, parlamentu hark aurreko ostiralean bozkatu zuen erreferenduma egitearen alde.

Hawijara galdeketa ostean

Pexmergen komandante Kamal Kirkukik azaldu du Hawija askatzeko operazioa erreferendumaren ostean abiatuko dutela. Egun, Hawija EIren esku dago. Pexmergek adierazi dutenez, Irakeko armada eta nazioarteko koalizioa euren baiezkoaren zain daude aurrera egiteko: «Datorren astean erantzungo diegu». Bestalde, Hawijaren inguruko hainbat lurralde datorren larunbaterako kontrolatuta egongo direla diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.