Demagun gutxituak direla

Hizkuntza gutxituetako autoreen azalean jarriko dira Javier Cercas, Marie Darrieussecq eta Raul Zelik idazleak, 'Demagun ehun urte barru' egitasmoan. Anjel Lertxundirena da ideia

Anjel Lertxundik diseinatu ditu saioak, Harkaitz Canoren laguntzaz. Antton Valverdek musika jarriko du. Irudian, hirurak, Xabi Payarekin, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Demagun gonbidapen bat jasotzen duzula/ Demagun bestearen larruan jartzeko eskaera bat dela gonbidapen hori/ Demagun Hemingway bertsolari-plazetara ere joaten zela/ Demagun Marcel Proust Errexilen uda pasatzen Paulino Uzkudunekin/ Demagun zergatik ez duzun zuk ere gure gonbidapena onartuko/ Demagun Europako hizkuntza nagusi batean idazten duzula/ Demagun Europako hizkuntza ttipi batean idatziko bazenu zer sentitu eta zer idatziko zenukeen jakin nahi dugula gonbidapen horren bidez». Testu luze batean laburbildu ditu Anjel Lertxundik Demagun ehun urte barru egitasmoaren nondik norakoak. Karta zuria eman zion Donostia 2016k idazleari —aurretik Esther Ferrer artistari eta Jone San Martin dantzariari eman bezala—, proiektu bat proposa zezaneta ekarpena egin ziezaion kultur hiriburutzari. «Gutun zuri hori zer letrarekin bete» zen Lertxundiren erronka. Azkenean, hizkuntza gutxituetan idazteak dakarrenari buruz gogoetatzeko ariketa ekarri du Lertxundik. Atzo aurkeztu zuten proiektua, Donostian. Bi solasaldik osatuko dute egitaraua, abenduaren 12an eta 13an.19:00etan hasiko dira biak, Donostiako Aquariumean, eta Antton Valverderen zuzeneko musikak girotuko ditu. Sarrera librea izango dute saioek.

Egitasmoaren funtsa zera da: hizkuntza hegemonikoetanjarduten hiru idazle Donostiara ekarri, eta hizkuntza gutxituetan dihardutenen azalean jartzea, galbide arriskuan daudenmintzairetan idazteak zer mundu ikuskera dakarren, eta sormen prozesuan nola eragiten duen hausnartu dezaten. Javier Cercas, Marie Darrieussecq eta Raul Zelik dira proiekturako hautatutako hiru idazleak; gaztelaniazko, frantsesezko eta alemanezko autoreak dira, hurrenez hurren.

Egitasmoaren bitartez, euskal idazlearentzat ezaguna, baina hizkuntza nagusietako idazleentzat arrotza den egoera batean jarri nahi dituzte hiru autore gonbidatuak. «Interesatzen zaigu jakitea zer ikusiko lukeen hizkuntza hegemonikoan dabilen idazle batek, baldin eta hizkuntza txiki bateko idazlearen tokian jarriko balitz. Nola ikusiko luke bere lana eta bere presentzia munduaren aurrean eta globalizazioaren erdian? Nola ikusiko luke bere funtzioa, eta zer harreman du bere hizkuntzarekin?Zer da hizkuntza, idazteko tresna soila, edo bada ere zerbait bizia, galera sufritzen ari dena?».Erantzunak bilatu nahi dizkiote galdera zaparradari, eta horretarako baliatuko dituzte solasaldiak.

Kanpoko begirada lagungarri izan daitekeelakoan dago Lertxundi: «Mundu globalizatu horretan ez gaude bakarrik, eta agian badira arazo asko eta egoera asko elkartzen gaituztenak, desberdindu baino». Egoera partikular baterako ariketa partekatua izango da, beraz, Donostiako Aquariumak jasoko duena.

Idazleez gain, itzultzaileengan ere jarri dute arreta egitasmoaren antolatzaileek, eta azaldu du Lertxundik horren zergatia: «Berehala ohartu ginen, idazleak inportanteak izanik ere, itzultzaileek egiten dutela hizkuntzen arteko joan-etorria». Idazlearen arabera, «ia mamu baten gisan» jarduten dute itzultzaileek, «anonimoak» izaten dira irakurlearentzat, eta ikusezin suertatzen zaizkio askori. «Baina haiek gabe ez genuke posible izango hainbat eta hainbat obra ezagutzea eta gozatzea». Gorazarrea erabat osatze aldera, hiru itzultzaile ere gonbidatu dituzte topaketetara: Karlos Cid txekiarretik euskararako itzultzailea, Adan Kovacsic—idazle austriar eta hungariarrak gaztelaniara itzultzen dituena—, eta Miguel Saenz alemanetik gaztelerarako itzultzailea.

Bi saiotan banatuko dira sei gonbidatuak. Abenduaren 12an, Demagun denbora ez dugula lagun izenburupean, Javier Cercas eta Marie Darrieussecq idazleak eta Adan Kovacsicsitzultzailea ariko dira, Anjel Lertxundirekin batera. Hegemonikoak ez diren hizkuntzetako literaturen iraunkortasuna izango da eztabaidagai nagusia. Topaketen bigarren egunean, itzultzailearen figuran jarriko dute fokua; figura horren ikusezintasunarekin jokatuz jarri diote izenburua mintzaldiari: Demagun itzultzailea dela mamua / Ghost in Translation. Karlos Cid eta Miguel Saenz itzultzaileak eta Raul Zelik idazlea ariko dira, Lertxundirekin bat. Batzuek eta besteek utzitako gogoetekin liburua osatuko dute; 2017ko liburuaren nazioarteko egunerako —apirilaren 23rako— nahi dute argitaratu.

Gutxitua izatearen ajeak

Witold Gombrowicz idazle poloniarrak orain 60 urte Czeslaw Milosz herrikideari idatzitako gutunak jarri zuen Lertxundi egitasmorako ideiaren arrastoan. Gutun hartan, polonierak handik ehun urtera bizirik iraungo ote zuen, zalantza agertu zuen Gombrowiczek. Gaur egunera ekarri nahi izan du Lertxundik galdera bera, eta hortik egitasmoaren izenburua. Polonieratik harago, halere, hegemonikoak ez diren hizkuntza guztientzako planteatu du ariketa.

Azalean bizi izan du Lertxundik hizkuntza gutxitu batean idazteak dakarrena. Atzo, adibide gisara, euskararen estandarizazio prozesuaz mintzatu zen. 40 urtez, batasun prozesuarekiko «fidelak» izan behar izan dira euskal idazleak haren iritziz, eta «diziplina handiarekin» jokatu behar izan dute estandarizazioaren mesedetan. Eta horrek, antza, eraman du zerbait trukean: «Diziplina horrekin, neurri baten behintzat, sormen askatasuna sakrifikatu dugu». Euskal idazleek, gainera, kanpo hizkuntzetara jo behar izan dute behin eta berriro hainbat gauza irakurri ahal izateko. Eta horrek, dioenez, eragina du gerorako idazketan ere.

Gutxitu izatearen ajeak dira horiek guztiak, baina badira gehiago ere. Horietaz hausnartuko dute idazle gonbidatuek, bizi ez dituzten egoerak izanagatik. Eta interesgarria da hori Lertxundi laguntzen ibili den Harkaitz Canorentzat, «egoera deseroso bat» eragingo duelako haiengan.

Finean, hor datza egitasmoaren indarra, Donostia 2016ko Kultur programazioaren arduradun Xabi Payarentzat: «Enpatia sortzeko tresna ezin ederragoak» izango dira solasaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.