Iragana, gazteen begietara

Dokumentala aurkeztu du EGK-k; zenbait gaztek eta gizarte eragilek indarkeriari buruz egindako gogoetak biltzen ditu.Topaketa antolatu dute Bilbon dokumentala aurkezteko

Dokumentalean agertzen diren gazteetariko lau, atzo, Bilbon, euren esperientziaren berri ematen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gazteak bildu ditu EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Bilboko Azkuna zentrora. Xedea: bakeaz eta bizikidetzaz berba egitea, gai horren inguruan gazteek ere beren ikuspuntua eman eta ikuspuntu hori gatazka gerturik ezagutu izan duten edo euskal gizartean itzala duten eragileen iritziekin kontrastatu ahal izatea. Eta, bide batez, Bakehizketak film dokumentala aurkeztea.

Ekitaldiak 2015eko urrian Arrasaten (Gipuzkoa) egindako Bakehizketak izeneko topaketetan du oinarri. Orduko hartan, hainbat gazte asteburu batez elkartu ziren euskal gizarteko «eragile esanguratsu batzuekin», haiek adituak direlako, indarkeria gertutik jasan izan dutelako edota gizartean ospea eta itzala dutelako: horien artean, biktimak, kazetariak, historialariak, hautetsiak eta beste. Bakearekin eta bizikidetzarekin zerikusia duten zenbait gai landu zituzten topaketa haietan: memoria, hedabideak, presoak, hezkuntza eta gatazka eta generoa, esaterako.

Eragile ugari

Filmean, gazteekin batera, eragile ugari agertzen dira: besteak beste, Jose Antonio Perez historialaria, Iñaki Garcia Arrizabalaga —Komando Autonomo Antikapitalistek hildako Juan Manuel Garcia Arrizabalagaren semea—, Manuel Montero EHUko errektore ohia, Idurre Eskisabel EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea, Jesus Loza Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza batzordeko burua Patxi Lopezen agintaldian, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Bulegoko zuzendari eta ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alarguna, eta Iñaki Rekarte etakide ohia.

Parte hartzaile gehienek oso balorazio positiboa egiten zuten izandako esperientziaz. Garcia Arrizabalagaren hitzetan, «parte hartzea oso aktiboa izan zen, oso zabala, tolerantzia eta errespetu giro batean; ni oso pozik atera nintzen».

EGK-ko presidente Itsaso Anduezak ekitaldian azaldu zuenez, euren hasierako asmoa ez zen izan dokumental bat egitea: «Grabazio batzuk egin genituen, gure ekitaldi guztiak grabatu ohi ditugulako, baina oso ondo atera zela ikusi genuenez, pentsatu genuen euskal gizarteak ikusi egin behar zuela emaitza». Filmean, gonbidatuetako batzuek iritzia ematen dute, eta gazteek ere gogoeta egiten dute asteburu hartan bizi izandakoaz. Oro har, dokumentalean ETAren indarkeriaren inguruko aipamenak azaltzen dira bereziki.

Filma ikusi ostean, Arrasateko esperientzia errepikatu dute Bilboko Azkuna zentroan bildutakoek. Orduko hartan, hogei gaztek eta beste horrenbeste eragilek hartu zuten parte eztabaidetan; atzokoan, gazte eta eragile haietako askok berriro hartu dute parte, baina gazte eta eragile gehiago batu zaizkie: horien artean, Garbiñe Biurrun epailea, Teresa Toda Sareko bozeramailea, Francisco Etxeberria auzitegi medikua eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.