Big band doinu gazteak plazara

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra eratu du Eusko Jaurlaritzak.Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleek parte hartuko dute gazte orkestra berrian

Iñaki Saitua, Cristina Uriarte, Anjel Ugarteburu eta Alberto Ibarrondo, atzo, Gasteizen egindako aurkezpenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 23 gaztek osatuko dute lehen Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Hiru lurraldeetako kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleak izango dira, 14 eta 18 urte artekoak. Aurten, Gasteizko Jesus Guridi Musika kontserbatorioko zuzendaritzak gidatuko du proiektua, eta Anjel Ugarteburu izango da orkestraren koordinatzailea. Uztailean, Euskal Herriko hiru jazz jaialdi ospetsuenetan joko dute: Getxon (Bizkaia), Gasteizen eta Donostian.

Martxoan hasiko dituzte entseguak big band gazteko kideek. Hilean behin elkartuko dira, egun osoko saioetan. Horietan eskola teoriko-praktikoak jasoko dituzte. Horretarako, hainbat kontserbatorio eta musika eskoletako profesionalak izango dituzte irakasle gisa, hala nola Josetxo Silguero eta Iñigo Ibaibarriaga Jesus Guridi kontserbatorioko saxofoi irakasleak; Iban Ginea Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioko tronboi irakaslea eta Javier Perez Donostiako Musika eta Dantza eskolako tronpeta irakaslea.

Ekain bukaeran eta uztaileko kontzertuak ondo prestatzeko, Barriako (Araba) aterpetxean bost eguneko egonaldia egingo dute musikari gazteek. Hiru ildo jorratuko dituzte lehen urtean: 1950eko hamarkadako jazza, euskal autoreak eta jazz garaikidea.

Atal bakoitzean, erreferentziazko egileen obrak landuko dituzte. XX. mende erdialdeko jazza jorratzeko Sammi Nestico AEBetako autorearen lana aztertuko dute. Itzal luzeko musikaria da Nestico jazzaren munduan. Bereziki big bandetarako egindako lanengatik da ezaguna. Europako hainbat irrati orkestra zuzendu ditu, baita telebista eta zinemarako lanak ere.

Euskal musikari dagokionez, hiru artistaren lanak egingo dituzte. Gonzalo Tejada musikagile, baxu eta kontrabaxu jotzaile ezaguna da, eta hark moldatutako Mr V.M. abestia joko du orkestrak. Horrekin batera, Negu Gorriak taldearen Esan Ozenki abestia ere joko dute, Gorka Benitezek moldatua. Horrez gain, Anjel Unzuren lan bat estreinatuko dute.

Big band gaztearen errepertorioarekin bukatzeko, Herbie Hancock musikagile estatubatuar ospetsuaren abestiak joko dituzte. Musika garaikideagoa lantzen du, besteak beste, hard bopa, jazz funka eta elektronikoa.

Urtero ikasle ezberdinek osatuko dute big band gaztea. Parte hartzeko, ikasleek proba bat gainditu beharko dute. Aurten, 55 aurkeztu dira. Otsailaren 7an egin zuten azterketa, baina 23rentzat baino ez dago tokia: sei saxofoi, bost tronpeta, bost danbor, piano akustiko bat, teklatuetan espezialista bat, gitarra elektriko bat, kontrabaxu bat, baxu elektriko bat eta bi perkusio jotzaile. «Aurrerago ahotsak sartzeko aukera aztertuko dugu», azaldu du Ugarteburuk.

Heziketan sakontzen

«Ikasleei dagokienez, Austriaren ondoren, gu gara Europan ohiko ikasketekin batera musika gehien lantzen dugun gizartea». Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzak dira. Jaurlaritzak bide horretan sakondu nahi duela esan du Uriartek, eta Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra horren adibide dela.

«Ikasleek urteak daramatzate musika modernoa eta jazza landu nahi dutela eskatzen», azaldu du Ugarteburuk. Kontserbatorio eta musika eskoletan ere, curriculuma berritu nahi zuten, eta, horregatik, jazzaren aldeko apustua egin dute. «Sustraiak jarri behar ditugu, bertatik zuhaitz handi bat sortzeko». Horrelako proiektuak Europako oso leku gutxitan garatu dituztela gogora ekarri du Ugarteburuk.

Sei oinarri pedagogiko eta musikal ditu big band gaztearen proiektuak. Hasteko, 14 eta 18 urte bitarteko musika ikasleen topagunea sortzea. Jazz musikako joeren ezagutza, eta berezko errepertorioa sortzea. Horretarako, nazioarteko zein Euskal Herriko musikagile ezagunei hainbat mandatu egingo dizkiete. Etorkizunera begira, ez dute baztertzen orkestrak berezko musikagilea izatea.

Euskal folklorea ere landuko dute Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestran. Hainbat kanta moldatuz, folklorearen hedapena eta berrikusketa garaikidea egiteko asmoa dute arduradunek. Horrez gain, orkestrak parte hartzen duen ekitaldi guztien dokumentazio grafikoa bilduko dute. Gerora, entzuteko eta ikus-entzuneko materialak sortzeko. Azkenik, ikasleek kontzertu publikoak eskaintzeko aukera izango dute. Aurten, Euskal Herriko jazzaldi nagusietan parte hartuko dute.

«Horrelako proiektu bat izatea oparia da», esan du Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiko zuzendariak. Haren arabera, urteak daramatzate jazza gazteen artean sustatzeko ekinbideak egiten. Horretarako, mintegiak eta gazteentzako kontzertuak programatu dituzte. «Musikari gazteen aldeko ekinbideak indartu behar ditugu», adierazi du Iñaki Saitua Getxoko Jazzaldiko zuzendariak, eta, horregatik, eurek ere Euskadiko Ikasle Jazz Orkestra lagundu dute. Gazteen unea da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.