Albistea entzun

Gizartea aztertzeko 23 artelan

Xabier Gantzarainek 'Zuloa' saiakera bilduma kaleratu du. Hainbat artista garaikideren obrak hautatu, eta, bakoitzetik abiatuta, saio labur bat idatzi du. Tene Mujika bekaren laguntzarekin ondu du liburua
Xabier Gantzarain, atzo, Donostian, liburua aurkeztu aurretik.
Xabier Gantzarain, atzo, Donostian, liburua aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2018ko maiatzak 30 - Donostia

Historia hurbila aztertzeko modu asko egon litezke, eta berea aukeratu du Xabier Gantzarainek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975). Artearen bidez erreparatu die euskal gizarteari eta haren iragan hurbilari Zuloa liburuan, artelanek horretarako ematen dituzten gakoei tira eginez. Hogei euskal sortzaile garaikideren lanak hautatu, eta, bakoitzetik abiatuta, 23 saiakera labur idatzi ditu. Tene Mujika bekaren laguntzaz osatu du lana, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu. Liburua atzo aurkeztu zuen, Donostian, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak lagunduta.

Madrilen master bat egiten ari zela, Gantzarainek elkarrizketa egin zion Ibon Aranberri artistari. Orduan hasi zen liburuaren ideia nagusietako bati bueltaka. «Ikusten nuen Euskal Herrian, euskal kulturan, arteak ez zeukala presentzia handirik». Asier Mendizabal artistaren gogoeta bat ere bazuen buruan, 1960ko urteetatik gaur egunera artisten funtzioak izan duen aldaketaren ingurukoa. «Ideia horri nenbilen bueltaka: ez genuela barneratuta haien lanak gure garaia ezagutzeko gako batzuk eduki zitzakeela. Eta horri bueltaka nenbilela iritsi zen ETAk borroka armatua uztea, eta Gara egunkariaren azal eta kontrazal hura, Zumetaren Gernika agertzen zena». Zergatik artelan hura gertaera hori irudikatzeko? Zein da koadro horrek betetzen duen funtzio sinbolikoa? Galdera horiek «azken bultzada» eman zioten Gantzaraini proiektua Tene Mujika bekara aurkezteko; 2012. urtean irabazi zuen Debako Udalak (Gipuzkoa) eta Elkar argitaletxeak historia hurbilaz idazteko antolatzen duten sariketa.

Aitortzen duenez, historia hurbila aztertze horrek erreparo apur bat ematen zion. «Ez naiz historialaria, eta ez nuen neure burua ikusten historia liburu bat egiten. Azkenean, arte ikusle batek helduko liokeen moduan heldu diot; hau da, ikusten dut artelan bat, eta saiatzen naiz neure buruari esplikatzen artelan horretan zer agertzen den, zer mundu ikuskera dagoen. Hori da lan bakoitzarekin egiten dudan ariketa». Historialariaren ikuspegirik ez, beraz, ezta «arte teoria pisutsurik» ere, obrak azaldu eta haien bidez iragan hurbila aztertzeko ariketa bat baizik; berera ekarrita, oso modu pertsonalean batzuetan. «Artelanen bidez saiatu naiz horri heltzen, eta behin baino gehiagotan atera den gai bat da nola joan den gizartea aldatzen, edo nola ikusten den lanetan aldaketa hori».

Gantzarainek beste ideia bat ere izan du buruan liburua osatzeko prozesu osoan, arte garaikideari buruzko iritzi batena. «Badago oso zabaldua dagoen ideia bat, konstante bat dena: artea ez dela ulertzen, artearen eta gizartearen artean sekulako amildegia dagoela, artea urrun dagoela, bere baitara bilduta bizi dela, ez duela loturarik gurekin, gure bizitzarekin, gure errealitatearekin... Ideia hori beti hor dago, baina nik ez dut horrela bizi; nik Euskal Herriko artisten lanak ikusten ditudanean ez zait iruditzen errealitatetik urruti edo nik bizi izan dudanetik urruti dabiltzanik». Ideia horri buelta emateko ariketa bat ere bada liburua.

Artelanen aukeraketa

Gantzarainek hogei sortzaileren 23 lan hautatu zituen libururako. Hainbat belaunalditako artistenak dira, Amable Arias nahiz Jose Luis Zumetarenetik hasi, eta Nora Aurrekoetxea, Laura Ruiz edo Miriam Isasireneraino. Tartean dira Ibon Aranberri, Txomin Badiola, Asier Mendizabal, Pepo Salazar, Itziar Okariz, Maria Ruido, Saioa Olmo, Bixente Ameztoi, Mikel Eskauriaza, Jose Ramon Amondarain, Mikel Telleria, Juan Perez Agirregoikoa, Juan Azpitarte, Iratxe Jaio eta Klaas von Gorkum, Erlea Maneros Zabala eta Naia del Castilloren lanak. Bakoitzari buruz testu bat idatzi zuen, baina Aranberri, Okariz eta Mendizabalen kasuan bina izan ziren. Lan gehiago ere bazituen zerrendan, baina aukeraketa egitean kanpoan utzi zituen zenbait.

«Hautu oso kontzientea izan da batzuetan, eta beste batzuetan ez, ia bidera atera zaizkidan lanak izan baitira. Proiektua aurkeztu nuenean oraindik egin gabe zeuden lan batzuk ere sartu ditut. Aipatutako hiru artista horietako bakoitzaren bi lan daude; haien lan gehiago ere banituen zerrendan, baina kendu egin nituen. Iruditzen zait batez ere belaunaldi horrek egin dituela nik bizi izan dudanarekin eta nire garaiko errealitatearekin lotutako lanak; halako hurbiltasun bat sentitzen dut beren proposamen estetikoekin, eta horregatik ekarri nahi izan ditut». Azalerako, Ibon Aranberriren Zuloa (2003) artelanaren argazki bat aukeratu zuen. Artistak metalezko egitura batekin itxi zuen haitzulo baten sarrera, eta zulo bat utzi zuen, bertan bizi ziren saguzarrak sartu eta irteteko. «Iruditzen zait, gu konturatu ez baginen ere, Ibonek garai bat itxi zuela lan horrekin, 60ko urteetatik datorren cromlech, haitzulo eta abarren kontu prehistoriko, atabiko, primitibo hori dena klausuratu zuela. Niretzat indar handia duen lan bat da». Beste artelanen argazkiak ere badira barruan.

Egileak lan bakoitzeko atal bat osatu du, baina ez du denak biltzeko haririk sortu. «Niretzat badago lotura bat artelanen eta artisten artean, eta hori izan da hurrenkera emateko modua».

Egileak nahi baino denbora gehiago behar izan du lana osatzeko, baina «egundoko liburua» idatzi du, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen ustez. «Gantzarainek badu abilidade berezia artelanak eta artelan horiek sortu diren gizartea eta une historikoa lotzeko, eta abilezia hori antzematen zaie testu hauei».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. / ©Etienne Laurent / EFE

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Isabel Jaurena

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...