Nafarroako Jauregia pipiak janda aurkitu du

Maria Jose Beaumont Nafarroako Barne kontseilariak iragarri duenez, Foruzaingoak eskumenak hartu ahala, segurtasun indarrek eurenak alboratu beharko dituzte, «logika hutsez»

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Ezin nuen sinetsi». Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilariak kargua hartu zuenean, gobernuko kideei bulegoa bilatzea egokitu zitzaion. 160 urteko jauregia «goitik behera zeharkatu ostean», harrituta geratu zer-nola zegoen: zaharkitutako argindar instalazioak, hezetasuna, ondare artistikoaren markoak eta altzariak pipiak janda, balkoi herdoilduak, inork erabili gabeko 2.000 metro koadro eta beste eraikin batzuen erabileragatik alokairu garestiak ordaintzen... PPko Ana Beltrani txundigarria iruditu zitzaion Beaumontek eraikinaren egoera aipatzea, beste lehentasun batzuk egonda, eta kontseilariak honako hau erantzun zion: «Nahiz eta krisi egoeran nahi den guztiari ezin den aurre egin, ezin dut sinetsi aurreko gobernuek ezer ez egitea».

Ia lau ordu luzeko agerraldia egin zuen atzo Beaumontek parlamentuan, haren departamentuak legealdian egin asmo dituen «ekintza lerroak» azaltzeko. Jauregiaren barne egoerarekin batera, funtzio publikoko langileak nola topatu zituen ere azaldu zuen: «Funtzionarioak motibaziorik gabe daude, egun diren arazoei irtenbideak proposatzeaz nekatuta arduradunek ez baitiete jaramonik egin». Egoera hori entzunda, Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek honako metafora hau erabili zuen: «Etxea erortzen ari zaigu, barrutik eta kanpotik».

Departamentuak atal ugari ditu, nagusietako bat Foruzaingoa. Beaumontek azpimarratu zuen Foruzaingoak egun dituen eskumenak zabaltzearen eta funtzio guztiak bere gain hartuko dituen polizia eredu oso baten alde egingo duela. Haren ustez, «gehiezko kostua» eragiten du lurralde berean hainbat polizia egoteak, eta Nafarroan 1.000 biztanleko zazpi polizia daudela azaldu du, «egoera normal batean» hiru beharko lukete, «Europan bezala».

Hori entzunda, PPk eta UPNk salatu dute Guardia Zibila eta Espainiako Polizia kanporatzea dela helburua. Beaumontek ez dio polemikari izkin egin: «Nafarroak eskumenak hartu ahala, estatuko segurtasun indarrek bere eskumenak alboratu beharko dituzte». Haren ustez, «logika hutsa da» Foruzaingoak funtziook bere gain hartzea eta horretan jarduten zuten poliziek lurraldea uztea.

Gomazko piloten debekua

Beste kontuen artean, Foruzaingoaren antolamendua berrikusi nahi du, eta bitarteko material gehiago eman. UPNren gobernuak aurreikusitako Segurtasunaren Hiriaren makroproiektua bertan behera geratuko da, eta Iruñetik urruti diren polizia etxeak sendotuko dira herritarrekiko arreta lurralde osoan orekatua izan dadin. «Profesionaltasuna bermatzeko», istiluen aurkako materialetan gomazko pilotak erabiltzea debekatuko da. Formakuntza plana bultzatuko da, poliziek herritarrekiko arretan estilo jakin bat erabil dezaten, «elkarrizketan oinarritua, malguagoa eta enpatikoagoa». Gainera, delitu ekonomikoak ikertzeko unitate bat abian jartzeko asmoa du.

Nafarroako Larrialdien Agentzia kentzea izan da hartutako lehen neurrietako bat. Hari lotutako zuzendaritzak «kostu handia» zuela arrazoitu zuen Beaumontek, eta agentzian lan egiten zuten langile guztiak orain barne departamentuko zuzendaritza baten pean egongo dira. UPNko Sergio Sayasek kritikatu zuen arrandiaz sartu izana departamentuan, eta iraganean Nafarroatik kanpo «laudorioak» jaso dituen zerbitzu on hori kentzea egotzi zion. Beaumontek honako hau erantzun zion: «Irakurri dituzu agentziaren estatutuak esateko bere helburuak bete direla? Ez, ziur ezetz». Erabakia «gogoeta egin ostean» hartu dutela gaineratu zuen. Suhiltzaileei dagokienez, 1970eko hamarkadatik aldatu gabeko eredua modernizatu nahi dute luzera begira.

Espainiako Gobernuak dekretuz hala ebatzita, 2012an Barcinaren gobernuak aparteko ordainsaria kendu zien langile publikoei. Aurten, apirilean %25 ordaindu zaie, eta urtea amaitu bitartean, beste %25 ordaintzeko asmoa du gobernu berriak. Beaumontek iragarri du beste %50 2016ko aurrekontuetan jasota etorriko dela eta hurrengo urte hasieran ordaindu: «Eguneratuta geratuko gara horrela. Espero dezagun ez berriro halakorik errepikatzea, hondamendirik gertatzen ez bada». Datorren urtean soldata %1 igotzeko borondatea dagoela adierazi du, nahiz eta neurri hori oraindik lotu gabe dagoela argi utzi. «Aurrekontu proiektua egon arte itxaron beharko da».

Prest azaldu da langile publikoen parte hartzea bultzatzeko baliabideak eta neurriak jartzeko. Era berean, langileriaren egitura aztertu nahi dute, «euskara zein lanpostutan exijitu behar den eta zeinetan izango den meritu bat» ikusteko. Zehaztasun gehiago eskatu diote UPNk eta PPk: «Duela denbora asko hizkuntz profilak zehaztu izan balira, ez genuke horri buruz hitz egingo, baina ez denez egin, ez dugu makila miragarririk bi hilabetetan zehaztasunekin etortzeko».

Ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea aurreikusten du Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hitzartutako akordio programatikoak. Beaumonti egokituko zaio bulego hori eta bere kode etikoa abian jartzea. Pertsona bat izendatuko du, eta bere ardurapean egongo da: «Talde eta komunikabide batzuk esandakoaren kontra, ez du aurreko gobernuek ikuskatutako obren ikuskaritzarik egingo edo Kontuen Ganberaren lanik hartuko edo inor sarituko». Haren esanetan, orain arte Nafarroan inork egin ez duena egitea egokituko zaio bulego horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.