Immigrazioa. Libia

Nazioartean tratatuko dute Libiako immigranteen esklabotzaren auzia

NBEk neurri zehatzak hartuko ditu esklabotzari aurre egiteko. Libian 700.000 lagun baino gehiago daude «egoera irregularrean». 2017an 3.033 immigrante hil dira Mediterraneo itsasoan

Immigrante talde bat lehorreratzen, Libiako kostazainek erreskatatu ostean, uztailean, Guaraboulin. EPA / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Libian egin diren Saharaz hegoaldeko immigranteen salerosketa eta esklabotza salaketak aztertzeari ekin diote nazioarteko erakundeek. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak gaia tratatzeko ezohiko bilera bat egin zuen atzo, Frantziaren delegazioak eskatuta: «Ekintza makur horiei erantzun eraginkorrago bat emateko». EB Europako Batasunak eta AB Afrikako Batasunak ere gaur aztertuko dute gaia, Abidjanen (Boli Kosta) abiatuko duten goi bileran.

AEBetako CNN kateak immigranteak kateatuta erakusten dituen bideo bat zabaldu zuen aurreko astean, enkantean saltzeko prest, Libiako eremu identifikatu gabe batean. Nazioartearen erantzuna eragin dute irudiok, eta NBEko errefuxiatuentzako goi mandatari Filippo Grandik segurtasun kontseiluko bileran azaldu zuen ezin dela «ez ikusiarena egin».

NBEk neurri zehatzak hartzea erreklamatu zuen, zigor ekonomikoak barne. Libiako agintariei laguntzeko deia ere egin zuen Grandik, immigranteentzako eta errefuxiatuentzako harrera sistema berri bat sortzeko: «Mediterraneoko bidearen inguruko neurriak gehiegitan mugatu dira kontrolera eta disuasiora. Horrek gizatasuna ken diezaioke egoerari, eta ez die errefuxiatuei eta immigranteei laguntzen».

IOM Nazioarteko Immigraziorako Erakundeko zuzendari nagusi William Lacy Swingekbat egin zuen Grandirekin, eta gehitu zuen nazioarteak elementu guztiak dituela arazoa amaitzeko: «Akordio garbi bat falta da».

Segurtasun kontseiluko hainbat kidek salatu zuten aurretik ezagunak zirela esklaboen merkatuen inguruko informazioak. «Onartu behar dugu talde gisa makal jokatu dugula egoera hau salatzeko orduan. Okerra konpondu behar dugu», esan zuen Luis Bermudez Uruguaiko enbaxadoreak.

ABko eta EBko ordezkariek gaur hasiko duten goi bileraren gai nagusietako bat ere izango da Libiako egoera. Afrikarako inbertsio planek behar zuten bileraren abiapuntu, baina EBko Atzerri Politikako goi ordezkari Federica Mogherinik adierazi zuen ezinezkoa zela horrelako gai «onartezin bat» ez tratatzea.

Frantziako presidente Emmanuel Macronek parte hartuko dugoi bileran, eta atzo Burkina Fasotik mintzatu zen gaiaz: «Gure betebeharra da inguruko tragediak seinalatzea. Libiakoak gizateriaren aurkako krimenak dira». «Terroristen eta trafikatzaileen» aurkako neurriak hartzea ere proposatuko du Macronek.

ABko presidente Alpha Condek, berriz, beste garai bateko ekintzatzat jo ditu gertakariak, eta esku hartzeko beharra azpimarratu: «Esklabotza modernoa amaitu behar da, eta Afrikako Batasunak bere esku duen guztia egingo du horretarako».

Eragiten dieten herrialdeei euren herrialdeetako immigranteak aberriratzeko konpromisoa eskatu die ABk. Boli Kosta, Ruanda eta Kamerun izan dira martxan jartzen lehenak. Amnesty Internationaleko Libiako aktibista Mehdi bin Yusefen arabera, ordea, hori ez da konponbidea: «Euren herrialdeetan jazarriak izan diren asilo eskatzaileak daude, eta itzultzeak arriskuan jar ditzake». Bin Yusefen ustez, esklabotzaren argazkiek erakusten dutena Libiako hainbat eremutan gertatzen da, eta autoritateen erantzuteko ezintasunak «inpunitate osoa» eman die gaizkileei.

EBko Atzerri Politikako Magreberako ordezkari Vincent Piketek Libiako immigranteentzako atxilotze zentroak ixteko nahia adierazi du, batasunaren izenean. Horien ordez, «jatorrizko herrialdeetara euren borondatez itzultzea bultzatzeko zentro irekiak» finantzatu nahi dituztela azaldu du. Piketen arabera, 700.000 baino gehiago dira Libian dauden «immigrante irregularrak».

Gehienek Europara iristea izaten dute helburu. IOMren arabera, handik abiatzen da Mediterraneo itsasoa zeharkatuz Europara iritsi nahi duten immigranteen eta errefuxiatuen kopururik handiena.

Berriz ere 3.000tik gora

Laugarren urtez jarraian, 3.000tik gora dira Europara iritsi nahian Mediterraneoa zeharkatzen hil direnak. IOMren azken datuek diote urtea abiatu zenetik 163.979 direla Europara iristea lortu duten immigrante eta errefuxiatuak, eta 3.033k galdu dute bizia bidean. Iazko zenbakiak baino apalagoak dira. 2016an 348.591k lortu zuten Europa hegoaldeko kostara iristea, eta 4.757 izan ziren hildakoak. Bide hori hartzen dutenen hiru laurden Italiako kostaldera iristen dira, eta gainontzekoak, Greziara, Espainiara eta Ziprera.

2000. urtetik hil diren immigranteen erdiek Afrika eta Europa arteko itsasoan galdu dute bizia. Izan ere, «munduko mugarik hilgarriena» da, Datuen Analisi Globalerako Zentroaren ikerketa baten arabera.

Zifrek behera egin duten arren, ikerketaren buru Philippe Farguesek azaldu du Europak hasitako immigrazioa geldiarazteko neurriak eta itsasoan heriotzak saihestea «helburu kontrajarriak»izan daitezkeela: «Bide laburrenak eta seguruenak ixteak bide luze eta arriskutsuagoak ireki ditzake, eta horrek itsasoan hiltzeko aukera handitzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.