Euskara lehenetsiko dute Kutxabankek eta Laboral Kutxak Uemako herrietan

Akordioa sinatu dute Uemak eta bi finantza erakundeek, 38 herritan dauzkaten bulegoetan euskara bultzatzeko. Langileak elebidunak izango dira. Erdaraz egin nahi dutenen eskubideak beteko dituzte

Uemako, udaletako, Kutxabankeko eta Laboral Kutxako ordezkariak, atzo, akordioa aurkezten. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Azpeitia
2016ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Lehenetsitako hizkuntza euskara izango dute Kutxabankek eta Laboral Kutxak 38 herritan. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin hitzarmena sinatu dute, elkartean dauden herrietan euskara bultzatzeko. Finean, euskaraz aritzeko eskubidea bermatuko diete euskaldunei, langile elebidunak jarriko baitituzte, eta euskararen erabilera handitzeko neurriak hartuko dituzte, lehen hitza euskaraz eginda adibidez. Erdaldunen eskubideei ez diete kalterik egingo neurri horiek.

Hitzarmena atzo sinatu zuten Uemako lehendakari Josu Labakak, Kutxabankeko eta Laboral Kutxako ordezkariek, eta bi entitateen bulegoak dituzten herrietako hautetsiek. Aurrerapausotzat jo zuten lankidetza akordioa. Labakaren iritziz, arnasguneek izaera berezia dutela aitortu dute bi entitateek, eta bere egin dituzte hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko irizpideak. «Erakunde publiko guztiek hartu beharko lituzketen konpromisoak dira. Alde horretatik, jarrera eredugarria da finantza entitateek hartutakoa».

Kalitatearekin lotu dute euskaraz zerbitzua ematea Kutxabankeko eta Laboral Kutxako arduradunek. «Ezinbestekoa da bezeroek nahi duten hizkuntzan jasotzea zerbitzua», esan du Kutxabankeko ordezkari Eduardo Ruiz de Gordejuelak. Bide bereko, Laboral Kutxako kide Marije Etxanizek azaldu du «maila bereko tratamendua» jaso behar dutela bezero guztiek, euskaldun edo erdaldun izan. Pausoak emateko asmoa agertu dute biek: bulegoak «erdal eremu» ez izatea aipatu du Kutxabankek; normalizazioan «aktibo» aritzea Laboral Kutxak.

Bost urterako hitzarmena da, eta beste bost urtez luzatuko da printzipioz, non eta aldeetako bat horren kontra agertzen ez den. Jarraipen batzorde bat sortu dute.

Beste batzuen bidetik

Hartuko dituzten neurriei begiratuta, finantza entitateek hartutako konpromisoek badute tankera Uemako udalerri batzuetan eta Gipuzkoako Foru Aldundian indarrean dauden euskara planekin —gogoan izatekoa da, bidenabar, aldundiaren plana salatu zuela Madrilgo gobernuak, eta Baztangoa atzera bota duela auzitegiak—.

Hitzarmenean azaldu dute euskara «desorekan» dagoela gaztelaniarekin konparatuta, eta, beraz, neurriak hartu behar direla hura sustatzeko, «euskara zabaltzeko eta sendotzeko». Horretarako, «modu argi eta garbian» sinatu dute bezeroek eskubidea dutela zerbitzua euskaraz jasotzeko.

Horretarako lehen urratsa da finantza erakundeetako bulegoetan lanean ari direnek euskaraz jakitea. Hori bermatu dute bi entitateek, udalerri euskaldunetara langile elebidunak bidaliko dituztela, baita behin-behinekoak badira ere. Bigarrenik, sustapeneko neurriak daude: lehen hitza euskaraz egitea, bezeroak kontrakorik adierazi ezean euskaraz egitea agiriak, karteletan euskarari lehentasuna ematea... Gazteekin beste bide bat urratzeko asmoa ageri da, ikusita ezagutza ia erabatekoa dela: 30 urtetik beherakoei euskaraz soilik igorriko dizkiete agiriak bost urte baino lehen.

Neurri horiek ez diete kalterik egingo erdaldunei. Bezeroek eskatzen badute harremanak euskaraz ez izatea, aukera edukiko dute gaztelaniaz egiteko. Kasu horretan, bi eletan bidaliko dizkiete paperak, euskara lehenetsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.