Kantuz eraikitako katedrala

10.000 ikusle bilduko ditu Berri Txarrak taldeak bihar Barakaldoko BEC erakustazokan emango duen kontzertuan, baina, saioaren tamainan jarri beharrean, abestietan jarri nahi dute arreta musikariek. Bideoa artikuluaren amaieran.

David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko musikariak atzo Barakaldoko BEC erakustazokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Barakaldo
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Barakaldoko BEC erakustazokan 10.000 pertsonaren aurrean oholtzara igo, gitarra hartu, eta beren abestiak jotzeak sortzen dion bertigoa nabarmenduz hasi du azalpena Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak: «Ez gaude ohituta gure diskoak hainbeste jenderen aurrean aurkeztera», aitortu du. «Entzule modura ere ez gara izaten oso rock-star zaleak; gehiago izaten gara masa gorroto duen masaren parte». Eta orduan heldu da David Gonzalez baxu jotzailearen etena: «Hala da, bai: ni neu ez nintzateke kontzertura etorriko». Broma modura joan da pasadizoa kontzertuaren aurkezpen prentsaurrekoan, eta barrez lasaitu dute tentsioa taldekideek, baina balio du Gonzalezen txantxak Berri Txarrakek bihar egingo duen emanaldiaren bakantasuna ulertzeko.

Xehe eman dituzte datuak. Guztira, 200 pertsonatik gora izango dira lanean, 150 argi aparatu baino gehiago jarriko dituzte martxan, bi pantaila erraldoi kokatuko dituzte agertokiaren bi ertzeetan, eta 25.000 watt soinu edukiko dituzte. Eta zifra multzo horren erdian hiru musikari baino ez oholtzan, arreta garrantzitsuen iruditzen zaien horretan jartzen saiatzen. «Gure harribitxia kantuak dira, eta horrek bakar-bakarrik balio beharko luke, baina edergarri batzuk ere izango dira», laburtu du erronka Galder Izagirre bateria jotzaileak.

Jendearen erantzunak nabarmen gainditu ditu antolatzaileen aurreikuspenak. 5.000 pertsona ingururentzat aritzea zuten buruan hasieran; motz geldituko zirela igarri, ordea, eta bikoiztu egin dute azkenean kopuru hori. Aretoa eta harmailak espresuki egokitu behar izan dituzte horretarako, eta teknikoki eta artistikoki horrek ekarri dien erronka nabarmendu dute musikariek. Aldaketa gogoz zirela azaldu du Urbizuk, ordea. «Batez ere, azkeneko diskoetan tokatzen ari zitzaigun Euskal Herriko kontzertuetan, bi, hiru eta baita lau gau ere jotzeko, eta aukera geneukan zazpi edo zortzi egiteko, eta pentsatu genuen: zergatik ez aldatu eta saiatu horrelako gau berezi eta bakan bat egiten gure zaleekin?».

Iaz kaleratu zuten Infrasoinuak diskoarekin ikusi zuten horretarako aukera, eta hortik Barakaldoko kontzertua. 200 sarrera baino ez dira gelditzen jadanik, eta ez da leihatilako salmentarik izango, ondorioz.

Milagarren kontzertua

Ardura sentitzen dutenik ez dute ezkutatu taldekideek, baina beldurrik ez dute, Urbizuk azaldu duenez. «Beti izan gara talde nahiko kameleoikara, bai estiloz eta bai bestela. Aurre egiten diogu datorrenari. Gai gara hirurok metro koadro erdi bakarrean sartuta jotzeko, eta, BEC aretoan 10.000 pertsonaren aurrean jotzeko aukera jarriz gero, ba hori ere egingo dugu, eta saiatuko gara ahalik eta ongiena egiten».

Alor teknikoa produkzioko lankideei utzita, abestietan kontzentratzea da taldekideen asmoa orain. «Oso esfortzu handia ari gara egiten, presio handia dugu, eta espero dugu dena ongi egitea, eta jendea prest etortzea gurekin bat egiteko».

Atzerrian hasi dute diskoaren bira, eta taldekideen hitzetan, baliagarri izan zaizkie emanaldi horiek kantak «berotuz» joateko. Besteak beste, Hego Korean, Txinan, Thailandian eta Australian egon dira, eta, hain zuzen ere, Zeelanda Berrian zeudela eman zuen taldeak bere milagarren kontzertua. «Pentsatzen dut BECen urteetan egindako lan horren oihartzuna egongo dela», azaldu du Urbizuk. Bartzelonako Razzmatazz aretoan ere izan dira aurreko asteburuan, eta Madrilen ere egotekoak dira apirilaren 14an, eta aurreratu dutenez, ia agortuta daude hango sarrera guztiak ere.

Musikariek azaldu dutenez, beti saiatu dira emanaldietako talde gonbidatuak ere zaintzen, eta The Baboon Show suediarrak hautatu dituzte bihar BECen haien aurretik aritzeko. Gonbidatuen energia, letrak eta zuzenekoak nabarmendu dituzte musikariek.

«Kontzertu hau bada mirari txiki bat», onartu du Urbizuk. Abeslariak gogoan izan ditu euskararen datu soziolinguistikoak, eta aipatu ditu euskal kulturak zabalpenerako dituen zailtasunak ere, eta, hain zuzen ere, horregatik aipatu du mirariarena. «Guk infra-tik begiratzen dugu mundua; azpitik. Horrelako gau berezi eta makroa, gorroto dut hitz hori, baina halako gau makroa antolatu ahal izatea bada mirari txiki bat». Taldeak bihar lortuko duen ikusgarritasuna, euskal kulturaren mesede izango den esperantza ere agertu du horregatik. «Garrantzitsua da egunerokoa, baina baloratzekoa da talde bat egotea, gutxienez, horrelako zerbait egiten. Jardunak berak normalizazioaren alde egiten du».

KONTZERTUA

Lekua. Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokan.

Ordutegia.20:00etan zabalduko dute, 20:30ean hasiko da The Baboon Show taldea, eta 21:45ean, Berri Txarrak. Erakustazoka ireki baino ordu erdi lehenago egotea gomendatu dute.

Bideoa: Kontzertuaren aurkezpena (BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/BgVthUQMtiY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.