Bilakaera oso baten laburpena

'Euskararen historia' liburua argitaratu dute EHUk eta Eusko Jaurlaritzak. Historiaurretik gaurdaino euskarak izan duen bilakaera laburbiltzen du lanak. Zazpi urteko lanaren emaitza da liburua

EHUko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak liburuaren aurkezpenean, atzo Gasteizen. Igartua, Zupiria, Dobaran eta Gorrotxategui, hurrenez hurren. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

«Oinarrizko erreferentzia bat». Horixe izan nahi du Euskararen Historia liburuak aurrerantzean. Historiaurrean abiatu eta gaurdaino euskarak izan duen bilakaera eta garapen historikoa aztertzen duen liburua da, eta azken hogeita hamar urteetan hizkuntzaren inguruan egin diren ikerketa oro jasotzen ditu bere baitan; denak bilduma bakar batean elkartuak. Zazpi urteko lanaren emaitza da liburua, eta hizkuntzalari, filologo eta historialariz osatutako talde bat aritu da liburuaren ekoizpen lanetan; hamabi lagun orotara. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean argitaratu dute obra, eta egileen esanetan, «hutsune bat betetzera» datorren lana da, euskarak orain arte ez baitzuen halakorik.

Atzo aurkeztu zuten 2011n abiatutako lanaren emaitza, Gasteizen, EHUko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Agerraldian izan ziren, besteak beste, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, EHUko Arabako Campuseko errektoreorde eta liburuaren editore Ivan Igartua, EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun eta liburuaren egile Joaquin Gorrotxategi eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran. Aurkezpen ekitaldian izan ziren, halaber, liburuaren ekoizpenean parte hartu duten gainerako adituak ere. Joseba Lakarra eta Blanca Urgell, tartean. Aurkezpenaren ostean, Euskararen historia, bide berriak izeneko mintegia egin zuten, liburuaren nondik norakoak azaltzeko.

Liburuaren egile gehienak EHUkoak dira, baina NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta UPPA-IKER Universite de Pau et des Pays de l'Adour ere aritu dira bilduma osatzeko lankidetzan.

Obraren garrantzia azpimarratu du sailburuak, eta adierazi du, euskararen historiari buruzko ikuspegi «zabal eta zehatza» eskaintzea duela helburu gisa. Baina ez hori bakarrrik. Zupiria: «Euskararen historiaz hitz egiten du liburuak. Baina uste dut badela, halaber, gure herriaren historiren ispilu bat, euskara hitz egin den lurraldeen historia bat; ez bakarrik hizkuntzarena, baita lurraldeena ere, bertan bizi izan diren gizon-emakumeena, erakundeena... Eta horrek guztiak hizkuntzaren eboluzioan izan duen eragina jasotzen, aztertzen eta esplikatzen duen liburu bat da», azpimarratu du Zupiriak. Hain zuzen, aldi eta gorabehera horiek liburu bakar batean bildu izana era nabarmendu du: «Euskararen eta Euskal Herriaren historian garrantzia izango duen argitalpen baten aurrean gaude».

Joaquin Gorrotxategi liburuaren egile eta editoreak ere antzera azpimarratu du, «sekulako urratsa» egin dela «euskararen historia osatu eta aberats bat ikasle eta ikertzaileen, euskaldun guztien eta erdaldun interesatu askoren eskuetan jartzen».

«Bi gabezia»

Egileen esanetan, zenbait hutsune betetzera datorren lana da Euskararen historia liburua, eta, beraz, orain arteko ezagutzaren laburbilduma baino gehiago da emaitza. Gorrotxategi: «Saiatu gara ikerketa zorrotz eta zehatz batzuetan oinarritzen, hizkuntzaren bilakaeran zerikusia izan duten eragile guztiak edo gehienak aztertzen, gure azalpenak adibide argi ugariz hornitzen, jakinik gure ekimen hau aspaldi euskalaritzan beharrezkotzat jotzen zen erreferentziazko lan baten premian betetzera zetorrela».

Behar hori, orain arte, batez ere bi arlotan egon dela nabarmendu dute adituek: kanpo historian, eta gramatikan. Bada, bi hutsune horiek bete asmo ditu liburuak, Igartuaren esanetan: «Euskalaritzaren eremuan aspaldi zeuden begiz joak bi gabezia gutxienez: euskararen gramatika historiko oso bat falta zitzaigun, batetik, eta hizkuntzaren kanpoko historia bat, bestetik. Euskararen historia bi gabezia horiek, hein handi batean behintzat, estaltzeko asmoz egin dugu; batez ere, hizkuntzaren kanpoko historiari dagokiona». Nolanahi ere, helburu nagusia kanpo historia egitea bazen ere, ez dute «inoiz» barne historia baztertu, egileek adierazi dutenez. Hala, hizkuntzaren barruko historia zein kanpokoa, biak jasotzen ditu euskararen bilakabideari buruzko bilduma monografikoak.

«Erreferentziazko historia bat, oinarrizko lan zabal bat bilatzen genuen, eskuliburu baten tankera har zezakeena, finean esan dezakegu hori baino gehiago izan dela emaitza», adierazi du Igartuak. Izan ere, Historiaurrea, Antzinaroa, Erdi Aroko euskara, euskara arkaikoa, euskara zaharra eta modernoa, eta gaur egungoa aztertzen dira liburuan. Baina, horrez gain, hizkuntzaren bilakaera gramatikala eta euskarak inguruko beste hizkuntzekin izan duen harremana, eta Errenazimentuak edota bestelako aldaketa kultural handiek izan zuten eragina ere jasotzen du liburuak. Hala, bilakaera osoa baldintzatu izan duten faktore nagusiak laburbiltzen ditu lanak.

Bada, liburu osoari barne koherentzia bat emateko asmoz, antzeko egitura mantendu dute kapitulu guztietan. Hori horrela, atal guztietan aztertzen dira, besteak beste, hizkuntzaren hedadura geografikoa, egoera soziolinguistikoa, edota garaiko erakundeen eta gizartearen jarrera. Kapitulu desberdinetan aditu bakoitzak «zehaztasunez eta era ordenatu batean» jaso du euskararen historiari buruzko gaur egungo ezagutza; eta, guztia ikerketa «sakon eta zehatz» batean oinarrituta, egileen esanetan. Horrez gain, berriro ikertu beharreko alderdiak ere identifikatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.