Uematik atera egingo da Lesaka, eta Eak kide izateko eskatuko du

Lesakako Udalak euskara plana ere bertan behera uztea erabakiko du ostiraleko bilkuran.Geroa Bairen esku dago alkatetza.Eak sartzeko eskaria egin du, EH Bilduren botoekin

Uemako herrietan Euskaraz bizi gara leloa duen seinalea dago. Lesakan ere bai. Ostiralean, mankomunitatetik ateratzea erabakiko du udalak. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Zalantzan zegoen, eta atera egingo da azkenean: Lesakako Udalak utzi egingo du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Uema. Geroa Bairen esku dago udal gobernua, eta etziko osoko bilkuran aztertuko dute gaia. Ziurra da erabakia, Geroa Baik gehiengo osoa baitauka. Uemaren lanarekin eta oro har euskara bultzatzeko neurriekin oso kritikoa izan da orain gobernuan dagoen taldea. Hartara, Uematik ateratzeaz gain, Lesakako euskara plana ere bertan behera uztea erabakiko dute etziko bilkuran. Uemako partaide dira Bortzirietako beste herri guztiak.

Maiatzeko hauteskundeetako gobernu aldaketen ostean, kolokan zegoen hiru herrik Ueman segituko ote zuten: Lekeitio (Bizkaia), Tolosa (Gipuzkoa) eta Lesaka (Nafarroa). Salbuespena dira, halere: 73 udalerri daude Ueman.

Lesakako udal gobernu berriaren norabidea aurreko hilabeteetan ari zen ikusten. Urri hasieran eratu zuten Uemako batzarra, eta Lesakari hiru kide zegozkion biztanle kopuruagatik. Baina udalak bakarra izendatu zuen, eta hura oposiziokoa, EH Bilduko zinegotzi Maider Arrieta —Uemako zuzendaritza taldean ere sartu zen—. Ordukoa Uematik ateratzeko lehen urratsa ote zen galdetu zion BERRIAk Jose Luis Etxegarai alkateari, baina ez zuen azalpenik jaso.

Aurreko agintaldiko ildoan

Ostiraleko osoko bilkuraren berri izanda, kazeta hau harremanetan jarri da alkatearekin, baina ez du erantzunik izan. Udaleko webgunean gai zerrendako puntua argia da: «Euskara plana indargabetu eta udala Uematik atera». Lesakako Euskara Batzordeak presazko bilera egin zuen atzo arratsean bertan, «zer egin erabakitzeko».

Bilerarako deialdian, batzordeak ohartarazi du «hagitz larria» dela Uematik ateratzea eta euskara plana atzera botatzea. «Goitik behera urratzen ditu Lesakako herritarron hizkuntz eskubideak». Salatu dute udal gobernuak «UPNren jarrera bera» daukala.

Oraingo egoera aztertzeko, komeni da atzera jotzea, aurreko legealdira. EH Bilduk zeukan Lesakako alkatetza, eta orduan erabaki zuen Uemara sartzea —2013ko martxoan—. Gero, Uemaren laguntzaz egin zuten euskara plana.

EAJ oposizioan zegoen —Etxegarai zen eledun—, eta oso gogor kritikatu zituen bi neurri horiek. Iazko urrian onartu zuten euskara plana. Euskaraz egin zituzten plana eta txosten juridikoa, eta Etxegaraik eskatu zuen itzultzeko denak gaztelaniara —euskalduna da—. Behin hori eginda gaia bilkurara iritsi zenean, salatu zuen plana «Bilduren inposizioa» zela. Itzulpenak «biderkatzea» zekarrela ohartarazi zuen. Areago, euskarari lehentasuna ematea legez kanpokoa eta «diskriminatzailea» zela ere salatu zuen: «Lesakako biztanleriaren zati garrantzitsu bat diskriminatzen du, informazio publikoa gaztelaniaz jaso nahi duen edonor behartzen duelako espresuki eskatzera». Lesakan %7 ere ez dira elebakarrak —azken datuak 2001ekoak dira—. Euskara lehenesteaz hau adierazi zuen: «Alderantziz izanez gero, Bilduko jarraitzaileen erreklamazioak Benidormetik adituko lirateke». Plana bozkatu baino lehen alde egin zuten EAJko zinegotziek.

Euskararako aurrekontua igotzeagatik ere kexua agertua du, Uemagatik eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateagatik. «Haiek diotenez 'euskara sustatzea' da, baina inoiz ez da Lesakara itzultzen inolako zerbitzutan».

Ea, arnasguneen ispilu

Kide bat gutxiago izango du Uemak, baina kopuru osoari ez dio eragingo. Eako Udalak (Bizkaia) atzo arratsean erabaki zuen mankomunitatean sartzeko eskatzea. Udal gobernuan EH Bildu dago, lau zinegotzirekin; EAJk hiru ditu. EH Bilduko lau hautetsien baiezkoarekin hartu zuten erabakia; abstentziora jo zuten jeltzaleek.

Eako errealitate soziolinguistikoari erreparatzen bazaio, beste arnasgune batzuen egoera bera du: lekua galtzen ari da euskara. Argigarria da euskaldunen ehunekoaren bilakaera: 1981ean herritarren %93 ziren; 1991n, %91; 2001ean, %82; eta 2011n, %78. Behera egin du etxean batez ere euskaraz egiten dutenen ehunekoak ere: 1991n, %81ek egiten zuten gehienbat euskaraz; orain, %58k.

Arnasguneen babesa areagotzea du lehentasunetako bat Uemak, hain zuzen ere. Urrian jarri zuen martxan agintaldi berria: lehendakaria Josu Labaka Azpeitiko EH Bilduko zinegotzia da. EAJ ere zuzendaritza batzordean dago hiru ordezkarirekin —aurreko lau urteetan bi eduki ditu—. Labakak esperantza agertua du Uemara herri gehiago bil daitezen. «Baldintzak badaude». Pausoa eman duen lehen udalerria Ea izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.