Albistea entzun

Zigorra bete gabe irten daiteke

Iruzurra egiteagatik Hosni Mubaraki jarri zioten hiru urteko zigorra baliogabetu egin du kasazio auzitegiak.

Egiptoko presidente ohia Maadiko ospitalean ari da zigorra betetzen
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia, auzipetuta egon den epaiketetako bati adi.
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia, auzipetuta egon den epaiketetako bati adi. KHALED ELFIQI / EFE

Araitz Muguruza -

2015eko urtarrilak 14

Diru publikoaz jabetzeagatik zigortu zuten Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia, iazko maiatzean. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Litekeena da, ordea, hura osorik bete gabe irtetea kartzelatik, Egiptoko Kasazio Auzitegiak baliogabetu egin baitu zigorra. Ez da behin betiko erabakia, hala ere: epaia orain apelazio auzitegira igaroko baita. Han erabakiko dute epaiketa berriro egin edo ez. Mubarakek bi urte daramatza badaezpadako atxiloaldian, eta betea du hala egoteko epea. Farid el-Deeb Mubaraken abokatuak eskaria egiten badu, aske gera daiteke presidente ohia.

Maiatzeko epaiaren arabera, Mubarakek hasiera batean gobernuko komunikazio zentro bat eraikitzeko erabili behar zituen 125 milioi libera (2,5 milioi euro) jauregi propioak berritzeko erabili zituen. Epaiak diru hori guztia itzularazi ez ezik, 125 liberako isuna ere jarri zion.

Presidente ohiaren bi semeak ere, Alaa eta Gamal Mubarak, delitu auzi beragatik epaitu zituzten. Lau urteko zigorra ari ziren betetzen. Mubarakena bezalaxe, horien zigorra ere bertan behera geratu da.

87 urte ditu Mubarakek. Osasun arazoak dituenez, Maadiko ospitale militarrean ari da zigorra betetzen. Epaiketa guztiak gorabehera handikoak izan dira. Bertan behera geratu dira batzuk, eta errepikatu beste zenbait. 2011ko protestetako heriotzak egotzita azkenengoz egin zioten epaiketatik absolbituta geratu zen, azaroan. Hemezortzi egun iraun zuten protestek, eta 800 pertsona hil ziren. Fiskaltza auzi hori berriz ere errepikatzeko eskaera egitekotan dago. Hala egingo balu, Mubarak auzi beragatik epaitzen duen hirugarren aldia izango litzateke.

Habib al-Adly Mubaraken gobernuko Barne ministroa eta Poliziako sei kargu nagusiak ere hirugarren aldiz igaro beharko lukete epaitegietatik, presidente ohiarekin batera auzipetuta baitaude.

2011ko irailean egin ziren protestetako heriotzen inguruko epaiketan Hussein Tantawi Egiptoko armadako kontseiluko buruak deklaratu zuen. Manifestarien senideen ustez, Mubaraki mesede egiteko deklaratu zuen, eta epaiketa bertan behera uzteko eskaera egin zuten. Epaileak onartu, eta auzia hiru hilabete atzeratu zuten. 2012ko ekainean atera zen epaiarekin, bizi guztirako espetxe zigorra ezarri zioten Mubaraki.

Iruzurra egiteagatik ere epaitua zegoen Mubarak garai horretan, baina absoluzioa eman zion epaiak.

2013ko urtarrilean bizi guztiko espetxe zigorra bertan behera utzi zuen apelazio auzitegiak, eta epaiketa berri bat egiteko eskatu. Apirilean ekin zioten epaiketa berri horri, baina ez zuen aurrera jarraitu, epaile taldeak parte hartzeari uko egin ziolako. Epaiketa eramaten ari zen bidearekin «desadostasunak» agertu zituzten. Epaile talde berria sortuta, maiatzean hasi zuten hurrengo epaiketa. Ustelkeria egotzi zioten, baina atxiloaldia kartzelan bete beharrean Maadiko ospitalean betetzea onartu zion fiskaltzak, eta ordutik han egon da zigorrak betetzen.

Mubarak kargutik kendu ondotik, ez da izan egonkortasun handiko garairik Egipton. 2012an egin zituzten hauteskundeak Anaia Musulmanek irabazi zituzten, eta Mohamed Mursi jarri zen presidente. Handik urtebetera, ordea, militarrek estatu kolpea eman zuten, eta, egun, Abdel Fatah al-Sisi dago agintean —Mursiren garaian Segurtasun ministroa zena—.

Istilu asko izaten ari dira herrialdean. Duela hiru egun, Aiman Desuki Egiptoko Poliziako kapitaina bahitu zuten Sinain, eta, atzo, haren hilotza aurkitu zuten Rafah herrian. Hilketaren erantzuleen bila dabil armada. Horrekin zerikusia dutelakoan, ustezko hainbat pertsona hil dituzte Al Arish eta Rafah inguruan. Poliziak uste du Wilaya Sina taldeak egin duela hilketa. Aurrez ere hainbat atentatu hartu ditu bere gain talde horrek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Palestinarrak gizon baten hilotza eramaten, Jeninen. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo armadak hamar palestinar hil ditu bi erasotan

Julen Otaegi Leonet - Isabel Jaurena - Mikel O. Iribar

Lehen oldarraldian, Israelgo indarrek bederatzi lagun erail dituzte Zisjordaniako Jenin hiriko errefuxiatuen kanpalekuan, «eraso terrorista» bat eragozteko; hamargarrena, Jerusalem ekialdean hil dute.

Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik ©PONTUS LUNDAHL / EFE

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Ander Perez Zala

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Manifestari bat, demokraziaren aldeko afixa bat eskuan duela, hilaren 9an. ©MARTA MAROTO

«Beldur naiz zer-nolako Brasil utziko diegun bilobei»

Marta Maroto

Erakunde demokratikoei egin dizkieten eraso biolentoak ikertzen ari da Auzitegi Gorena, eta gero eta sendoagoak dira Bolsonarori eta haren ingurukoei buruzko susmoak.
Oriol Junqueras, iazko azaroan, ERCren ekitaldi politiko batean. ©DAVID BORRAT / EFE

Junquerasen inhabilitazioa zazpi urtera jaisteko eskatu du Estatuaren Abokatutzak

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako Auzitegi Gorenari egin dio eskaria. Onartuko balu, Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohiak 2025ean beteko luke inhabilitazio zigorra.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.