Ikuslea eskutik hartzeko gogoz

Kepa Akixo 'Zigor' artistaren 280 obratik gora bildu dituzte Miarritzen. Zirriborro, argazki, zurezko eta brontzezko eskultura... bere ibilbide luzea modu «didaktiko» batean ezagutarazteko prestatu dute

Kepa Akixo Zigor artista, Miarritzeko Bellevue aretoko erakusketan bildu dituen artelanetako batzuk atzean dituela. Apirilaren 2ra arte izango dira ikusgai. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ez duela «egurra lantzen, baina zuhaitzak», argi utzi nahi du Kepa Akixo Zigor (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1948) artistak. «Eta ez da batere gauza bera». Puntu hori garrantzitsua zaio artistari. Eta ikuslea horretaz jabetzea, hori ere garrantzitsua zaio. Intentzio horrek nolabait laburbiltzen du Miarritzeko (Lapurdi) Bellevue aretoko erakusketa. Modu «didaktikoan» du pentsatua. Apirilaren 2ra arte, 280 obratik gora dira ikusten ahalko bertan. Artistaren atzera begirada bat, non ikusleak «eskutik hartu», eta bere «istorio txikiak» kontatu nahi dituen Akixok.

Eta istorio horien barnean dago, delako zura ez den zuhaitz horren kontua: «Nik nahiko nuke jendeek senti dezaten hor diren eskultura guztiak orain dela pare bat urte zuhaitzak zirela. Jendeek izugarrizko zailtasunak dituzte horrekin. Badakite intelektualki. Bainaezin dute pentsatu hori [bere eskultura bat erakutsiz] zuhaitzen barnean zela. Orain dela pare bat urte bazituela txoriak, elurra...».

Zuhaitza biluztean agertu obra bat dela ulertarazi nahian ari da: «Abstrakzioaren barrenean ez dute ezer ikusi nahi», asaldatzen da artista. Arroka formako eskulturak ikustean, arrokak baizik ikusten ez baitituzte hainbatek —gehiegik, artistaren ustez—. «Ez da horrela. Mundua hori baino poetikoagoa da».

Poesia hori harraparazteko nahiarekin, beraz, zirriborro, eskultura eta margolan, artistaren ibilbide luzearen lekuko dira erakusketan elkartu obrak. «Jendeari ikusarazi nahi diot zein ibilbide egiten duen eskultore batek eskultura bat egin baino lehen». Murruan zintzilik margolan edo argazki batzuk eta, parean, lurrean zut, eskulturak. Batetik bestera halako oihartzun batzuk, edo «hari batzuk», erakusketaren antolaketan parte hartu duen Dehoux galeriako Alexia Larrarteren hitzetan. Oihartzun horien adibideetako bat azken gelako brontzezkoetan aurki daiteke. Miarritzeko Hondartza Handiari begira dago gela zabala. Berina luzeek, kanpoko argi guztia sarrarazteaz gain, bista ederrari begira jartzeko aukera ere ematen dute. Bide batez, artistak naturarekin duen lotura hurbila irudikatzeko modu bat ere bada lekua. «Eskultura egiten dudanean, nire inguruak zizelkatzen ditut. Nire herri geografikoa. Nire herri emozionala, nire herriaren sentipenak agertzen direla espero dut».

Miarritzeko Hondartza Handian «hamaika arroka» badaude, Akixok berak zenbatuak. Hauen artean badira bi ondoan, ikusten baita garai urrun batean harkaitz bera zirela. Eta horra oihartzuna. Akixok baititu brontzezko eskulturak bi partetan zatituak. Zati bakarra zirenak, bitan bananduak, erdian hutsune bat dutela: «Ez dakigu berriz elkartzen ari diren, edo guztiz betiko urruntzen». Hori «fraktalitatea» deitzen du artistak. Bere ibilbidean anitz landu duen puntu bat da. Artistaren beste puntu nagusi bat kaosa da. Horren adierazle ere bada erakusketa: «Kaosa da ezagutzen ez dugun antolaketa bat. Zenbat aldiz erreka bat handitzen da, euri ikaragarriak izan direlako. Etortzen zara zortzi egun berantago, gauzak apaldu direnean, eta dena bere lekuan da. Harriak eta, denak izugarri ongi jarriak dira. Ematen du poesiaren jainko bat hortik pasatu dela. Hartu harri koskor bat, eta dena lekuz kanpo gelditzen da».

Miarritzeko erakusketak lau parte nagusi ditu. Lehen partea, zurezko eskulturekin osatua da. Naturari osoki eskainia. Ilun aire, itzalekin jostatzen dira bertan eskulturak. Bigarren partea, Kanposantua izendatua du artistak. Gizakiak denborarekin duen harremana du galdekatzen bertan. Murruetan zintzilik, gizakiak: batzuk, etorkinak, besteak euskal presoak gogoan margotu dituenak.

Hortik atera, eta, pasabidean, harri zurian zizelkatu emazte bat dago, bere haurrarekin. Hor ere inportanta da ikustea emazte bat bere haurrarekin, artistak berresten duenez. Zura zuhaitza den bezala, hemen, abstrakzioa izanik ere, emaztea irudikatzea izan baita bere intentzioa. Pasabidetik pasatu eta bestaldean, itsasoari so dagoen gela, brontzezko lanekin. Eta han hemenka, artistak egin argazkiak. Horiek ere eskulturen oihartzun. Argazki gehiago ikusteko aukera izango da Miarritzeko mediatekan, martxo osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.