Katalunia

Turullen inbestidura saioa egingo dute gaur, Llanerari erantzuteko

Torrentek ezohiko bilkura batera deitu du Kataluniako Parlamentuan, Auzitegi Gorenak Turull eta beste bost diputatu biharko zitatu ostean; behin-behineko espetxealdia ezar diezaieke

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, inbestidura saioa gaur arratsaldean egingo dutela iragarri ostean. MARTA PEREZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Presidente berria izan dezake gaur Kataluniako Generalitateak. Roger Torrent parlamentuko presidenteak ezohiko bilkura batera deitu du 17:00etarako, Junts Per Catalunya alderdiko Jordi Turullek hautatua izateko adinako babesa duela frogatu ostean. Arrapaladan egin du deialdia Torrentek, 22:00etarako minutu gutxiren faltan; atzo goizean Llanera epaileak Turull eta beste 27 lagun Auzitegi Gorenera deitu izanak azkartu ditu gertakariak.

Generalitateko presidentea proposatzeko bilera sorta iragarri zuen atzo eguerdian Torrentek, Jordi Sanchez hautagaiak parlamentuko eserlekuari uko egin ostean. Handik ordu gutxira, baina, Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak biharko deitu zituen urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako auzian ikertutako 28 lagunak. Haien artean dago Turull, ERC eta JxCren presidentetzarako hautagaia, eta baita beste bost diputatu ere: Carme Forcadell parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa kontseilari ohiak eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia. Haiei guztiei kautela neurriak ezartzea aztertuko du Llarenak; neurri horien artean egon liteke behin-behineko espetxeratzea.

Auzipetze Kriminalaren Legeko 505. artikuluaren araberako bista bat egitea dago aurreikusita. Artikulu horren arabera, epaileak bermerik gabeko askatasuna ezartzen ez badie, fiskalak eta akusazio partikularrak Vox alderdiak— aukera izango lukete eskatzeko diputatuak behin-behinean espetxeratzea edo bermea ordainduta aske uztea. Haien eskaria ontzat eman eta matxinada leporatuta Llarenak behin-behineko espetxealdia ezarriko balie, kargu publikoa galduko lukete sei diputatuek. Halaber, Auzipetze Kriminaleko Legearen 384 bis artikuluak dio behin-behineko espetxealdian dagoen «norbanako matxino edo terroristari» kargu publikoa etengo zaiola espetxealdi horrek irauten duen bitartean. Horrenbestez, bi baldintza horiek betez gero, parlamentari kargua utzi beharko luke Turullek, eta ezerezean geratuko litzateke hura Generalitateko presidente izendatzeko proposamena.

Horiek horrela, Llaneraren iragarpenak goitik behera aldatu zuen Kataluniako panorama politikoa atzo arratsaldean. Epailearen erabakia jakin bezain pronto,erantzuna prestatzen hasi ziren alderdi independentziazaleak. CUP izan zen jendaurrean piezak mugitu zituen lehendabizikoa; 19:00etarako iragarrita zeukan konferentzia politikoa atzeratu egin zuen, Llarenaren iragarpenari «erantzun bateratua» nola eman aztertzeko.Junts Per Catalunyak, berriz, 20:00etarako deitu zuen parlamentarien bilerara, baina deialdiak ez zuen asko iraun;arratsalde erdirako bilduak ziren JxC, ERC eta CUP, Turullen inbestidura saioa aurreratu eta gaur bertan egitea posible otelitzatekeen aztertzeko. Torrent Junts Per Catalunyako ordezkariekin bildu zen lehendabizi, eta, haiek Turullen izena formalki proposatu eta gero, presazko bilera sorta bat hasi zuen, telefonoz. Turull «hautatua izateko aukera duen hautagai bakarra» dela frogatu ostean, prentsaurrekoa eman zuen Torrentek, eta iragarri zuen gaur arratsaldean egingo dutela JxCko diputatuaren inbestidura saioa. Bere aldetik, CUPeko iragarri du 15:00etan bilduko duela kontseilu politikoa, Turullen hautagaitzari zer boto emango dion erabakitzeko.

Epaiketa, gertuago

Urriaren 1eko erreferendumaren auziaren barruan haien aurkako prozedurak zabalduko dituen ala ez jakinaraziko die epaileak bihar 28 ikertuei; auzipetzen baditu,zein delitu leporatzen dieten ere jakingo dute. Auziaren instrukzio fasea amaierara iristen ari da, eta, prozedurak abiatzean, martxan jarriko da udazkenerako espero den epaiketarako atzerako kontua. Behin-behineko espetxealdiaren arriskuan dauden diputatuez gain, Carles Puigdemont eta harekin batera Bruselara joandako kontseilariak auzitegira joateko deitu ditu Llanerak. Hala, agertzen ez badira haiek atxilotzekoagindua helaraztea litekeena dela zabaldu dute Kataluniako hainbat hedabidek. Aldiz, Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vila kontseilari ohiei ez die bistarik egingo bihar Llanerak, auzian ikertuak diren arren. Hiruretako inor ez da Kataluniako Parlamentuko diputatu legegintzaldi honetan.

Atzo arte Jordi Sanchez zen presidente kargurako proposatutako hautagaia. Torrentek jakinarazi zuenez, baina, ANCko idazkari nagusi ohi eta Junts Per Catalunyako diputatuak idatzi bat bidali zion, parlamentuko eserlekuari uko egiten diola jakinarazteko. Eserlekuaz gain, politika instituzionala uzteko asmoa ere agertu du Sanchezek.

«Auzitegiek oinarrizko eskubideak urratu» dizkiotelako utzi du eserlekua Sanchezek, Torrentek irakurritako gutunaren arabera. Hala, gobernua berehalakoan osa dadin galdegin dio ANCko idazkari nagusi ohiak, eta ados agertu da Torrent: «Bada garaia aurrera egin, gure erakundeak berreskuratu, eta 155. artikulua Kataluniatik behingoz kanporatzeko». Gaur izan daiteke egun hori kataluniarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.